Amerikara erbesteratutako euskaldunak. Horiek dira Koldo San Sebastian idazleak (Lekeitio, 1953) kaleratu berri duen Exilio vasco en América (Euskal erbestea Amerikan) liburuko protagonistak. 36kogerraren eta II. Mundu Gerraren eraginez itsasoz bestaldera ihes egin zutenen gorabeherak bildu ditu: espioitza, kontrabandoak, urrutian eraikitako euskal erakundeak... Historiaren itzalpean egondako hori ekarri nahi du gogora.
Amerikako zein herrialdetara jo zuten euskaldunek gudetatik ihesi?
Herrialde askorekin akordioak lortu zituzten euskal agintariek, eta horietara joan ziren gehienbat. Adibidez, Argentinak 1940an egin zuen euskaldunen helduera errazteko dekretu bat, baita Txilek eta Mexikok ere. Venezuelarekin ere hitzarmen bat erdietsi zuten, baina EAJko kideak baino ez zituen hartzen.
Gorriak ikusiko zituzten euskal deserriratuek, ezta?
Beste edozein erbesteratuk bezala, noski. Bada berezitasun bat, ordea: euskaldunek elkar laguntzen zuten. 1936 eta 1937 artean, Euskaldunak euskalduna laguntzen du leloa zabaldu zen euskal komunitateen artean. Eta horrela aritu ziren, batez ere aurretik euskaldunen presentzia zegoen herrialdeetan; hala nola Mexikon, Txilen, Argentinan eta Venezuelan. Ez zuen axola zein joera ideologikotakoa zen abertzalea; ohikoa zen kontserbadore batek sozialista bat laguntzea, eta alderantziz.
Batasunaren sinbolo da Joxe Antonio Agirre lehendakaria. Liburuan, erbestean izan zuen garrantzia aztertu duzu.
Borondate oneko gizona izan zen. Espainiar sozialistak zatituta zeuden, kataluniarrak banatuta, errepublikanoak haserre beren artean... Euskal erbesteratuen batasuna mantentzea da Agirreren meritua. Diktadura frankistaren kontra egin zuen, eta demokraziaren alde.
Liburuan diozu euskaldun asko erbestera joan eta gero gerretan sartu zirela.
Bai, hala da. Bi euskaldun mota daude: batetik, herrialde bateko nazionalitatea izanda derrigorrean II. Mundu Gerran inplikatu behar izan zutenak; bestetik, boluntario gisa euren burua aurkeztu zutenak armadekin borrokatzeko. Horrez gain, oso ohikoa zen batzuk espioi lanean jardutea. Euskal propaganda eta informazio espioi zerbitzua martxan zen, eta frantziar, britainiar eta amerikarrei laguntzen zien.
Eta zein zen, bada, euskal espioien egitekoa?
Denetarik egiten zuten. Oso onak ziren kasik gauza guztietan. Hori bai, kontatu didatenaren arabera, oso txarrak ziren kutxa gotortuak irekitzen, eta, halakoetan, gangsterrei eskatu ohi zieten laguntza. Enbaxada frankistetan sartzeko ere moldatzen ziren; enbaxadako ordezkariengana hurbiltzen ziren, laguntasunaren aitzakian. Gero, mozkortzen zituzten, eta egoitzetan infiltratzen ziren.
Xelebrea da bildutako informazioa. Nondik atera duzu?
Jaurlaritzaren artxibora joan naiz, eta elkarrizketa ugari ere egin dut. Galdutakoa du gogoan deserriratuak, atzean utzitakoa. Oroitzen bizi da. Bizitakoa iltzatua izango du memorian, ehun urte pasatuta ere.
Haiek ez dute ahanzten; aitzitik, gizarteak ahantzi dituela diozu.
1978ko Amnistia Legetik urte mordoa pasatu da, eta ez da ia exiliatuen inguruko lanik, dozenaka mila lagunek martxa egin behar izan zuten arren. Oso istorio interesgarriak daude: espioien abenturak, irakasleak, kazetariak, politikariak... Hori oroitu egin behar da, eta ikertu.
Itzuliko zirela uste zuten, ezta?
Bai. Venezuelako lagun batek zioen euskaldunek hatz txikia txikitua zutela mahaian ukabilkadak emateaz, hau esan bitartean: «Aurten etxera bueltatuko gara!». Baina ez ziren etorri. Hemen gauza asko pasatzen ziren, eta joandakoekin oroitzea gogaikarria zitzaien batzuei.
ATZEKOZ AURRERA. Koldo San Sebastian. Idazlea
«Galdutakoan du gogoa deserriratuak»
36ko gerraren eta II. Mundu Gerraren harira Amerikara erbesteratu ziren euskaldunen inguruan liburu bat idatzi du Koldo San Sebastianek. Dioenez, gizartea gutxi oroitzen da joandako horiekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu