Apeza eta euskaltzalea

Xipri Arbelbide: «Frantsesari ematen zaion minutu bakoitza euskarari kentzen zaio»

Haurtzaroa Heletan pasatu zuen Arbelbidek, eta Aljeriako gerlatik jinik apeztu zen. Boli Kostan egon zen misiolari gisa, eta, Euskal Herrira itzultzean, Gure Irratia sortu zuen. Euskarak arnasgune propioak behar dituela azpimarratu du.

 Xipri Arbelbide, Baionan, urriaren 21ean. PATXI BELTZAIZ
Xipri Arbelbide, Baionan, urriaren 21ean. PATXI BELTZAIZ
Xalbat Alzugaray
Baiona
2025eko urriaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baionako Port Neuf karrika itsuko apartamentu ttipi batean bizi da Xipri Arbelbide (Heleta, Nafarroa Beherea, 1934). Bulegoko lau paretak liburuz emokatuak ditu. Filosofia obrak badira tartean, Belgikan Filosofia ikasi zuen seinale, eta, ondoan, Frantzisko aita sainduaren eta fede katolikoaren gaineko hainbat liburu. Apal horietan, halere, ez dira bakarrik liburu espiritualak ageri, Niko Etxarten Has’dantza kasete franko bai baitira, eta irrati aparatu zahar batzuk ere bai. Nahas-mahas horretan, Afrikako zurezko irudi batzuk ikus daitezke, eta handik ekarri hainbat objektu ttipi. Bertzalde, bi pantaila handi ditu bulego gainean, eta haren aitzinean, berriz, bi besaulki, bata bertzearen parean, kazetariari predikua emateko prest dela adierazteko bezala.

Heletan sortu zinen, 1934an. Nola oroitzen duzu haur denbora, apeztu baino lehenagokoa?

Gure etxea laborari etxalde xumea zen. Haurtzaindegian sartu ninduen amak lehenik, serora etxean, gure etxetik berrehun metrora.

Ondotik, eskolara joan zinen?

Bai, 6 urterekin joan nintzen herriko eskola laikora. Neska guziak errientsarekin ziren, eta mutikoak, berriz, errientarekin; hala zen garai hartan. Zertifikata pasatzeko urtean bat edo bi presentatzen zituzten, eskolak %100eko erreusitzea ukan zezan emaitzetan. Ez zituzten ikasle anitz presentatzen azterketara, ez baitzuten sinesten haien irakasteko maneran.

10 urterekin joan zinen Tarnosera.

Misiolari bat pasatu zen Heletatik, eta Afrika aipatu zuen. Izena eman nuen, eta ondoko eskola sartzean joan nintzen Baudonne etxaldera. Baina amak frankotan erraten zidan: «Gelditu nahi baldin baduk, gelditu». Normalki, Uztaritzera joaten ziren apezgai gehienak, baina ni misiolarietan sartu nintzen, Tarnosen. Ondotik, Naonedera joan nintzen, eta gero filosofia ikasi nuen Belgikan, bi urtez. Seminario handia, hots, teologia zikloa, Lyonen egin nuen, lau urtez.

Lyonen ukan zenuen zerbitzu militarra egiteko deia.

Alemaniara joan ginen, eta gero, handik, Aljeriara. Oroitzen naiz 1956ko maiatzaren 3an Baionako geltokian 30 gazte ginela Alemaniara joaki. Hara arribaturik, armaren muntatzen, desmuntatzen eta horrekin tirokatzen ikasi nuen, baina, baxoa nuenez, daktilografia ikastera igorri ninduten.

Eta Alemaniatik Aljeriara joan zinen, beraz.

Hamalau hilabete egin nituen han koronel baten idazkari gisa. Pribilegiatua nintzen: baxoa nuelako eman zidaten idazkari postua; gaineratekoak frontera igortzen zituzten. Irratiez arduratzen zen pelotoian nintzen. Frontetik jin mezuak paper gainean idazten nizkion koronelari. Batzuetan gogorra zen, fronteko hil kopuruaren berri nuelako. Egun batez «dozena bat susmagarri hil dira» erran zidan irratian norbaitek: harrapatu guziak hil zituzten.

«Frontetik jin mezuak paper gainean idazten nizkion koronelari. Batzuetan gogorra zen, fronteko hil kopuruaren berri nuelako. Egun batez 'dozena bat susmagarri hil dira' erran zidan irratian norbaitek: harrapatu guziak hil zituzten»

Euskaldunak zuen artean saretu zineten han?

Euskaldunak nonbait diren ber beti saretzen dira. Errate baterako, sare hori atxikitzeko, Mixel Itzainak Eskual Herria aldizkaria sortu zuen. Osoki euskaraz argitaratzen zen hilabetekari bat zen. Kitorik genuen dena. Dena armadakoa zen: papera, daktilografoa eta tinbreak, aldizkaria ez zitzaigun deus ere kostatzen [irriz karkailaka]!

Halere, han zineten euskaldunen artean, batzuk gerlaren alde ere agertuko ziren.

Bazen denetarik, baina ni Aljeriako gerlaren kontra nintzen. Uste nuen koloniek beren independentzia behar zutela. Itsuskeriak bizi izan dituzte batzuek. Jutsiko lagun batek kontatzen zidan nola Aljeriatik jin ondoan ere egun guziz amesgaiztoak egiten zituela gerlaz; krudela zen.

Aljeriatik Lyonera joan zinen berriz, zerbitzu militarra finitu ondoan.

Ikasketak finitu nituen. Bi apezgai heletar ginen apeztu nahian, eta, lehen aldikotz, sorterrian ordenatu gintuzten apez. Bi ginen estakuruan, Heletan apeztuak izateko baimena galdegin genuen Erroman, eta erdietsi genuen, 26 urte nituelarik.

Apeztu ondoan, Boli Kostara joan zinen misiolari gisa. Ez zintuzten sekula kolonizatzaile gisa hartu?

Hango biztanleek gomitatu ninduten Boli Kostaren independentziaren 50. urteurrenarentzat, eta gibelean duzun makila oparitu zidaten [besoa luzatuz erakutsi du]. Orduan ez ninduten kolonizatzaile gisa hartu!

Han ikusi duzunez, beraz, ez zen kontraerranezkoa animista eta giristinoa izatea?

Etsenplu bat emanen dizut: ni meza ematen ari nintzelarik, herri hartako giristinoen buruzagia zena xuriz ikusi nuen pasatzen, familia guziarekin. Tano ibaia jainkotzat zuten, eta, beraz, egun hartan otoitzak egin zizkioten ibaiari, nahiz giristinoak izan! Giristinoak gutiengoan ziren, elkarteak muntatzen zituzten, eta gainerateko erlijio edo sineste gehienak animistak ziren. Burkina Fasotik jin peoiekin nuen harreman handiena egin.

«Ni meza ematen ari nintzelarik, herri hartako giristinoen buruzagia zena xuriz ikusi nuen pasatzen, familia guziarekin. Tano ibaia jainkotzat zuten, eta, beraz, egun hartan otoitzak egin zizkioten ibaiari, nahiz giristinoak izan!»

Meza ematen zenien?

Giristinoak zirenek buztinez eta lastoz eraikitzen zituzten kapera batzuetan ematen nien meza. Hamalau kapera ziren orotara, eta gehienetan batek edo bestek bazekien leitzen, eta katixima egile bihurtzen ziren. Baule hizkuntza ere franko ontsa ikasi nuen haiekin.

Boli Kostan egon ondoan, Euskal Herrira sartu zinen?

Ez. Lehenik, 1976an, Parisera joan nintzen, Denise Paulme irakaslearekin baule hizkuntzan ziren atsotitzen erranahiak ikertzeko eta liburu bat egiteko hortaz. Horrez gain, euskal etxera joan nintzen, eta Eusko Jaurlaritzako Iñaki Arraterekin euskara batua eta idatzia ikasi nituen.

Ondotik, Uharte Garazin izendatu zintuen apezpikuak.

Apez aritzeaz gain, gau eskola bat muntatu nuen apezetxean. Errate baterako, Antton Luku izan zen ene ikasleetarik bat. Euskaldun Gazteriako Garaziko taldea apezetxean biltzen zen. Orduan, erran daiteke ELBren sabela izan zela apezetxea!

«Parisko euskal etxera joan nintzen, eta Eusko Jaurlaritzako Iñaki Arraterekin euskara batua eta idatzia ikasi nituen»

Eta, berantago, Gure Irratia sortu zenuten.

Uharte Garazin nintzelarik, Maiorga kolegiora jin ziren Lizarrako ikasle batzuk, eta, apez etxea alimalekoa zenez, bertan lo egiten zuten. Lizarrara joan nintzen ateraldi baten karietara, eta hango ikastolako kide batzuek erran zidaten irrati bat egin zutela. Mahai bat, bi mikro eta magnetofonoa besterik ez zuten. Mila pezeta balio izan ziela erran zidaten.

Irrati bat sortzeko pentsaketetan hasi zinen berehala.

Gibelerateko bidean berean! Piarres Xarritonek erran zidan hirian egin behar genuela irratia eta ez barnealdean, Ipar Euskal Herriko biztanle gehienak hirian zirelako, funtsean. Eta, hala, Milafrangan instalatu genuen lehen estudioa.

Eta, barnealdean irratia entzun ahal izateko, Baigura kaskoan eman zenuten antena bat.

Kontrabandoan ari izan ginen hainbat urtez, baina erdietsi genuen baimena antena emateko. EDF argindar konpainiarekin gatazkak ukan genituen garai hartan, eta, bestalde, Ertzaintzak lagundu zigun antenaren istorio horretan.

Nolaz?

Ramon Labaien Eusko Jaurlaritzako Kultur sailburu ohiari galdegin genion laguntza Erramun Baxokek eta biek. Erran zigun Ertzaintzaren irrati kudeatzailearekin mintzatuko zela, eta horren ondorioz jin ziren Baigurako antenari hedagailu berria ematera. Bestalde, garai berean EDF konpainia auzitara eraman genuen, argindarra ez zigutelako eman nahi. 4.000 libera irabazi genituen auzi horretarik, eta Baigurako lanak sos horrekin pagatu. Beraz, ez zitzaigun deus kostatu Baigurako antena [irriak]!

Gure Irratia profesionalizatu ondoan, irratien federazioa sortu zen.

Berantago izan zen hori! Ni federazioaren kontra nintzen, batez ere Irulegiko Irratiak eta Xiberoko Botzak frantsesa sartzen zutelako. Frantsesez ari zen irrati anitz baziren gure inguruan; beraz, normala zen guk guhaurena euskara hutsean sor genezan. Euskarak behar zituen eta egun ere behar ditu bere leku propioak!

(ID_15440093) (Patxi Beltzaiz/EZEZAGUNA) 2025-10-21, Baiona. Xipri Arbelbide bere bulegoan
Xipri Arbelbide, Baionan, urriaren 21ean. PATXI BELTZAIZ
Erranen zenuke, beraz, ez direla arras euskarazko irratiak egun ere?

Irrati elebidunak dira! Frantsesari ematen zaion minutu bakoitza euskarari kentzen zaio. Euskara hutsezko irratiak behar ditugu, eta nik hastapen-hastapenetik argi nuen hori. Frantsesez mintzo zen jendearen erranak guk zeharka emititzen genituen, haien ahotsik eman gabe, adibidez. Bestalde, itzulpena ere tresna bat izan daiteke frantsesez diren ahotsak euskaraz emititzeko irratian.

Zer egin daiteke euskara eremu horietan egon dadin hemendik goiti ere?

Euskara guhaur ari gara hiltzen. Horrekin erran nahi dut euskaraz izan beharko liratekeen bilkuretan ere frantsesa sartzen dugula orain! Uste dut jende frantsesari itzulpena egiten ahal zaiola bilkuretan, euskarak bere arnasgunea galtzeko partez! Bestalde, Ipar Euskal Herrira heldu den jendea euskalduntzeko tresna azkar bat falta zaigu, heltzen den jendea, oro har, ez baita euskalduntzen.

«Euskara guhaur ari gara hiltzen. Horrekin erran nahi dut euskaraz izan beharko liratekeen bilkuretan ere frantsesa sartzen dugula orain! Uste dut jende frantsesari itzulpena egiten ahal zaiola bilkuretan, euskarak bere arnasgunea galtzeko partez!»

Bertzalde, Elizaren krisialdiaz ere idatzi zenuen Oilarra kukuruka liburuan.

Mendebaldean Eliza katolikoa krisialdi larrian da. Jendeak ez du gehiago lehen bezala sinesten, eta, oro har, herrialde aberatsetan ari da gibelka Eliza. Jendeak bere esperantza diruan eta aurrerapenetan emana du, eta horrekin itsutuak gara.

Baina Eliza katolikoaren bortizkeria kasuak ere plazaratu dira berriki, hala nola Betharramgoa eta Uztaritzekoa.

Bistan da. Elizak lanketa sakon bat behar du eraman horri buruz, eta neurriak hartu biktimei begira, dudarik gabe. Hala ere, nahiko nuke erran garai hartan ikasleak ikastetxe horietara igortzen zirela ezagunak zirelako bortitzak izateagatik. Domintxaineko kolegioa famatua zen horrengatik, adibidez. Oro har, hezkuntza arloan praktikatzen zen bortizkeria familian ere existitzen zen, eta ez zuen bakarrik Elizak gauzatzen. Sexu erasoak ere izan dira, eta biziki larria da gertatu dena: errudunak kanporatu behar dira eta zigortu behar dira, dudarik gabe. Praktikatzen zen bortizkeria fisikoa tabua bazen ikasleen artean, imajina ezazu sexu eraso bat ukaitea zer izanen zen!

Apezteko bidea, Aljeriako gerla, Gure Irratia eta Eliza katolikoaren krisialdiak. 92 urte bete dituzu aurten. Nola ikusten duzu geroa?

Gaizki. Gure gizarteko garapen eredu hau ez da bizigarria, eta gelditu behar da. Baina, tira, 92 urte ditut, osagarri onean naiz, eta ez zaitut oraino gomitatu ene ehorzketetara, ezta [irriak]?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.