Gasteizko zezen plazako ate nagusia zeharkatu eta berehala nabari da usain berezia. Ez da harritzekoa. Martxan dauden su, zartagin eta lapikoetan Galiziatik ekarritako itsaskiak ari baitira prestatzen. «Janari guztia Galiziatik ekarri dugu. Aitzakiarik gabeko janaria da, goi mailakoa», adierazi du David Gomezek, itsaski jaiaren antolatzaileetako batek. Eta halaxe da. Maila oneneko gastronomiaz gozatzeko aukera ederra dago egunotan Arabako hiriburuan. Itsaskiez gain, gainera, Galiziako gozogintza produktuak ere dastatu ahal izango dituzte bertaratzen direnek, hala nola pastel mota ugari eta zenbait ogi daude aukeran.
Aurtengoa jaialdiak Gasteiz bisitatzen duen hirugarren aldia da. Hori bai, Iradier Arenak aurten zabaldu ditu ateak lehenengoz. Krisia merkatuan ere nabaritzen hasi zenetik, itsaski enpresek sarri antolatzen dituzte halako jaialdiak. «Euren merkatua zabaltzeko hainbat hiriburu bisitatzen dituzte, eta Gasteizen gustura egoten dira». Gomezen esanetan, Galiziako itsaski enpresen arteko elkarlana da jaialdia. «Eurak ere jakitun dira krisiak familia gehienetan eragin duela. Horregatik, tripa beteta eta esku-hutsik inork ez alde egiteko, prezioak jaisteko ahalegin berezia egiten dute». Herritarrek hainbat eskaintza mota dituzte aukeran.
Lehenengo asteburuan jende andana ibili zela dio Juliana Moreli antolakuntzako kideak, «20.000 lagunetik gora». Harrera onena izan duten produktuei erreparatuta, olagarroa, abakandoa eta itsaski-jan beroa aipatzen ditu. «Beroa egin duen egunetan, itsaski hotza ere ugari eskatu da». Edateko, berriz, «albariñoa da izarra», 25.000 mila botila ekarri baitituzte Galiziatik. Dena den, han ohikoak diren likoreak ere badaude. «Otorduen ondoren eurentzat ohikoak diren likoreek arrakasta dezente daukate Euskal Herrian».
Lasai ibili ahal izateko, egokiena bisita aste barruan egitea dela uste du Morelik. Denetariko taldeak ikus daitezke bertan. Benitor Ruizek lanera joan aurretik jaialdia ikustea erabaki du. Olagarroa, gabardinak eta txirlak erosi ditu; edateko, berriz, albariñoa. «Urtean behin, neure buruari egiten diodan opari bat da. Oso gustuko ditut itsaskiak». Joana Delgadoren gustuak ere ez daude aparte. Alaba ondoan duela, txangurroak erosi ala ez pentsatzen ari da. «Prezioz ez dira batere merkeak, baina bai erakargarriak. Urtean behin halakoak egitea zilegi da», dio pozarren. Erosteko tentazioari eustea kosta egiten dela aitortu du Delgadok.
Asteburuetan, ikuskizunak
Itsaskien aitzakian, jaialdi betea antolatzen dute. Horregatik, ohiko jakiez gain, bestelako ikuskizunak ere prestatzen dituzte asteburuetan. «Jendea erakartzeko aproposa da ikuskizunak antolatzea», dio Gomezek. Pantaila erraldoian futbol partidak ikusteko aukera eskaintzen dute; ostiral eta larunbat gauetan ere ez da girorik falta izaten. Igandeetan, berriz, gaita emanaldiak egiten dituzte, horretarako atondutako agertokian. Modu horretan, bertaratzen direnei Galiziako kultura, folklorea, musika eta giroa erakusten dizkiete. Horrez gain, Galiziako nekazaritza turismoko etxe batean asteburu bat igarotzeko zozketa egiten dute.
Hilaren 13ra arte ateak zabalik izango ditu jaialdiak; beraz, gaur eta datorren asteburuan bada nora joanik. Itsaskiak jateko, berriz, aste barruan izango da aukerarik onena.
Galiziako usainak hartu du Gasteiz
Galiziako kostaldeko itsaskiez gozatzeko aukera bikaina dago egunotan Gasteizen. Gainera, gaita emanaldiak eta bestelakoak ere antolatu dituzte. Hilaren 13ra arte ateak zabalik egongo da azoka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu