Ekain Rojo. Ikus-entzunezko komunikazioan doktore

«Futbolaren eta nazio eraikuntzaren arteko lotura oso argia da»

Rojoren esanetan, estatuak futbolaz baliatzen dira nazio nortasuna eraikitzeko eta herrialdearen barruan batasuna lortzeko. Estaturik gabeko nazioek, ordea, mugak dituzte.

Donostia
2013ko uztailaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Futbolak nazio nortasunaren adierazpenean duen eragina ikertu du Ekain Rojok (Donostia, 1983) bere tesian: Futbola eta hedabideak bikoa nazio nortasunen joko zelai garaikidea: XIX. mendetik XXI. menderako aingura. Mundu osoko estatuak aztertu eta alderatu ditu ondorioak ateratzeko, eta estaturik gabeko nazioak ere kontuan hartu ditu.

Zergatik erabaki zenuen futbolaren ahalmen komunitarioa ikertzea?

Tesiarekin, 2009. urte hasieran hasi nintzen. Futbola beti gustatu zait, eta nazio nortasunaren adirazpenarekin daukan lotura oso interesgarria iruditzen zitzaidan. Eta, azkenean, Josu Amezagak konbentzitu ninduen gai hori ikertzen hasteko.

Nolakoa izan da lau urteotako lana?

Zailena hasiera da, gaia zehaztea. Urtebete baino gehiago pasatu nuen informazioa bildu eta gaia mugatzen. Bigarren urtean, berriz, tesia idazten hasi nintzen. Bi aste eman nituen Bartzelonan (Herrialde Katalanak), Centre D'Estudis Olimpics zentroan, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Han, asko ikertzen dute kirolaren inguruan, eta horrek informazio iturri askoz gehiago lortzea ahalbidetu zidan.

Zein ondorio atera dituzu tesian?

Bost ondorio nagusi atera ditut. Lehenengoa, futbolaren arrakasta nazio nortasunak ordezkatzeko duen ahalmenean oinarritzen dela. Espainian, esaterako, askotan esaten da futbola eta politika ez direla nahastu behar, baina, nire ustez, biak batera doaz; ezin dira bereizi.

Bigarren ondorioa da estatua duten nazioak direla futbolaren errepresentazio ahalmen hori gehien baliatzen dutenak. Azken finean, estaturik gabeko nazioek ez dute horrenbesteko ahalmenik futbola errepresentazio modura erabiltzeko.

Eta estatu nazioek nola erabiltzen dute futbola?

Bi modutara erabiltzen dute. Kanpora begira, beste nazioengandik beren identitatea bereizteko. Eta barrura begira, nazio barruan egon daitezkeen ezberdintasun identitarioak ezerezten saiatzeko. Afrikan eta Hego Amerikan, esaterako, nazio estatuak oso gazteak dira, eta haien barnean etnia asko izaten dituzte. Kasu horietan, futbol ospakizunak erabiltzen dituzte batasun irudia sortzeko.

Futbolak beti lortzen du estatuaren barneko batasuna?

Ez, eta hori da tesiaren hirugarren ondorioa: futbola ez da esaten den bezala herriaren opioa. Askotan, futbola gatazka eremu ere bihurtzen da. Hor ditugu, esaterako, Euskal Herriko edo Herrialde Katalanetako adibideak. Espainia saiatu da futbolaren bitartez batasun sinboliko bat sortzen, baina ez du lortu. Adibidez, 20ko hamarkadan, Primo de Riveraren diktadura garaian, futbol partida bat jokatu zen Bartzelonan. Espainiako ereserkia jo zutenean, jendeak txistu egin zuen, eta zurrunbilo handia sortu zen. 2009ra bagatoz, berriz, gauza bera pasatu zen Athletic eta Bartzelonaren arteko partidan. Horrek erakusten du Primo de Riveraren eta Francoren diktadurak pasatu arren, Espainiak ez duela lortu futbolaren ustezko opio indarraz nazio aniztasuna desagertzerik.

Hedabideek nola eragiten dute?

Hedabideen bitartez eta, batez ere, telebistaren bitartez, futbolak nazio ekitaldi izatea lortzen du. Bestalde, legediaren ikuspegitik ere oso puntu interesgarria da. Telebista bidezko futbol emanaldiak, Europako Batasuneko herrialde gehienetan, eta Australian ere bai, nazio intereseko emanalditzat hartzen dira. Munduko Kopan, esaterako, estatu batek partida bat jokatzen badu, estatu horretako doaneko kate batek emititu beharra dauka. Hori legearen barnean dago, partida horiek nazio identitatearentzat interes berezikoak kontsideratzen direlako. Hor oso ongi ikusten da futbolaren eta nazio eraikuntzaren arteko lotura oso argia dela. Dena den, argi geratzen da, era berean, gizonezkoetan oinarritutako nazio proiektuaren isla direla selekzioak. Futbola oso maskulinoa da oraindik, eta nazioaren ordezkaritza gizonen esku dago.

Zergatik lortu du futbolak nazioa errepresentatzeko ahalmena?

Kirol kolektiboa delako izan daitekeela esaten da, edo arauen sinpletasunagatik. Eta historiak ere badu eragina, noski. Futbola Ingalaterran sortu zen; XX. mendean, Britania Handia potentzia nagusia zen, eta zabalduz zihoazen heinean, futbola ere zabaltzen zuten. Egun, ia mundu osoan futbola da nagusi. Oso salbuespen gutxi daude.

Estaturik gabeko nazioak modu berezi batean aztertu dituzu. Zein ondorio atera duzu?

Ondorioa oso argia da: futbola estatuen ordezkaritzan oinarritzen da, estatua duten selekzioen ordezkaritzan. Estaturik ez duten nazioen ordezkaritza oso mugatuta dago. Lehiaketa ofizialetan jokatuko duen selekzio bat izateko, estatu bat izatera behartzen zaituzte. Hor dago kontraesana: futbola da nazio bat errepresentatzeko tresna nagusietakoa, baina, aldi berean, tresna hori erabili ahal izateko estatua behar da.

Hori da euskal selekzioari gertatzen zaiona, ezta?

Noski, eta hori kontzienteki egiten da. Espainiak aitortu izan du Euskal Herriari selekzio modura jokatzen utziko baliote nazioartean ez luketela batasun irudia emango. Aldi berean, euskal selekzioari jokatzen utziz gero, Euskal Herriak nazio modura zilegitasuna irabaziko luke nazioartean. Futbolak gaitasun hori du, eta estatuek oso ongi dakite.

Globalizazioak nola eragin du nazio nortasunaren errepresentatzioan?

Globalizazioarekin, estatuek aniztasuna integratu behar izan dute beren barnean, baina ezberdintasunak asimilatuta. Australian, esaterako, Bigarren Mudu Gerran Ekialdeko Europatik joandako jendeak futbol taldeak sortu ditu, haien identitatea erakusteko. Australiak, talde horien artean liskarrak sortzen direla arrazoituta, legez kanpo utzi du partidetan beste herrialdeetako banderak astintzea. Hala, estatu barneko ezberdintasunak asimilatzen saiatzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.