Musikaria

Andoni Ollokiegi: «Gaiaren ildo narratiboari jarraitu nahi izan diot, musika estiloan ezinezkoa izan baita»

Bere lehendabiziko diskoa kaleratu du Andoni Ollokiegi musikari pasaitarrak: 'Bekataria'. Bekatuak oinarri, hamar kantu ditu bildumak. Iaz «hirurehun kontzertu baino gehiago» eman zituen Euskal Herrian barrena.

Andoni Ollokiegi
JON URBE / FOKU
urko iridoy alzelai
Donostia
2024ko urtarrilaren 30a
05:00
Entzun

Zaila da Euskal Herriko herri eta auzoetako jaietara joatea eta oholtza gainean Andoni Ollokiegi (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1992) ez ikustea. Urteak daramatza pasaitarrak, bere gitarra eskuetan, jaiegunak eta gauak girotzen. Orain, plazak betetzen jarraitzen duen bitartean, bere lehen diskoa kaleratu du: Bekataria.

Satanas ageri da azalean?

Esan daiteke jainkoa gutxi aipatzen dudala diskoan [barrez]. Beti gustatu izan zait gehiago alde iluna.

Bekatuak, Satanas... Biblian oinarrituriko diskoa da?

Bekatuetan oinarritutakoa. Hainbat bekatu hartu ditut, eta haiekin jolasean ibili naiz. Fruitu debekatuaren sinbologia azalean eta disko barruan erabiltzea egokia iruditu zitzaidan.

Zazpi bekatuak dira, beraz, kanten oinarria.

Hori da. Hamar kanta daude diskoan, eta, haien barnean, zazpi bekatuak. Gaiaren ildo narratiboari jarraitu nahi izan diot, musika estiloan ezinezkoa izan baita.

Zergatik?

Estilo asko daude diskoaren barnean. Reggaetona, rockabillya, popa, rocka, metala... hamar baino gehiago. Gainera, estiloei nire berezitasunak eman dizkiet. Bekatuak estiloekin irudikatu nahi izan ditut. Adibidez, amorrua ezin duzu balada lasai batekin jarri, gogorra izan behar du.

Kolaborazioak ere badaude Bekataria diskoan.

Hala da. Lizuna kantan reggaetona erabili nahi nuen, eta hasieratik Kai Nakairekin kolaboratzeko asmoa izan nuen, adibidez. Kolaborazioek lagundu egiten dute diskoaren esentzia ulertzen, bekatuak irudikatzen.

Azken kanta, Epaiketa, desberdina da. Zergatik?

Hasieratik argi nuen hamabi minutuko kanta bat egin nahi nuela. Aspalditik ez dira horrelakoak egiten, Errobiren garaitik esango nuke [barrez]. Antzerki musikal baten modukoa da; istorio bat kontatzen da kanta horretan. Bere izaera propioaz gain, diskoko kanten erreferentzia ugari daude bertan. Kanta progresiboagoa da, eta hainbat influentzia nabaritzen dira: Queen eta Pink Floyd, adibidez.

Zaila da horrelako disko batek gaur egungo euskal musikarekin bat egitea?

Nik esango nuke horrelako lan irregular batean ez dela batere erraza. Gaur egun, euskal artista askok esperimentazio prozesu ugari izan dituzte, eta, horren ondorioz, disko oso onak atera dira. Horrek lagundu egin die harrera hobea edukitzen Bekataria-ren moduko lanei.

Lana zuk zeuk ekoizteak abantailak edo desabantailak ditu gehiago?

Abantaila nagusia sormen askatasuna da; ez daukazu inor atzetik egin behar duzuna finkatzen. Desabantaila nagusia, berriz, ekonomikoa izaten da beti. Dirutza da disko bat egitea, eta asko errazten du dena promozio prozesurako zigilu bat atzean edukitzeak.

Nolako urtea izan zen 2023a zuretzat?

Lanez beterikoa. Diskoaren grabaketa ia korrika egin behar izan dut, Durangoko Azokarako atera nahi nuen eta [abenduaren 5etik 8ra]. Lan hau autoekoizpen bat da, eta horrek lan asko eskatzen du. Lagun batzuk Astigarragako [Gipuzkoa] Trintxerak estudioan elkartzen ginen astero, kantak sortuz eta grabatuz joateko. Horrez gain, azken urteetan egin dudan bezala, kontzertuak ematen jarraitu dut.

Zenbat kontzertu eman zenituen iaz?

Bada... 2023an uste dut Euskal Herrian kontzertu gehien eman duten artisten artean bigarrena izan nintzela, Puro Relajo taldearen atzetik.

Zenbat izan ziren, zehazki?

Bada, zehazki ez dakit, baina hirurehun baino gehiago, seguru.

Musikatik bizitzea lortu duzu.

Bai, orain bai. Baina lorpen honek lan asko dauka atzean; askotan ez da ikusten lan hori.

Oraindik baduzu ametsik?

Noski. Bigarren diskoa kaleratu nahi dut, eta jada lanean ari naiz hori gauzatzeko. Horrez gain, badaude betidanik amestu ditudan tokiak, kontzertuak emateko lekuak. Saguesen jo nahiko nuke berriro, Donostian, eta Kursaalean ere bai.

Nolakoa izango da bigarren diskoa?

Pertsonalagoa izango da, ez da hain gauza kontzeptuala izango. Musikalki estilo desberdinak egongo dira, baina ez dira Bekataria lanean bezainbeste salto izango.

lotsabako

Erreferente bat? Alan Parsons. Euskal Herriko jai bat? Zarauzko Salbide auzokoak. Bekataria diskoko kanta bat? Inbidia, Kukubirdekin eginikoa. Disko bat? Errobiren Bizi bizia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.