Garaian, artistarik preziatuena izan omen zinen, inoizko funanbulistaren trebeena…
«Artistarik preziatuena… inoizko funanbulistarik trebeena...». Aise da erraten! Bazenekite nire historia! Dakizunez —edo, bertzenaz, erran dezadan—, lau seme-alabetan hirugarrena izan nintzen. Aita nuen Benantzio Etxarren Jimenez, iruinxemea. Ama, berriz, Manuela Aranguren Elizalde, Ezkirozkoa, baina hamar urte zituenetik Iruñean bizi zena. Aitaren aldeko aitatxi-amatxiak ziren Frantzisko eta Joakina, Egillorrekoa lehena, Iruñekoa bigarrena. Amaren aldekoak izan nituen Jose eta Gregoria, bata Ezkirozkoa, Zizur Txikikoa bertzea.
Horietan inork ez du Remigia izenik. Nondik heldu zitzaizun zeurea?
Remigia gabe, Leona Remigia nauzue. Leona, santuen izendegian huraxe ageri zelakoz, nonbait, Leon Handia aita santuagatik. Elizaren historiako aita santurik inportanteena duzu. Atila ere ezagutu zuen hark! Nire bertze izena, bizian ibili nuena, Remigia, amapontekoarena nuen: Remigia Artaxo. Artzibarreko Uritzen sortua zen, baina Iruñean bizi zena. Haatik, jaiotza-agirian makur paratu zuten nire izena, «Leona Benigna» idatzi baitzuten.
Hamaika ikusteko jaioak, behin eta berriz eta aunitzetan!
Beharrik, bizian inoiz inork ez zidan jaiotza-agiririk eskatu. Honenbertzez, bertze makur bat —ttikiago, nahi baduzu—, zuzendu beharko nuke, etxeko hirugarrena izanik ere, bigarrena izan nintzelakotz, nire aitzin sortua, Joakina, ez baitzen zazpi egun ere bizi. Ahizpa nagusiak izena zuen Hermenegilda Gregoria, eta anaia ttikiak, berriz, Frantzisko Migel. Horra gure familia! Apirilaren 11n, gaueko bederatzietan etorri nintzen mundura, eta bataiatua nintzen hurrengo goizean Joan Bataiatzailearen parrokian. Batzuek, oraingo egunean, Jesus eta Maria ere erraten diote delako parrokiari. Erromesen aterpea duzu orain. Hara, Nabarreriakoa nauzue!

Eman diguzu familiaren berri. Bertzerik?
Bertzerik, orain eta beti, heriotza! Aita aski sasoi onean hil baitzitzaigun, Iruñetik landa zebilela, nola eta zertan batere ez dakidala. Orduan, ama bigarrenez esposatu zen, Manuel Zabaltza Goldarazenarekin. Aitaordea izan zen ama baino hamar urte gazteagoa, Artikakoa, Iruñean bizi zena hura ere. Pellejerias karrikan bizi izandu ginen [oraingo eguneko Jarauta karrika, 12, 4.a] Hantxe ikasi nizun maroman ibiltzen.
Baina nola ikasi zenuen, ordea? 1883an Arga ibaia gurutzatu zenuen «Las cadenas» erraten zioten parajean.
Garaian, Arga inguruan hainbat zubi, presa eta pasabide zeuden. Magdalena, Aranzadi, San Pedro zubia, nahi bertze uharka han eta hemen… Jendeak maite zuen bere burua erakustea, ur gainean paratu eta ibaia zeharkatzea. Gisa horretan ikasi nuen nik ere, jendeari begira. Ez nintzen bakarra, nahiz egia den nik abilidade halako bat nuela sokan ibiltzeko garaian.
Ez alferrik erraten dute oraindik, berez behar duela Bilabonakoa.
Zer erran nahi duzu? Berez behar du Bilabonakoa?
Kasurik ez, Remigia. Barkatu. Eta zer dela-eta hartu zenuen Mademoiselle Agustini ezizena?
Ez bainuen ezizena, izen artistikoa bertzerik! Ez dut azalpenik, ez zuzen ez egiazkorik. Haatik, garaian ohikoa zen frantses koloreko izen artistikoak hartzea. Ikuskizuna paratzen zutenek, bistan dena, funanbulista eta akrobata profesionalak ginela erakutsi nahi zuten, eta exotismoz ere jantzi nahi gintuzten ahal zen publiko gehiena erakartzeko. Betikoa, bertakoak izateak ez zuen balio; orain ere ez du balio, erranen nuke. Kanpoederra, etxean gerra! Ordurako, bertzalde, Maria Spelterini aski famatua zen. Hura La Signorina Spelterini bazen, zertan ezin ninteke ni izan Mademoiselle Agustini. Izen artistikoak!
«Jendeari begira ikasi nuen, nahiz egia den nik abilidade halako bat nuela sokan ibiltzeko garaian»
Nor zen erran delako Maria Spelterini hori?
Hara, bertzea, dena jakin ustezko deus ezjakina! 1876an Niagarako ur-jauziak kable baten gainean gurutzatu zituen emakumea! Funanbulista zen, akrobata eta zirkuko artista. Bertzerik ere badakit Spelterini hartaz… Ez zen italiarra, Berlinen sortua baitzen. Inondik ere, gurasoek Livornoko familia italiar bati adopzioan eman, eta haiek jarri zioten Maria Spelterini izena. Aitaordeak zirkua zuen, eta hantxe trebatu zen Maria, hiru urte zituenetik. Nik ez nuen halako zoririk izan, baina hura bezain funanbulista izan nintzen, erraten ahal bada! Hura Niagara gurutzatzen, eta ni Arga!
Beude bere horretan bateko Arga eta bertzeko Niagara. 1882ko uztailean Iruñeko zezen-plazan aktuatu zenuen Lau-buru Iruñeko egunkariaren kronikak dioenez.
Bai. Berez, bortz egunetan egin nuen emanaldia, hilaren 12, 16, 23, 25 eta 30ean. Ez nintzen bakarrik ari, hala ere, Teresy y Velazquez akrobata-konpainiarekin parte hartu bainuen. Akrobata eta gimnasta ziren, eta ni, berriz, funanbulista. Haga finkoa hartu eta soka gainean ibili nintzen. Emanaldia iragartzeko afixetan «parerik gabeko funanbulista»-tzat aurkeztu ninduten eta oroitzen naiz paperetan ezarri zutela sarrerak bi erreal beltz balio zuela. Hurrena kronikak idatzi zituztenean, batean konpainiako mutiko baten lana azpimarratu zuten lehenik —arrazoi osoz, merezimendu merezituz—, eskuzapi bustia baino bihurriago bihurritzen baitzen gimnasta hura!
Eta dena delako kronikak miragarria zeritzan gimnasta haren lanari, baina are miragarriago zeritzan zeureari, Remigia.
Bai, egia da. Kronista hark erraten zuen konpainian bazela mademoiselle bat, deusetan ez frantsesa, Iruñean sortua baizik, eta nire deitura ere ezarri zuen paperean: Etxarren. Erraten zuen Blondinen parekoa nintzela! Ohartzen zara? Blondinen parekoa ni! Hark 1859an gurutzatu zituen Niagarako ur-jauziak soka baten gainean, gero Mariak [Spelterini] eginen zuen modura! Kronistak «Mademoiselle Etxarren» baliatu zuen bere kronikan, eta izena hagitz gustatu zitzaidan. Descalzos karrikan bizi nintzela erran zuen, artista zaildua nintzela, plaza altura handian gurutzatzen nuela eta ikusleek gogo onez eta bero jo zutela esku-zarta.
El Eco de Navarra-n Nicanor Espoz Redien Jose-ren kronikak aipu eta sona handiko musikarien ondoan jartzen zaitu. Urte hartako sanferminetan Iruñean ibilitako Pablo Sarasate, Julian Gaiarre, Fermin Arrieta, Juan Mari Gelbentzu eta beste zelebridade batzuen pare.
Erratea ere! Erraten zuen musikari bikainekin batera nahitaezkoa zela akrobata apartak ere sortzea. Oroitzen naiz idatzi zuenaz, ezin ahantziak ditut haren solas ederrak: «Zoazte arratsalde honetan Remigia Etxarren ikustera, erraten ari naizena egia dela ikusi ahal izango duzue, konbentzituko zarete, baina ez aise, hala ere, ikusiagatik ere ez nik neuk ere ez baitut nire burua konbentzitzen ahal, nola litekeen haga gisa horretan erabiltzen duen iruindarrik izatea, orekari eutsi eta maroman ibiltzen dakienik». Halako solasik! Zure kronistari haga finkoa eta tentsio-soka izan zitzaizkion deigarrienak.

Alegia, Agustini funanbulistaren emanaldia. Blondinen imitatzaile zinela zioen, ausardia handiko artista. Ez zinen haserre izanen!
Haserre? Ez, baina ez arras pozik ere. Menturaz, ez dakizu, baina urte hartan [1882] ikusle gutxien hilaren 23ko funtzioan bildu zen: ikuskizunaren dirua funanbulistarentzat zen egunean, justuki! Niretzat zen egun hartako dirua! Gauzak zer diren, ezta? Lehengo lepotik burua dabil beti mundua! Blondinen imitatzaile ni? Batean, Blondin; bestean, Spelterini! Ni…
Zu «Argako erregina»! Oroitzen zara 1883eko uztailaren 9 hartaz? Arga gurutzatu zenuen egunaz ari naiz.
Zer diozu?! Ahantzi? Ez dut bizian ez hilean ahanztekoa! Sanferminetako azken zezenketaren ondoan izan zen, arratseko zazpiak laurden gutxitan, Pinaguyren fabrikaren paretsuan. Lau jarlekuko gurdian eraman ninduten —estalkia tolesgarria zuen—, aurretik Miserikordia Etxeko musika-banda nuela. Ez errege ez printzerik, momentu hartan ez zen ni baino gehiago zenik. Ni auto hartan ibairantz eta, aldi berean, Tejeriako atetik milaka jende irten ziren, ibaietzean jartzeko. Argaren ezkerreko aldean jarri ziren, Belosoko erriberan. Haiek alde batean, ni bertzean.
Eta?
Jaiak ziren, eta jendea arimaturik! Nik neure lana egin behar nuen eta, hasterako, jendea isilik zen! Maroma ezarria zuten ordurako, hamarren bat metroko alturan. Sartu oinak otzara ttiki batzuetan, ongi lotu, eta hasi nintzen ibaia gurutzatzen. Lau minutu behar izan nituen bertzeko aldera heltzen eta, orduan, hura zen iruindarren oihu eta esku-zarta erauntsia! Nik, arnasa hartu eta berriz gurutzatu nuen ibaia, begiak estalirik eta burutik behera zaku oihal-sendo bat sartua nuela, deus ez ikusteko nik. Jendea oihu eta esku-zartaz lehertu zen berriz! Nik, hirugarren aldikoz gurutzatu nuen ibaia, mugimendu arriskuzkoak eta zailak eginez. Udalak 500 pezeta eman zizkidan, eta zezen-plaza galdegin nien agorrerako. Hilaren 26an egin nuen aktuazioa azkenekoz.
«Spelterini bezain funanbulista izan nintzen. Hura Niagara gurutzatzen, eta ni Arga!»
1884an, zezen-plazan ikuskizuna egiteaz gainera, Arga ez baina Gaztelu Plaza gurutzatu zenuen.
Manuel Carralen akrobata-konpainia vasco-navarroarekin nintzen, eta bi hilabete eman genituen hirian. Agorraren 31n, nire aldeko emanaldian, suziriak ere bota zituzten plaza gurutzatzen ari nintzenean. Jendea ez zen haserre! Ni maroma gainean beti, eta nire gainean, su haiek! Iruñekoak eginik, [Nafarroako] Erriberara jo genuen, eta Aragoi [Espainia] aldeko zenbait herritan ere ibili ginen. Batetik bertzera ibili nintzen beti, herririk herri, funanbulistaren legean, maromatik erori nintzen arte.
ONDARROA
Fernando Perez Ollo (Iruñea 1939 – 2011) kazetari eta idazle zenari zor diogu gure funanbulistari buruzko argirik argitsuena. Hark kontaturik dakigu Remigia Etxarren Arangurenek maroma gainean egin zuela bizimodua, orekari eusteko lanean beti, halako batean oreka galdu eta 15 metroko alturatik abaildu zen arte. Sokaren gainean aulki batean ari zen egun hartan, Ondarroan, 1892ko urriak 5 zituen egun batean. Goitik behera erori zen hutsean. 39 urte beteak zituen eta ez zen harrezkero bere onera itzuli. Haatik, zenbait aktuazio egin zituen ondoko urteetan, lehengo Remigia izatera heltzeko modurik gabe, ordea.
Denbora asko igaro baino lehen, Iruñean gelditzea erabaki zuen, Hermenegilda ahizparenean, Jarauta karrikan. Remigiarentzat akabo ziren gurdi estalkirik gabeak, musika-bandak eta jendearen oihu eta esku-zartak. Bizitzaren garratzetik nahi baino gehiago dastatu zuen orduan.
Loteria saltzen atera zuen bizimodua, egun batean bihotza gelditu eta Heriok mundu honetatik behin eta betiko eraman zuen arte.
2021ean, berriz, Estefania de Paz Asín antzezleak La Reina del Arga obra egin zuen, Remigia Etxarren Arangurenen bizia ardatz.