Ordenagailu bat daukazu? Astronomoak lagundu nahi dituzu aurkikuntzak egiten eta unibertsoa ulertzen? The Sky Netek behar zaitu!». Halako mezua zabaltzen du The Sky Net proiektua jasotzen duen webguneak (www.theskynet.org). Izarrek, galaxiek eta kosmosaren beste egiturek igortzen dituzten erradiazio iturrien datuen bila ahalik eta ordenagailu gehien jartzea da ideia. Zenbat eta gehiago hobeto. Espaziotik datorren informazio emari erraldoi hori kudeatzeko lanaren zerbitzura ahalik eta ordenagailu gehien jartzea du xede The Sky Netek; crowdsourcing-aren osagarri da proiektua. «Herritarren zientzia» esaten diote zientzialariek kontzeptu horri. Herritarrek euren ordenagailuko disko gogorraren zati bat proiektuaren zerbitzura jartzeko duten borondatea oinarrizkoa da The Sky Net aurrera ateratzeko.
Lurretik kanpoko bizitza adimentsua bilatzeko, SETI proiektua berregituratzen ari dira, eta haren ondotik sortu dute The Sky Net, bizitza estralurtarra aurkitzeko beste ekimena. Izan ere, SETI institutuak herritarren zientziaren plataforma bat eman du ezagutzera orain aste batzuk, SetiQuest Explorer. The Sky Net, berriz, Ikerketako Erradioastronomiaren Nazioarteko Zentroak (ICRAR) jarri du martxan.
Irailaren 13an abiatu zen egitasmoaren lehen fasea. Milaka ordenagailuren jabeei eskatu zieten laguntza espaziotik datozen datu anitz aztertzeko. Informazio iturri nagusietako bat Square Kilometre Array (SKA) izango da. Milaka antena paraboliko baliatuko dituzte, «ahalik eta zeru hautemangaiagoa» lortzeko. Australian edo Hegoafrikan kokatuko da SKA. Guneak gaitasun handiko ordenagailu anitz izango ditu jarduera bermatzeko, baina horrenbeste informazio espero dute, ezen filtro ugari beharko baitituzte lagin interesgarrienak hautatzeko. Iragazki lan horretan izango da ezinbestekoa The Sky Net.
«Irrati teleskopio berriak diseinatu, eraiki eta zaharrak aldatzen diren heinean, datu gehiago iritsiko dira, askoz gehiago, eta horiek denak kudeatzeko superordenagailuak beharko dira, azterketaren fasea izugarri handituko baita». Halaxe uste du ICRAReko zuzendari Peter Quinnek. «Skynet proiektuaren helburua zera da: herritarren zientzia metodoarekin egindako lana osatzea, orain arte bildutako informazio osoa eta aurrerantzean bilduko den informazioa astronomoek eskura eduki dezaten uneoro».
Ehunka mila ordenagailu lotuz egin nahi dute, Internet erabiliz. Ordenagailu horiek guztiak bakarra balira bezala jarri nahi dituzte lanean. Square Kilometre Array eraiki aurretik, ordenagailuen (boluntarioen) bilaketa amaitu behar dute, eta, gero, egungo astronomia alorreko proiektu denak eta datu guztiak lotu.
Nola egin dezake boluntario batek bere etxeko ordenagailua The Sky Net proiektuan sartzeko urratsa? Programa txiki bat deskargatu behar du. Haren bidez, ikertzaile taldeek boluntarioen ordenagailuaren disko gogorraren «zati txiki bat» aprobetxatu ahal izango dute. ICRAReko iturriek diotenez, The Sky Neten programa oso txikia da; haien arabera, programak ez du ezertan oztopatuko edo motelduko PCaren eguneroko erabilera. Horrez gain, ordenagailu pertsonal bakoitzak kudeatzen duen datu kopurua sorta txikietan banatuko da, sareen konexioak gal ez daitezen.
Ezarian. Zientzia
Galaxiak harrapatzeko sarea
Izarretatik nahiz galaxietatik datorren informazio emari erraldoia ulertu ahal izateko, TheSkyNet proiektua jarri dute martxan. Ehunka mila PC pertsonalen gaitasuna batu, eta super ordenagailua eratzea da ideia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu