Maria Jesus Fernandez de Landa. Gasteizko Adurtza pilota klubeko lehendakaria

«Frontoia beteta ikusteak asko pozten nau; eskertza moduko bat da»

Ia hamalau urte daramatza Fernandez de Landak Adurtza pilota klubeko lehendakari gisa. Lanean erretiroa hartuko duela eta, karguan ere erreleboa ematekoa garaia dela uste du.

JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS.
aitor biain
Gasteiz
2017ko abenduaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kopa eta txapelez beteta dago Gasteizko Adurtza frontoiko bulego txikia. Klubeko pilotari guztiak agertzen diren urteko egutegiak atontzen du gela, nola ez. Maria Jesus Fernandez de Landaren (Gasteiz, 1955) bigarren lanlekua izan da ia hamalau urtez txoko hori. Erretiroa hartzera doala eta, beste batzuei utzi nahi die orain tokia.

Nola iritsi zinen Adurtza pilota klubera?

Semeak jokatzen zuen han, Josuk, eta ia egunero aritzen nintzen hura hara eramaten eta handik ekartzen. 8 urte zituen orduan hark. Ordu asko ematen nituen haren entrenamenduak ikusten, frontoian zain. Klubeko kideek ikusten ninduten, eta, laguntza beharra zegoenez, zuzendaritzan sartzeko eskatu zidaten.

Halabeharrez hasi zinen orduan.

Bai, hala da. Gurasook inplikatu behar izaten dugu, sarri, halako kasuetan. Adurtza pilota kluba,gainera, oso txikia da, eta, garai hartan, beste guraso batzuen lan boluntarioarekin jarduten zuen. Laguntza beharra zegoela eta, animatu egin nintzen ni neu ere.

Zein zen zure egitekoa klubean hasiera hartan?

Idazkari lanetan hasi nintzen, lehendabizi. Antolakuntza kontuak izaten ziren, batez ere: gaztetxoen partiden egunak antolatu, gurasoei abisuak helarazi… kontu horiek eramaten nituen nik. Nolanahi ere, lagundu nezakeen edozertarako prest nintzen, eta hala egiten nuen. Urte batzuk geroago diruzain lanak ere egin nituen, hiruzpalau urte edo aritu nintzen jardun horretan. Garai hartan, ez zegoen gaur besteko burokraziarik, federazioaren esku baitzeuden frontoiak; egun,udalaren esku daude. Teknologiak ere aurrera egin du, eta eskerrak, ezingo genituzke hainbat kontu egin bestela. Erakundeek goizez egiten dute lan, eta baimena direla, agiriak, aseguruak, musika, publizitatea… edozer behar dugula goizetan egin behar izaten dugu, eta gu boluntarioak besterik ez gara. Zenbat ordu ematen ditugun gauetan mezuak idazten oraindik ere… Hasierako urte haietan ez zegoen halakorik!

2004an, baina, koska bat gora egin zenuen. Nola?

Esan bezala, klubean laguntza beharra zegoen, eta ni edozertarako prest nintzen. Idazkari eta diruzain lanak egin nituen, baina 2004an lehendakari izateko eskatu zidaten. Orduko lehendakaria postua utzi nahian zebilen, eta,beste inor ez zegoenez, niri proposatu zidaten zuzendaritzako kideek. Gurasoen afari batean egin zidaten proposamena.

Zaila egin zitzaizun kargua onartzea?

Hasiera batean, bai. Harriduraz hartu nuen proposamena, egia esan. Nik ez nuen ideiarik ere nola egiten ziren gauza asko eta asko. Baina lagunduko zidatela esan zidaten, eta konbentzitu ninduten: «Egon zaitez lasai, batez ere burokrazia kontuak izango dira eta», esan zidaten; eta igerilekura salto egin nuen, asko pentsatu gabe. Orduz geroztik jarraitzen dut lehendakari. Klub txikia denez, denetik egiten dut.

Nolakoak izan ziren lehendakari kargua hartu zenueneko lehen urteak?

Oroitzapen onak ditut, egia esan. Frontoian ordu asko ematen nituen, gaur egun baino gehiago; nire presentziaren behar handiagoa baitzegoen hasierako garai hartan. Gaztetxoei txapelketetara laguntzea gustatzen zitzaidan, gainera. Entrenamenduetan ere sarri egoten nintzen, zerbaiten beharra bazuten edo jakiteko. Bulegoko kontuei dagokionez, oso errazak izan ziren. Esan bezala, laguntza asko izan nuen inguruan, eta asko erraztu zidaten nire egitekoa. Klubak antolatzen zituen txapelketetan; hori bai, egunero egoten nintzen frontoian, ia egun guztia han sartuta. Baina gustura!

Pilota gizonezkoen kirola izanda, zailtasunik izan duzu zure karguan jarduteko?

Ez nuke esango. Besoak zabalik hartu ninduten lehen egunetik, eta harreman bikaina izan dut gainontzeko kideekin eta kirolariekin ere. Ez naiz inguruan bakarra izan, gainera. Lapuebla de Labarcan ere izan zen denbora tarte labur batez beste emakume bat klubeko lehendakari, eta hark ere lagundu zidan. Bergarako Reyes Azkoitia ere eredu izan da niretzat urte askotan. Txapelketetan topo egin izan dugu. Bakarra ez naizela jabetzeak lagundu dit modu batera edo bestera. Zorionez, gero eta gehiago gara emakumeak pilotaren munduan. Gainontzeko gurasoek ere beti babestu izan naute, eta, hori oinarrizkoa dela badirudi ere, asko eskertzen dut.

Ingurukoek nola hartu zuten albistea?

Ongi hartu zuten bai senarrak eta bai semeak; normal-normal, egia esan. Etxean pilotazaleak izan gara beti, gainera. Beste eginbehar bat gehiago izan zen! [barrezka hasi da]. Bai, bai, ongi hartu zuten. Hala ere, senarrak izan zuen kezka bat edo beste hasiera hartan. Izan ere, mendizaleak ere bagara, eta horretarako denborarik izango ez genuela uste zuen hark. Gorbeian ezkondutakoak gara, pentsa! Eta, hala izan da: pilotari eskaini dizkiot ia asteburu guztiak azken urteetan, eta mendira joateri utzi diot horren ondorioz. Dena den, izango dut gero horretarako tarterik ere, ez nau horrenbeste kezkatzen.

Denbora asko eskatzen dizu karguak, orduan.

Bai, dezente. Hasierako urteetan gutxiago beharbada; klubak berak ere egitura txikiagoa baitzuen. Baina urteekin hazi egin da kluba, eta gure egitekoak ere bai, modu berean. Nire eguneroko lanarekin uztartu behar izaten dut klubeko jarduna, eta izan dudan denbora libre apurra honi eskaini behar izaten diot. Esan bezala, mendizaletasuna ere albo batera utzi behar izan dut. Dena ezin da!

Azken urteetan, kluba asko hazi dela aipatu duzu. Zer esan nahidu horrek zuretzat?

Poza ematen dit, noski. Baina guztion lanari esker hazi da, eta esango nuke, batez ere, haurren irakaskuntzaz arduratzen direnei esker izan dela. Tartean, Josu semeari eta Migeltxori esker; baita federazioaren eskola kiroleko arduradunei esker ere. Sekulako lana egin dute urte hauetan. Orain, esaterako, ez dakit zenbat haur egon daitezkeen talde bakoitzean. Badakit, ordea, kategoria guztietako pilotariak ditugula, baina nortzuk diren ez nuke esaten jakingo. Hasierako urteetan, berriz, guztien izen-abizenak nekizkien. Gaur egun, eskuz eta palaz jokatzen duten haurrak ditugu, mutil eta neskak, 70 bat izango dira guztira. Kargua hartu nuenean, hamar edo hamabost baino ez ziren. Ilusio handia dagoela sumatzen dut, eta etorkizun oparoa dugula uste dut. Bi entrenatzaile ere hartu behar izan ditugu. Jarduera Fisikoaren eta kirolaren zientzietako ikasleak dira. Praktikak egiten dihardute gurekin.

Erretiroa hartuko duzu aurki. Klubeko jardunarekin jarraituko duzu ala ez?

Egia esan, nekatuta nago, eta erretiroa hartzearekin batera klubeko kargua utzi nahiko nuke. Urte asko egin ditut, eta lagundu nezakeenetan lagundu dut. Erreleboa emateko garaia da. Duela bi urte uztekotan izan nintzen, baina semeak jarraitzeko eskatu zidan. Oraingoz, hemen nago, lan asko dago egiteko eta. Baina aldatzeko garaia dela uste dut, gazteak sartu daitezela.

Pilotarako zaletasuna betidanik izan duzu?

Gure etxean, pilota oso gustuko kirola izan da beti. Aitak oso gustuko zuen, eta nik ere jarraitu izan dut. Senarra ere zalea da, eta eskuz jokatu izan du, baita palan ere. Nik neuk ez dut inoiz pilotan jokatu, tenisean zerbait bai, baina pilotan ez. Hala ere, partidak sarritan ikusi ditut. Gasteizen antolatu zen 1986ko Munduko Pilota txapelketan ere partida asko ikusi nituen. Ordu hartan, haurdun nintzen, gainera. Semeari sarri esaten diot: «Pilotaria atera behar zenuen, halabeharrez!». Orain,erretiroa hartuko dudala eta, ni ere jokatzen hasiko naiz beharbada. Badago amez osatutako talde bat, eta haiekin hasi beharko dut! [algaraka].

Halabeharrez hasitakoa, zaletasun bilakatu da orain, orduan.

Bai, oso gustura egin dut lana. Pilotazale handia bilakatu naiz orain. Gaztetxoak jokatzen ikustea, gainera, oso gogoko dut, ilusioa kutsatzen didate. Pilotari buruz gehiago dakit orain, hori ere hala da.

Munduko txapelketako zein oroitzapen dituzu?

Oso oroitzapen ederrak ditut. Pilota modalitate asko bertatik bertara ikusteko aukera izan bainuen lehen aldiz. Ordura arte telebistan ikusten genituen partida gehienak edo ia denak. Sekulako jendetza izan zen Gasteizen, frontoiak beteta izan ziren. Esango nuke txapelketa hari esker pilotarekiko zaletasuna zertxobait handitu zitzaidala.

Atzera begira jarrita, eta kargua utzi aurretik, baduzu beti gogoratuko duzun unerik?

Ez nuke une bat esaten jakingo. Baina izugarri pozten nau frontoia beteta ikusteak. Are gehiago, harmailak gaztetxoz lepo daudela ikusteak asko betetzen nau. Kirol gutxitua da pilota hemen, baina apurka-apurka hazten ari da. Egindako lanak emaitza baduela ikustea oso ederra da, eta eskertza moduko bat ere bada.

Pilota sustatzez gain, euskararen erabilera bultzatzea ere klubaren helburuetako bat da. Ikastera animatu zara?

Zerbait badakit euskaraz, baina ez askorik. Nire anai-arrebek hitz egiten dute, baina nik ez dut horretarako aukera askorik izan. Nire semeak ere hitz egiten du. Nik, berriz, alemana ikasi behar izan dut laneko kontuengatik, hori bai. Orain denbora gehiago izango dudala eta, animatuko naiz beharbada euskara ikastera. Klubean entrenamendu guztiak euskaraz egiten ditugu, eta zuzendaritzako kide gehienek ere euskara badakite. Hizkuntzaren alde gure aletxoa jarri besterik ez dugu egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.