Fruitu lehorren aldeko apustua

Eskariari erantzuteko adinako eskaintzarik ez dagoela eta, fruitu lehorren nekazaritzari ekin diote laborari batzuek, hala nola Araban eta Nafarroan. Batik bat intxaurrondoak eta almendrondoak dituzte landatuak, eta helburuetako bat da bertakoa den kontsumitzailearengana zuzenean heltzea.

ALMENDRONDOAK. Javier Guillen nekazaritza ingeniariak Carcar (Nafarroa) inguruan ditu. JAGOBA MANTEROLA / @FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2022ko martxoaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez da ohikoena fruitu lehorren nekazaritza paisaia euskal lurretan, baina, pixkanaka, indarra hartzen ari da oskola duten fruitu arbolen ekoizpena, batik bat Araba eta Nafarroa hegoaldean. Izan ere, gero eta gehiago kontsumitzen dira halako elikagaiak, baina ez dago eskariari erantzun bat emateko adinako eskaintzarik bertatik eta bertara. Horregatik, fruitu lehorren aldeko apustua egin dute nekazari batzuek.

Javier Torrek, Gregorio anaiarekin batera, hiru hektarea eta erdi bete zituen intxaurrondoekin Armiñonen (Araba). Bestelako laborantza ereduen azterketa bat egiten zebiltzan, eta horren alde egin zuten: «Zerbait desberdina zen, leku hauetan normalean egoten ez dena». Halere, ez ziren ezerezetik hasi, aurretik zeozer landua bazegoelako: Neiker ikerketa zentroa fruitu lehorren inguruko ikerketa batekin zebilen, eta horretara batu ziren bi anaiak.

Zentroa orain bost urte hasi zen ikerketekin. «Berrogei urteko datu agroklimatikoen azterketa bat egin zen, Euskal Autonomia Erkidegoan fruitu arbolen laborantza ekoizpen profesional gisa lantzeko potentzialik bat ote zegoen ikusteko», azaldu du Amaia Ortiz Neiker-eko Landa Ekoizpen eta Babeserako Saileko arduradunak. Izan ere, ordurako ohartuak ziren hiru lurralde horietan kontsumitzen den fruitu lehorren %20 baino ez dela bertakoa, eta eskaria %5 handitzen dela urtero.

Ikerketan, oskoldun fruitu arbolak landatzeko lekurik egokienetako bat zehaztu zuten: hegoaldeko harana, Araban. Horrela, intxaurrondoak ez ezik, almendrondoak eta hurrondoak ere landatu zituzten, Zanbranako (Araba) etxalde batean, eta, aldi berean, interesa zuten laborariekin jardun dute elkarlanean.

Fruitu arbola horiek, beraz, Araban daude landatuta, baina Ortizek jakinarazi du Bizkaiko eta Gipuzkoako eremu batzuetan ere landatu daitezkeela, baldintza batzuk bete behar diren arren.

Bete beharreko baldintzak

Neiker-eko kidearen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako «ia edozein eremutan» landatu daitezke intxaurrondoak, baina leku batzuetan ez omen dira aski betetzen baldintzak, eta, ondorioz, ekoizpenean galera handiagoa egon daiteke: «Espezie edo labore bakoitzak bere espezifikazio agronomikoak ditu; intxaurrondoetan, aintzat hartu behar dira lurzoruaren sakontasuna eta Ph-a, baina batez ere uraren eskuragarritasuna; ez egiten duen euri kopurua, baizik eta sasoiko garai kritikoetan erabil dezakezun ur kopurua». Horrez gain, zehaztu du neguko hotz orduak ere inportanteak direla fruitu arbola horien hazkuntzarako, nahiz eta eremu batean sailez sail aztertu beharko litzatekeen egoera. Hala ezean, arazoak sor daitezke; adibidez, onddoak.

Eta hori guztia ondo baino hobeto daki Torrek, oraindik laburra bada ere horretan esperientzia izan baitu. Bat egin du Ortizek esandakoarekin, eta ureztatze sisteman jarri du arreta. Jakinarazi du era ezberdinetakoak daudela, hala nola airean edo lurrean iltzatutako ihinztatzaileak, eta azaletik doazenak, tantakako ureztapena erabiliz. «Nik tantakakoa darabilt, baina lurpetik: modu horretan, beste zeregin batzuk egiteko, mangek ez dute trabarik egiten, eta, gainera, lurpean egonda, emandako ura zoruan gelditzen da, lurrundu gabe». Uste du horrek modua ematen duela ura aurrezteko, eta, gainera, landareak azkarrago jasotzen duela. Tratamenduak egiteko ere, baliagarriagoa ei da, botika zuzenean doalako sustraira.

Kasu honetan, nekazariak azaldu du bi intxaurrondo motarekin dabiltzala esperimentazio horiek egiten: «Chandler amerikarra da, kaliforniarra, eta, Fernette, frantsesa». Zanbranako etxaldean ere bi horiekin dabiltza lanean, beste kaliforniar batekin batera, eta horren zergatia izan du gogoan Ortizek: «Kontsumitzaileak mami handiko intxaurra du gogoko, oskol fina duena jateko orduan, errazago kentzekoa; kaliforniarrak betetzen ditu baldintza horiek, eta egun supermerkatuan aurkitu ditzakegunak dira». Hala ere, oraindik ez dute erantzun argirik jaso, zuhaitzak gazteak direlako, eta ez dutelako fruitu askorik eman.

Nekazaritza mota hori egitera animatuz gero, ordea, Neikerreko kideak argitu du laguntzak ere badaudela. Haren arabera, ez da gauza bera garia ereitea edo fruitu arbola bat landatzea, hala nola «garestiagoa» delako, baina Eusko Jaurlaritzak eta hiru diputazioek badituzte laguntzak horretarako. Gainera, zehaztu du egungo eskariari erantzun bat emateko, laurehun hektarea beharko liratekeela, eta, gaur egun, berrehun inguru daudela.

Nafarroan, almendrak

Batik bat intxaurrondoekin dabiltza lanean, beraz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, almendrondoak eta hurrondoak gerora landatu arren. Ortizek eta Torrek uste dute espezie bakoitzarekin lan egiteko erak aurkitu behar direla, eta klimatikoki zona bakoitzera egokitzen diren barietateen alde egin beharra dagoela. Bada, Nafarroako kasuan, esaterako, almendrak dira egokienak. Era ekologikoan ekoizteko proiektu batekin dabiltza orain lanean.

Hogei urtez atzerrian egon ostean, familiakoa den nekazaritza ustiategia hartu zuen Javier Guillen nekazaritza ingeniariak Carcar (Nafarroa) inguruan. Eremu horretan betidanik egon ei dira lehorreko almendrak, eta, bide berriak bilatze aldera, ekologikoan ekoiztearen alde egin zuen. Kiko Fernandez nekazaria ezagutu zuen, eta elkarrekin aritu ziren sektorea egituratu nahian; ekoizpenaren katea osatu nahi zuten, bezeroarengana zuzenean iristeko. Azkenean, INTIA Nekazaritza Elikagaien Teknologia eta Azpiegituren Nafarroako Institutuarekin eta NNPEK Nafarroako Nekazari Produkzio Ekologikoaren kontseiluarekin egin zuten topo; orain, sektorea egituratu nahi dute oskolak kentzeko makina bat ardatz hartuta.

Esther Sotil ekoizpen ekologikoaren arduraduna da INTIA institutuan, eta proiektuaren berri eman du: «Behin almendrak jasota, oskolak kendu behar dira, baina Nafarroan ez dago horretarako aukerarik, ez ekoizpen konbentzionalean, ez ekologikoan; ondorioz, ekoizleek beraien almendra saltzen dute, ezin dira zuzeneko salmentan aritu». Proiektuarekin, beraz, asmo dute sektorean aritzen direnak batzea, eta nolabaiteko «modelo kolektibo bat» finkatzea.

Bada, prozesuan beste nekazari batzuk batu zitzaizkien bi aitzindariei, eta ordutik almendra ekologikoaren ekoizle txikien elkarte baten bueltan ari dira lanean.

Guillenen arabera, largueta eta marcona dira haiek lantzen dituzten barietateak, eta, horretarako, utzita dauden eremuak ari dira lehengoratzen eta ekologiko bilakatzen, lursail txikietan; esate baterako, Lizarrerrian. Gainera, uste dute hori erdiesteko eremu egokian daudela: «Hemengo klimarengatik, almendrek berezitasunak dituzte kalitate aldetik, batez ere gantz azidoetan eta olioetan. Ezaugarri bereziak dituzte zaporeari, usainari eta testurari dagokienez», azaldu du Guillenek. Hala ere, aitortu du ekoizpen ekologikoa eginda, funtsezkoa izaten dela zoruen kalitateari begiratzea ere: «Oinarrizkoa da, asko eta asko gaizki tratatu direlako; lurzorua begiratu behar da, hori delako landareen jantokia».

Sotillek eta Guillenek jakinarazi dute posible litzatekeela, almendrondoekin ez ezik, hurrondoekin ere zerbait egitea, baina ez dutela ezer zehatzik buruan. Beraz, bien bitartean, orain bezala egingo dute aurrera, nekazariaren hitzetan. «Gure asmoa ez da ekoizpena haztea, baizik eta gertukoa den ekoizpen ekologiko berri bat lortzea, zero kilometrokoa den publikoarekin, bertakoarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.