Franck Dolosorrek (Donibane Lohizune, Lapurdi, 1977) berak sare sozialetan iragarri duenez, ez du ETBn jarraituko. Albisteak erreakzio andana eragin du, eta, kazetariaren txioaren erantzunetan ikus daitekeen moduan, askok txalotu dute haren ibilbidea, eta eskerrak eman dizkiote egindako lanagatik. Bihar bertan Urdin Euskal Herria Irratian hasiko da lanean Dolosor, Ipar Euskal Herriko irrati publikoan.
Agur ETB!
— Franck Dolosor (@FranckDolosor) September 4, 2021
22 urteko etapa zoragarria bukatu dut gaur.
Astelehenean, Urdin Euskal Herria Irratian hasiko naiz lanean, @Bleu_Basque Ipar Euskal Herriko irrati publikoan.
Milesker deneri!
Gora bihotzak... pic.twitter.com/fuHQqbozm3
Askorentzat, Ipar Euskal Herriko albisteei aurpegia jarri dien kazetaria da Dolosor; 22 urtez jardun du lan horretan ETBn. Gehienbat albistegietan eta Iparraldearen orena saioan jardun du, eta saio horretan azken aldiz ikusi ahalko da kazetari lapurtarra irailaren 13an. Dena den, larunbatero Radio Euskadiko La galeria saioan parte hartzen jarraituko duela esan du.
Hasieran aipatu bezala, sare sozialetan dozenaka erabiltzailek eman dizkiote eskerrak Dolosorri egindako lanagatik. Hedoi Etxarteren txioak laburbildu du askok albistea irakurtzean sentitu dutena: «Serio? Niretzat zu zara Iparraldeko telebista», erantzun dio.
Hainbatek azpimarratu dute Dolosorrek Iparraldeko albisteak Hegoaldeko publikoarengana gerturatzeko izan duen gaitasuna, eta hutsune hori betetzea zaila izango dela ere aipatu du batek edo bestek.
Kazetari izateaz gain, bere herria den Senpereri (Lapurdi) buruzko bi ikerketa liburu ere argitaratuak ditu Dolosorrek: Senperetik Senpererat, begirada bat XX. mendeari (Elkar, 2009), eta Matxin Irabola, Senpereko bertsularia (Elkarlanean, 2010).