Sukaldean trebezia dutenentzat egun aproposak izaten dira Eguberriak. Jaki landuagoak prestatzeko joera dago garaiotan, eta pertsona ugari biltzen dira mahaiaren inguruan. Eguberrietarako jaki bereziak prestatzeko ikastaroa antolatu dute Donostiako Gros auzoko Ikaitz jatetxean. Astelehenean eman zuen lehen eskola Gustavo Ficoseco bertako sukaldariak, eta jendea animatzen bada ikastaroarekin jarraitzeko asmoa dute.
Argentinarra da jatorriz Ficoseco, eta aspaldidanik zeukan ideia buruan: «Argentinan ikasleen etxeetan ematen nituen eskolak garai batean. Euskal Herrian ez dago ohiturarik, baina han oso zabalduta dago. Etxeak eta sukaldeak oso handiak dira, eta hemen baino errazagoa da», dio Ficosecok. Bere herrialdetik Frantziara joan zen ikastera, eta Euskal Herrian amaitu du, azkenean. Zarauzko Argiñano jatetxean lanean aritutakoa da, eta badira bost urte, Estefania Balentziaga emaztearekin batera, Ikaitz ireki zuela. Jatetxearekin lotuta hainbat ekintza antolatu nahi dituzte orain.
Sei ikasle bildu dira lehen eguneko eskolan. Jatetxea ezagutzen dute guztiek. «Jakiren bat probatu eta bezero askok esaten zidaten nire sekretuak kontatzerik ba al neukan. Horretarako prest nago. Oso gustura irakatsiko diet».
Era guztietako jakiak dituzte zain ikasleek. Jatetxeko menuan eta kartan agertzen dira batzuk, baina hortik kanpokoak ere badaude. Lehendabizikorako eta bigarrengorako bi aukera eta azkenburuko bi prestatzen ikasteko asmoa dute, lehenik. Hona menua: bieira; patata errosetak labean, foie grasarekin eta izozkiarekin; ahate bularkia oporto erara; barazkiz betetako legatza; turroi krema eta amonaren flana. «Nire amonak erakutsi zidan errezeta berberarekin. Kartatik kendu genuenean haren falta sumatu zuen zenbaitek».
Ficosecoren arabera, Eguberrietarako pentsatuta dago menua, baina edozein egunetarako ere balio dute jakiek. «Prestatzeko errazak dira; edonork egiteko modukoak. Ez da aurretik ezer jakin behar». Lapiko artean ibiltzen ohitura dutenak bildu dira, edonola ere, ikastarora.
«Izugarri gustatzen zait sukaldean jardutea. Hona jatera etortzen naizenean, sukaldea ikus daitekeen mahai batean esertzen naiz beti; haiek lan nola egiten duten jakiteko. Eguberrietan menu hau prestatzeko asmoa dut», azaldu du Arantzazu San Migelek, ikasleetako batek. Ondoan du Paki Arruti: «Asko gustatzen zait jatetxe hau, eta ezagutzen nuen lehendik», aitortu du.
Antxon Lopez da ikastaroan dagoen gizon bakarra. Gustura ikusten zaio mantala janzten duen bitartean: «Etxean, ahal dudanean nik egiten dut sukaldean. Ikastera nator». Ficoseco foiegrasaren inguruko azalpenak ematen ari den bitartean, ikasleek apunteak hartzen dituzte, arreta handiz. Ikastaroarekin jarraitzeko asmoa adierazi dute. «Ez dute zertan Eguberrietako jakiak izan. Ikasleek eskatzen digutena erakusteko prest nago; azkenburukoak, saltsak...».
Turistak ere ikasle
Krisi garaian irudimena dantzan jarri behar izaten da, eta horretan abilezia badutela erakutsi dute Ikaitz jatetxearen jabe diren senar-emazteek. Bidaia agentzia batekin hitzarmena egina dute turistei sukaldaritza eskolak emateko. Euskal gastronomian tradizioa duten jakiak egiten dituzte. «Haiekin batera, azokan produktuak erosi, eta bakailaoa saltsa berdean prestatzen erakusten diet, adibidez», nabarmendu du Ficosecok.
Bikotekiderik ez duten lagunekin ere pentsatu dute. «Ostegun gauetan harremanak egin eta jende berria ezagutzeko afariak antolatuko ditugu, hemendik aurrera. Ea zerbait sortzen den euren artean», esan du Balentziagak. Adin berdintsuko pertsonak bildu, eta sei edo zortziko mahaietan eseriko dituzte. Ondo pasatzeko eta jendea ezagutzeko modua izango dute, horrela. Ezkongabe, alargun eta banatu ugari daudela gogoratu du, ostegun gauetan hiriburuan zer egin jakin gabe daudenak, eta gaineratu du informazioa eskatzeko dagoeneko dei ugari jaso dituztela; jendeak interesa duen seinale. 28 euroko menu itxia emango dute afari horietan.
«Senarra ez da geratzen; beti darabil zerbait buruan», aitortu du Balentziagak. Magia ikuskizunak ere egin dituzte, eta zuzeneko musikarekin, pianoarekin eta saxofoiarekin girotutako afariak dira hurrengo proiektua.
Gabonetarako sukaldaritza ikastaroa
Eguberrietarako propio pentsatutako jakiak prestatzen ikasteko aukera dago Donostiako Ikaitz jatetxean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu