Nahi duzuena esango duzue baina, gure uste apalean, egoerak bere horretan dirau. Are gehiago: bere horretan iraungo du per secula seculorum baldin eta eskura jartzen dizkizuegun aukerak baliatzen ez badituzue. Egia da gure besoak, seme xahutzailearen parabolako aitarenak nola, zabal-zabalik daudela, jakina baita ardi beltzek ere izan badutela tokirik geure magal goxoaren abaroan. Haatik, horretarako zerbait egin beharko duzue. Utz iezaiozue, beraz, negar egiteari eta behingoz ausart zaitezte urratsa ematen.
Joan den astean, urrunera jo gabe, aukera bikaina galdu zenuten alferrik. Ez genizuen gauza handirik eskatu. Ez gaitzespenik ezta su artifizialik ere. Soilik pozteko. Soilik alaitzeko. Sikiera kopeta apur bat argitu izan balitzaizue. Sikiera irribarre txikitxo bat eskaini izan bazenigute. Keinu ñimiño bat nahikoa zatekeen. Baina ez, ez zenuten txintik ere esan eta isiltasuna aukeratu zenuten. Ederki, ba! Horrela jarraituz gero, zuenak egin du!
Haatik, eskuzabalak gara. Hain eskuzabalak non, gezurretan zabiltzatela badakigun arren, azken aukera ematea deliberatu baitugu. Zuen erantzunaren zintzotasunean datza zuen salbazioa. Argi ibili!
Jakingo duzuenez, atzo bertan hirurogei mila sardina hilik agertu ziren Los Angelesen. Hirurogei mila sardina errugabe eta demokratiko hilik.
Zer? Zer duzue orain esateko, e?
…
Ikusten? Nahi duzuena esango duzue, baina gezurretan zabiltzate… Zuek betikoak zarete…
Maratila
Gaitzespena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu