Lurrikara bat dira sanferminak Iruñearentzat, eta hiriko kaleen lur geruzetan ere igartzen da hori. Festaren datazio zehatza egin liteke Alde Zaharreko edozein karrikatan egunez egun metatzen diren sedimentuak aztertuta. Hemen neurketak: uztailaren 6ko euforia sumatzen da, adibidez, Jarauta kaleko geruzarik zaharrenetan. Itsaskorrenetan eta lurretik gertuen direnetan. Xanpaina eta gosaritako urdaiazpiko, arrautza eta xingar hondarrak. Lehen kapa hori da solidoena, eta likidoak dira nagusi haren gainekoetan. Jakina denez, hiru faseak pasatzen baititu gizakiak sanferminetan: solidoa, lehen egunetan; likidoa,guztietan; eta gaseosoa, bosgarren festa egunetik aurrera (Altuna, H., 2000).
Uztailaren 7ko geruza dator gero. Santo Domingoko aldapan, esaterako, korrikalarien urteko lehen izerdia, eta zezen izutuen ahoko aparra. 8koa, besteak baino sendoagoa festa egitera etorri den jendetzaren ondorioz. Eta 9koa dago, azkenik. Guztietan sendoena, eta, beraz, baita informaziorik gehien duena ere. Baita fosil gehien utzi duena ere —ikus argazkia—.
Ez dira horiek, ordea, ikerketa geologiko hauen ondorio deigarrienak. Iraultzailea da aurkikuntza: ibili dabilen hiria da Iruñea sanferminetan. Oinazpietan darama jendeak itsatsita, eta batetik bestera doa. Googlemapsek sekula irudikatu ahal izango ez duen modu batean ari da mugitzen. Bisitariek ematen duten urrats bakoitzean. Geokinesia deitzen diote adituek fenomeno horri (Oiz, J., 1991; Tubia, I., 1990).Zaildu egiten die horrek ikerketa sanferminologoei, noski, baina ezinbestekoa da azterketa parametro zientifikoekin egitea, eta mugimendu tektoniko horiek ere kontuan hartzekoak dira. Zehatz jokatuz, ezina da, adibidez, Estafeta kaleko geruzei buruz hitz egitea, korrikalariei buruz hitz egin gabe. Ezinezkoa da Nafarreriaz aritzea, bertako parrandazaleen urratsak aipatu gabe. Non zangoa, han hiria.
Jendearekin batera doan hiria
Ezegonkorra da Iruñea festetan. Errekarrien gisakoa: bidaiaria eta, batez ere, irristakorra. Goroldiorik gabea. Urduritu egiten ditu horrek kartografo ofizialak. Iruñearen kokapen geografiko zehatza nahi izaten baitute. Geruza geologikoen argazki ordenatua. Hiria sekula mugituko ez balitz bezala, fosilizatuta nahi dute. Baina sanferminologo orok badaki jendearekin batera doala hiria sanferminetan, eta erredukzionista dela Iruñeari festetan kokapen zehatz bat eman nahi izatea. Harresituta nahi dute pseudo-zientzialari horiek hiria. Baina, sakonean, haiek ere badakite egia: Iruñerrian beste dago Iruñea sanferminzaleen oinetako zabor geruzetan. Eta ederragoak al dira, bada, harriak (hiriak)harresian? Zientifikoagoak ez, behintzat, lurrikararen ondoren hasten baita ikerketa geologikoa. Eta hemen handia da ikara.
Sanferminologoa
Fosil bidezko festaren datazioa
Jendetza pasatzen da Iruñetik sanferminetan, eta haietako bakoitzak arrastoa uzten du hiriko geruza geologikoetan. Hiriak ere markatzen ditu haiek, ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu