Gaitun, baita mendian ere

‘Gailurretan izan gaitun’ erakusketa zabaldu dute Iruñeko Planetarioan 1924tik gaurdaino bidea urratu duten Euskal Herriko emakume alpinista eta eskalatzaile aitzindariei buruz. Euskal Herriko Mendi Federazioaren mendeurreneko lehen ekitaldia izango da.

'Gailurretan izan gaitun' erakusketa
Maritxu Sorabilla (97 urte), erakusketaren karteleko protagonistetako bat bere senideekin eta Maria Angeles Ziganda karteleko beste protagonistaren senideekin. AITOR KARASATORRE / FOKU
ramon olasagasti
2024ko urtarrilaren 15a
19:15
Entzun

Erakusketaren azaleko argazkia berezia eta esanindar handikoa da. Irudian, bi emakume ageri dira Gran Facha mendiaren lepoan, 1950ean: Maria Angeles Ziganda eta Maritxu Sorabilla dira. «Argazkia Zigandaren familiaren kaxa batean zegoen, baina berak ez zien inoiz etxekoei esan alpinista zenik. Ohikoa da isilean gordetze hori emakumezkoen artean. Maria Angeles hil zenean aurkitu zuen familiak kaxa, baita argazkia ere. Irudian zutik dagoena da Ziganda. Gerora jakin genuen eserita dagoena Maritxu Bilbao zela, beste aitzindari handi bat», jakinarazi du Ana Diez de Ure erakusketaren komisarioak. Aurkezpen ekitaldian izan da Sorabilla, 97 urterekin, bilobek lagunduta, baita Zigandaren hainbat senide ere, eta esanindar handiko beste argazki bat eman du bat egite horrek.

'Gailurretan izan gaitun' erakusketa
Maria Angeles Ziganda eta Maritxu Sorabilla 1950ean, Gran Facha mendiaren lepoan. 'Gailurretan izan gaitun' erakusketaren azaleko irudia da. FERMIN ALDAZ

Euskal Herriko Mendi Federazioa sortu zenetik ehun urte beteko dira aurten (Federacion Vasco Navarra de Alpinismo izenarekin sortu zen, Elgetan), eta mendeurreneko lehen ekitaldia da Gailurretan izan gaitun erakusketa. Gaztelaniaz, Nos queremos vivas aldarri feminista ezagunari oihartzun eginez, Nos queremos en las cumbres da izenburua. «Erakusketaren helburua da Euskal Herriko emakumeek mendian eginiko bidea ikusaraztea, gizarteak nola baldintzatu dituen eta zer urrats egin dituzten ezagutzera ematea. Gure emakumezko alpinisten genealogia bat egin dut horretarako, eta feminismoaren historiarekin uztartu dut, garai bakoitzak haien ibilbidean nola eragin duen erakusteko», azaldu du Diez de Ure historialariak.

'Gailurretan izan gaitun' erakusketa
Erakusketako protagonista diren zenbait emakume eta beste askoren senideak aurkezpen ekitaldiko familia argazkian. AITOR KARASATORRE / FOKU

Erakusketako protagonistetako asko edo haien senideak erakusketaren aurkezpenean izan dira gaur Iruñeko Planetarioan, ekitaldi xume bezain hunkigarrian. Ana Diez de Urek deituta, banaka-banaka bildu dira lore sorta bana jasotzera, besteak beste, Sorabilla eta Zigandaren senideak, Daniel Bidaurreta (Mertxe Azanzaren alarguna), Montse Lasterra, Rosa Gonzalez, Miriam Garcia Pascual zenaren gurasoak eta anaia, Trini Cornellana, Pili Ganuza, Patricia Biskarret, Caridad Velez, Sonia Casas...

Maritxu Urreta, Julene Etxenike...

Arestian aipatutako Maritxu Sorabilla (Iruñea, 1927) federazioa baino hiru urte geroago jaio zen, baina haren begien aurrean iragan da ehun urteotako historia, Euskal Herrikoa, emakumeena, mendizaletasunarena... Paquita Bretos Andueza ere urte berean sortua da (Pasai Antxo, 1927), eta hura ere historiaren lekuko bizietako bat izan da: Ondarretako espetxean preso sartu zuten haren ama, aita fusilatu egin zioten, eta Gernikako bonbardaketaren lekuko izan zen. Txiki-txikitatik ikasi behar izan zuen sasian bizitzen, eta muga zeharkatzen lagundu zien dozenaka iheslari sozialista eta komunistari. «Urte haietan hartutako bi ohitura mantentzen ditut oraindik: batetik, mendian ibiltzea; bestetik, eskuindarrei eta Elizari diedan ezinikusia», aitortu zion BERRIAri 2018ko martxoan eginiko elkarrizketan. Mendian ezagutu zuen Angel Oloron senarra ere (1925-2005), haren izeneko Belagoako aterpearen bultzatzaile nagusietakoa. Elkarrekin goitik behera zeharkatu zituzten Euskal Herriko eta Pirinioetako mendi guztiak.

«Feminismoaren hirugarren olatuaren bultzadak eragin handia izan zuen 1980ko hamarkadan, eta hor hasi ziren Miriam Garcia Pascual, Monica Serentil eta beste hainbat. Iraultzailea izan zen belaunaldi hori».

ANA DIEZ DE UREHistorialaria eta erakusketaren komisarioa

1920ko hamarkadara arte, mendi taldeak sortu arte, familia aberatsetako «emakume kapeladun aitzindariak» joaten ziren mendira. «Errepublika garaian, berriz, han eta hemen mendi taldeak sortzen hasi zirenean, emakume langile asko sartu zen haietan, erdi ezkutuan. Frankismoaren hasierako garai haietan, emakumeak gonak jantzita sartzen ziren autobusean, eta azpitik eramaten zituzten prakak. Horrelako trikimailuak baliatu behar zituzten. Garai hartan, askatasunerako ihesbidea zen mendia. Gizonekin bat eginda askatasunaren bila joaten ziren emakumeak gailurretara», azaldu du Diez de Urek.

Askatasuna mendian aurkitzen zutenetako bat izan zen Maritxu Urreta Zulaika (Donostia, 1915 – Donostia, 2018), ertz askoko emakume ezohikoa: itzultzailea, ilustratzailea, euskaltzalea, argazkilaria, jakin-min handiko pertsona... baita mendizalea ere. Zazpi urte gorri zituela oparitu zion aitak argazki kamera, eta hura aldean hartuta ibili ohi zen beti batera eta bestera. 7.000 argazkitik gorako bilduma du bere ibilien lekuko fidel. Mendikoak dira argazki horietako asko, ahal zuenero jotzen baitzuen Urretak mendira, eta, besteak beste, Mont Blancera ere igoa zen. 1950. urtean Donostiako Vasco de Camping elkartearen sortzaileetako bat ere izan zen. Erakusketan panel oso bat hartzen du Maritxu Urretak.

JULENE ETXENIKE
Julene Etxenike Arana, Naranjo de Bulneseko gailurrean, bere aitarekin eta Camarmeñako gidari Alfonso Martinezekin batera. BILDUMA: EMMOA / J. ETXENIKE
 

Ohikotik kanpokoa izan zen Julene Etxenike ere (Irun, 1933 – Irun, 2023). Aitarekin batera Pico Urriellu edo Naranjo de Bulnes eskalatu zuen lehen euskal emakumea izan zen, 1951ko abuztuan, 18 urte besterik ez zuela. Ohikotik kanpokoa izan zen, halaber, Maritxu Bilbao eta Angelita Olano bizkaitarrek, biek bakarrik, 1955ean Pirinioetan eginiko zeharkaldia: Sallentetik abiatu eta Benasquerainoko bidea egin zuten, eta 11 egunetan hiru mila metroko 11 menditara igo ziren.

Loli Lopez Goñi (Donostia, 1930 - 2020) izan zen beste aitzindari handietako bat, 1958an, Mont Blanc eta Cervino mendietara igo zen lehen euskal emakumea, baita eskaladako V. gradua gainditu zuen lehena ere. Gaur egun, Euskal Mendi Federazioak emakumezko alpinista batek eginiko jarduerarik onenari ematen dion sariak Loli Lopez Goñi izena du. 2010. urtean Edurne Pasabanek jaso zuen aitortza hori, Lopez Goñiren beraren eskutik.

Haien urratsetan etorri ziren gero, besteak beste, Pili Ganuza edo Trini Cornellana, 1976ko Shakaur (7.116 m) eta 1979ko Dhaulagiri lehen espedizio haietan parte hartu zuten emakumeak, baita lehen zortzimilakora, Cho Oyura, igo ziren lehenak ere: Ganuza bera, Amaia Aranzabal eta Yolanda Martin. Hala adierazi du Cornellanak aurkezpenean: «Poz handia da hemen egotea, jabetzea, neurri batean, katebegi bat garela, historian arrastoa uzten ari garela, ez garela aurrenekoak, gure aurretik asko izan direla eta ez garela azkenak, asko datozela atzetik jarduera askotarikoak egiten». Pili Ganuzak ere esker oneko hitzak izan ditu, eta hasiera haietako zailtasunak ekarri ditu gogora: «Hamalau urterekin mendian hasi nintzenean jendeak esaten zidan ea erotuta nengoen, nola joan nintekeen praka haiekin, zertarako eta nekatzeko. Nire artean pentsatzen nuen: ‘ez naute batere ulertzen’. Niretzat mendia bizitzako gauzarik inportanteenetako bat izan da. Orain, 75 urterekin, mendian jarraitzen dugu Gregoriok [Ariz] eta biok, txikitan igotzen nintzen mendi berberetara igotzen, eta munduko pertsonarik zoriontsuenak gara. Beraz, gora mendia».

MIRIAM GARCIA PASCUAL
Miriam Garcia Pascual, Yosemiteko 'The Nose' bidea eskalatzen. Mari Carmen Magdalena “Coco”-rekin eskalatu zuen 1986an. BILDUMA: CARMEN PASCUAL
 

Riot grrrl, sabaiak hausten

1980ko hamarkadan, besteak beste, Miriam Garcia Pascualek (Tafalla, 1963 – Meru mendia, 1990) urratu zuen bidea, belaunaldi oso bati argi egin zion. «Feminismoaren hirugarren olatuaren bultzadak eragin handia izan zuen 1980ko hamarkadan, eta hor hasi ziren Miriam, Monica Serentil eta beste hainbat. Riot grrrl, sabaiak hausten paneleko protagonistak dira. Urte haietan, emakumeek sokaldiak osatu zituzten, eta eskalada handiak egin elkarrekin. Iraultzailea izan zen belaunaldi hori», nabarmendu du Diez de Urek. Planetarioko erakusketan ere argi berezia du oraindik Miriam Garcia Pascualen begiradak, paneletako batetik so.

JOSUNE BEREZIARTU
Josune Bereziartu Baing de Sang bidean. Emakume batek lortutako lehen 9a izan zen munduan. BILDUMA: RIKAR OTEGI
 

Josune Bereziartu eskalatzaileak aitortu izan du Al filo de lo imposible programako saioetako batean Miriam ikusita hasi zela bera eskalatzen. Bereziartu, Leire Agirre, Patricia Viscarret, Sonia Casas, Edurne Pasaban... 1980ko iraultzaile haien oinordeko dira hein handi batean. Eta, batez ere, Bereziarturen eskutik eskaladan eta Pasabanen eskutik Himalaian, munduaren gailurrera iritsi da euskal mendizaletasuna. «Erraldoien pausoak eman dituzte, eta, gaur egun, laugarren olatua ere indarrean dator. Maialen Rojo, Uxue Loizu, Amaia Segurola... Emakume eskalatzaile pila bat daude, baita mendian korrika dabiltzanak ere, Malen Osa, Sara Alonso eta beste asko... Laugarren olatua jada oso handia da, bai kopuru aldetik eta bai maila aldetik», azpimarratu du Diez de Urek. Sonia Casas alpinista (Bilbo, 1972) eta Espainiako Goi-mendiko eta Eskaladako gida titulua duen lehen emakumea ere bat dator: «Gazteak oso indartsu datoz, mutilen pareko eskalada eta jarduerak egiten, eta alpinismora, gidari izatera... animatu nahiko nituzke».

Finean, euskal alpinismoaren mende oso bateko historiaren lekukotza da erakusketa; «izan ere, hau ez da emakumeen alpinismoaren historia, alpinismoaren historia baizik», nabarmendu du Diez de Urek.

'gailurretan izan gaitun'
MENDIZALE, ALPINISTA ETA ESKALATZAILE AITZINDARIAK, 1924-2024

  • Tokia. Iruñeko Planetarioa. 
  • Datak. urtarrilaren 15etik otsailaren 8ra.
  • Ezaugarriak. 20 panel, hamarkadaz hamarkada antolatuta. Euskaraz eta gaztelaniaz.
  • Hurrengo geltokiak. Euskal Herriko Mendizale Federazioaren mendeurrena dela eta, erakusketa ibiltaria izango da. Hauek izango dira hurrengo geltokiak: Leioa (otsailaren 19tik martxoaren 9ra), Ugao (martxoaren 11tik apirilaren 1era), Donostia (apirilaren 4tik maiatzaren 10era), Elgeta (maiatzaren 13tik 31ra).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.