Tolosako Kondeko aldapan (Gipuzkoa), hortxe dago Inmakulada lanbide ikastola. Bertan, hamaika ziklo, formakuntza eta ikastaro ematen dituzte, horietako asko osasungintzarekin lotutakoak. Eskaintzen duten formakuntza gehiena mundu profesionalera bideratua dago, baina badira beste zenbait ikastaro aisialdian zerbait ikasten aritzeko. Tartean, joskintza ikastaroak, lehengo urtetik. Hain zuzen, joskintzako ikastaro horietan proiektu bana egin dute azken bi urteetan, «gizartean identifikatutako beharrak asetzeko asmoz», Inmakuladako Ana Monge zuzendariaren arabera. Aurten, bihotz formako kuxin terapeutikoak egin dituzte, bularreko minbiziaren ondorioak sufritzen dituzten emakumeentzat.
Inmakulada egoitzaren zutabeak zerrendatu ditu Mongek: «Ikasleen formakuntza da gure egitekoa, baina ez dugu edonola egiten: balio batzuk ditugu. Ekonomia zirkularra da gure zutabeetako bat». Horren adibide moduan azaldu du joskintzako eta osasungintzako gainerako zikloen arteko harremana: «Urtero bostehun ikasle bideratzen ditugu Donostia ospitalera eta beste zenbait tokitara, praktikaldia han egin dezaten. Jakina, han ezin dira edonola jantzi: uniforme bat behar dute. Eta urtero-urtero bostehun uniforme erosaraztea, jakinda soilik praktikaldiak iraungo duen hilabeteetarako balioko diela, ez zen zentzuzkoena; izugarrizko astakeria iruditzen zitzaigun. Beraz, bertako joskintzako ikasleak uniformeak egiten hasi ziren, eta horiek alokatzeko aukera eman diegu ospitalera praktikaldiak egitera doazen gainontzeko ikasleei». Uniforme bera erabiliko du hurrengo ikasturtean praktikaldiak egingo dituen beste ikasle batek, ekonomia zirkularraren zirkulua handituz. Zirkulua are gehiago handitu dutela ere aitortu du zuzendariak: «Ile apainketako eta estetikako ziklorako txabusinak ere joskintzako ikasleek ondu dituzte, eta horiek erabiliko dituzte datorren urteko ikasleek ere».
Mongek harro azaldu du sumatu duela ekonomia zirkularra praktikara eramateak aldaketak eragin dituela erabilpen mailan ere: «Ikasleek badakite uniformea txukun itzuliz gero hasieran entregatutako dirua itzuliko zaiela. Eta fidantza moduko hori izanda, gauzak beti gehiago zaintzen dira; hori da, behintzat, ikusi duguna». Aitortu du zaila izango dela bostehun uniforme egitea, baina helburua hori dela, eta bide horretan daudela.
Ekonomia zirkularrari begira, beste alderdi bat ere nabarmendu du: arropak egokitzearena: «Egia da bigarren eskuko merkatu asko egiten direla, eta horietako asko gazteek sustatutakoak direla; baina jendeak ez daki josten, eta horrek muga asko ezartzen ditu. Izan ere, zure neurrikoak ez diren arropa guztiak zure aukeretatik at daudela iruditzen zaizu, eta hori izugarrizko muga da. Bide horretan, barrena hartzen ikasten baduzu, edo joskintzako gutxieneko ezagutzak menperatzen badituzu, aukerak asko zabaltzen zaizkizu. Hori bultzatzea da gure helburuetako bat». Oinarrizko jakintza horiek, arropa berria erosteko aukerak handitzeaz gain, arropa zaharra berrerabiltzen ere laguntzen du: «Hemengo ikastaroetan gustuko arropak sortzen ikasiko dute, bai, baina baita lehengusu bati handia geratu zaion jantzia egokitzen ere. Eta hori are garrantzitsuagoa iruditzen zait».
Minak arintzeko
Ikastetxearen oinarrietako bat ekonomia zirkularra sustatzea da, baina baita auzoko beharrei erantzutea ere, zuzendariaren esanetan: «Diru laguntzak jasotzen ditugu, eta, trukean, gizartearen beharrei erantzutea dagokigu. Oraintxe osasungintzan dauden beharrak hein batean asetzea da gure lehentasuna». Eta ideia nondik nora sortu zen ere azaldu du: «Eskolan proiektu asko egiteko proposamenak jasotzen ditugu, eta batzuk egiten ditugu, baina hau izan daiteke guztietan bereziena. Ideia Maitek [Aranzabe] berak proposatu zidan, eta ezin izan nion ezetzik esan».
Joskintzako Maite Aranzabe irakasleak proiektuaren erabilera azaldu du: «Mastektomia eginda daukatenek zein egin gabe dutenek erabil ditzakete kuxinak. Funtzionamendua oso sinplea da: kuxina besazpian kokatu behar da, besoak bularrean eragin dezakeen presioaren min eta ezinegonak arintzeko. Izan ere, agian, ez zieten bularra kenduko, baina ziurrenik zabaldu egingo zieten. Ebakuntza horrek uzten dituen orbainen ingurua sentikorrago geratzen da, eta ezinegona eragin dezake».
«Sekulako lana egin dute ikasleek. Hasieran 70 kuxin egitekoak ginen, eta ia berrehun egin ditugu; eta nik gelditzeko esan diedalako!»
MAITE ARANZABEInmakulada lanbide ikastolako joskintzako irakaslea
Aranzabek kontatu du bularreko minbizia duen emakume bat duela inguruan, eta proiektuaren berri emateaz gain berak etxean egindako kuxin bat oparitu ziola. Ospitalera egindako hurrengo bisitaren ostean kontatu zion medikuaren gelan gisa horretako kuxinekin betetako poltsa handi bat zegoela, eta bat eskaini ziola: «Badira boluntario taldeak orain arte halako kuxinak egiten aritu direnak».
Irakasleak aitortu du hasieran ezarri zuten helburua gainditu egin dutela: «Sekulako lana egin dute ikasleek. Hasieran 70 kuxin egitekoak ginen, eta ia berrehun egin ditugu; eta gelditzeko esan diedalako!». Hori lortzeko, hirurogei ikasle bi astean buru-belarri aritu dira makinan lanean, bai eskolan dituztenekin, bai eta etxean dituztenekin ere: «Bakoitzak bere alea ipini du, ahal zuen modura. Batzuk etxean aritu dira eskolan moztutako patroiak josten edo kuxinen barrualdeak betetzen. Jendea asko inplikatu da». Horren adibide moduan aipatu du Tolosako Kilo tela dendaren ekarpena ere: «Proiektuaren berri eman nion, eta tela mordo bat oparitu zizkidan».

Inplikazio horren erakusle modura ipini dute biek kuxinak banatzeko egindako ekitaldia bera ere. Izan ere, eskolara bertaratu ziren kuxinak egiten aritu diren zenbait ikasle, eskolako zenbait langile, Izan Iñurriko ordezkari bat eta Donostia ospitaleko kide pare bat. Inor aretora sartu aurretik, ikasleek kuxinak paretaren alboan atondu zituzten, elkarren ondoan. Guztiak txukun-txukun jarrita zeudela iritsi zen orain arte Donostiako ospitaleko irakaskuntzako burua izan dena, Jabier Ortiz de Elgea. Halako proiektuen garrantzia azpimarratu zuen hark: «Pazienteei jarrera batzuk exijitzen dizkiegu, eta ez da bidezkoa. Horregatik dira garrantzitsuak honelako proiektuak, trukean ez dutelako ezer eskatzen».
Jarraian, Izan Iñurri elkartearen izenean, Goretti Armendarizek hartu zuen hitza. Hark ere proiektuak dakarren ekarpena nabarmendu zuen: «Bularreko minbizia dutenen sufrimendua arintzeko eta haien bizi kalitatea hobetzeko ekarpen handia dira kuxin hauek».
Txikitasunera egokituz
Aurtengoa, ordea, ez da halako zerbait egin duten lehendabiziko aldia. Izan ere, iaz beste proiektu bat gauzatu zuten, kasu horretan Donostiako ospitaleko neonatologiako unitatearentzat. Jaioberri goiztiarrak artatzeko sehasketan eta inkubagailuetan ipintzeko saskitxo batzuk egin zituzten.
Aranzabek aitortu du lan konplexuagoa zela saskitxoena: «Zinta batzuk gehitu genizkien, eta horrek lana zaildu zuen. Saskitxoekin alderatuta, kuxinak egitea oso-oso erraza da». Irakasleak azaldu du haurra saskitxoetan amaren sabelean egon den jarreran mantentzea lortzen dutela zinta horien bitartez.
Egunero-egunero erabiltzen dituzte, eta, edozein kutsatze mota saiheste aldera, egunero garbitzen dituzte tenperatura beroan. Horrek saskitxoen materialen kalitatea eta hasierako kolore biziak zertxobait galtzea eragin du, Aranzaberen hitzetan. Hain zuzen horregatik, gisa horretako saski gehiago egiteko eskaera jaso dute jadanik.