Panem et circenses. Erromako agintarien gisan, XIX. mendeko Bizkaiko meatzeen jabeek ere aisialdia hobetzeko indarra egin zuten, beren langileekin zituzten gatazkei aurre egiteko. Hala, Abantoko Gallarta auzoan munduko frontoirik handienetariko bat eraiki zuten 1889an, 64 metro luze zena. Juan Cruz Hocesek (Abanto, 1978) film dokumental bat egin du Gallartako pilotaren historia bilduz. Haren esanetan, «herritarren bizimodu sozialaren erdigune» bihurtu zen frontoi hura.
Zergatik erabaki zenuen 1960ko hamarkadan eraitsi zuten frontoi baten inguruan ikertzea?
2024an 50 urte bete zituen Gallartako Pilotazale elkarteak; aldi berean, antzinako frontoia eraiki zutenetik 135 urte bete ziren. Ni historiarekin maitemindurik nago, bereziki Gallartakoarekin. Hortaz, bi urteurrenak batu eta proiektua egiteko aukera ikusi nuen. Horrelako proiektuek beti dute arazo bera: finantzaketa. Oraingo honetan, udalak eta pilota elkarteak jarri dute dirua.
Zerbait jasoa nuen aurretik, zeren urteak baitaramatzat Gallartaren inguruko materiala biltzen: argazkiak, artikuluak eta jende adindunari egindako elkarrizketak, besteak beste. Banekien ikerketa egin beharko nuela, baina azkenean uste baino lan gehiago egin behar izan dut.
XIX. mendean, 64 metroko frontoia zegoen Gallartan: tamaina hori ez zen oso ohikoa. Nolatan eraiki zuten frontoi hori?
Hor dago koska. Zergatik erabaki zuten munduko frontoi handienetariko bat Gallartan eraikitzea? Biztanle gehienak pobreak ziren, meatzariak. Lan baldintzak oso kaskarrak ziren. Gainera, Espainiatik etorritakoak ziren gehienak, eta, hilabete batzuk hemen eman ostean, ospa egiten zuten. Baina XIX. mendearen bukaeran aurreneko grebak hasi ziren, sozialismoaren lehen urratsak izan ziren. Tentsio handia zegoen.
Langile haietaz gain, jende aberatsa ere bizi zen Gallartan: meatzeen jabeak. Eta tentsio hori apaltzeko egin zuten frontoia. Gallartak ez zuen harreman esturik pilotarekin; langile borrokak sortutako tentsio hori baretzeko irtenbidea izan zen. Izan ere, garai hartan futbola ez zegoen hedaturik oraindik, eta irratirik eta telebistarik ez zegoen. Hortaz, aisialdirako aukera bakarrak zezenak eta pilota ziren.
«Pilotan ibiltzeko eraiki zuten, baina gauza gehiagotarako erabili zuten. Ikuskizunik handienak frontoian egiten ziren»
Frontoiak zer rol jokatu zuen herriko bizimodu sozialean?
Herri guztietan gertatu legez, garrantzi handia izan zuen Gallartan. Pilotan ibiltzeko eraiki zuten, baina gauza gehiagotarako erabili zuten. Ikuskizunik handienak frontoian egiten ziren. Topagune moduko bat bihurtu zen: bertan egiten ziren mitinak, antzerkiak, sokamuturra, dantzaldiak eta abar. Herrian erreferentziazko leku bat zen.
Beraz, frontoia eraisteak zer eragin zuen herrian? Egia da Gallartaren kasuan ez dela erraza esaten, herri osoa eraitsi baitzuten.
Herri osoa bota zuten. Frontoia herrian gertatutakoaren isla da. 1950eko hamarkadan hasi ziren, goiko auzoekin, eta 1960koan amaitu. Frontoian azken partida 1964an jokatu zen. Baina gallartarrentzat ez zen garrantzitsuena izan, etxeak ere eraitsi baitzizkieten. Pilotaren ikuspegitik, hala ere, eragina izan zuen, noski: pilota Gallartatik desagertu zen, erabat. Hamar urte inguru egon ginen hemen jokatu ezinik, eta profesional bidean zeuden horiek ezin izan zuten beren ibilbidea amaitu.
Emakume pilotariek ere lekua izan dute dokumentalean. Baina 64 metroko frontoi hartan lekurik izan zuten?
Saiatu naiz dokumentalean haien historia ere erakusten, baina nahi baino gutxiago agertzen dira. Ez dago materialik, nahiz eta munduko lehen kirolari profesionalak izan eta frontoiak bete: Madrilen eta Bartzelonan, erraketistek kristoren arrakasta zuten. Garai hartako gizarte matxistak ez zituen begi onez ikusten; batez ere [1936ko] gerraren ostean, etxera mugatu baitzituzten. Ez zituzten lizentziak berritu; hortaz, jokatzen ari zirenek jarraitzeko aukera izan zuten, baina horien ostean ezin ziren gehiago batu: emakumerik gabe geratu ziren frontoiak.
Horren aurretik ere eragozpen asko izan zituzten. Hain zeuden mugaturik, non jokatzeko ez baitzuten beren abizena erabiltzen, izena baizik. Ez ziren Bengoetxea, Lupita ziren. Familientzat lotsagarria zen besteek ikustea beren emaztea, alaba edota arreba pilotan ari zela. Horiek horrela, asko kostatu zait informazioa lortzea.
«Emakumeak hain zeuden mugaturik, non jokatzeko ez baitzuten beren abizena erabiltzen, izena baizik»
Dokumentalak lagundu du Gallartako pilotaren historian sakontzeko eta berreskuratzeko?
Oraindik ez dugu guztiz zabaldu. Bi emanaldi egin ditugu soilik, eta hirurehun pertsona inguruk ikusi dute. Gure helburua da gehiago hedatzea; ondo legoke frontoian emanaldi bat egitea.
Baina nire helburua historia hori berreskuratzea zen, bai. Herritarrek Txikito de Gallarta ezagutzea, adibidez. Gallartako frontoiak izen hori du, eta herritar askok ez zekiten nondik zetorren.
LOTSABAKO
Pilotari bat?
Arsenio Merodio Orivan, Txikito de Gallarta.
Frontoi bat?
Nahiz eta ez nuen ezagutu, Gallarta zaharreko frontoia.
Pilota ulertzeko leku bat?
Bilboko Club Deportivo, palan erreferente izan baitzen.