36ko gerran aditua da Mikel Errazkin (1976, Anoeta). Sufrikarioa bizi izan zutenen testigantzak eta artxiboak biltzen aritu da urteetan. Orotara, 4.900 lekukotasun dokumentatzea lortu du, Tolosako herriaren ingurukoak denak (Gipuzkoa). Istorio horietako bat da Luis Retolaza Tximela gudari abertzalearena. «Jaso ditugu gerraren bilakaeraren eta gudarien izaera epikoaren inguruko dokumentuak, baina oso zaila da sufrimendua adierazten dutenak topatzea». Retolazarenak minaren adibide dira, eta horregatik ekarriko ditu gogora, ostiralean, 20:30ean, Tolosako Topic aretoan emango duen hitzaldian. Oholtzan ez da bakarrik egongo, gainera. Joseba Tapiak Tximela kapitainaren izarrak diskoa kaleratu zuen aurreko urtean. Errazkinek historiaren nondik norakoak eman ostean, musikariak kontzertua emango du.
Derrigorrezko galdera: nor izan zen Tximela?
1914an jaio zen, Tolosan bertan. Tornularia zen, eta abertzalea. 36ko gerra hasi zenean, aurrena Loiola batailoian eta gero Jagi-Jagiko Lenago Il batailoian ibili zen. 1937an erori zen preso; italiarrek atzeman zuten. Eta kartzelan zela, denbora galdu luze horietan, bertsoak idazten zituen. Kartzelako historia soziala ondo islatu zuen: gosea, torturak, gaixotasuna, injustizia, herrimina, fusilamenduak, heriotzak... Gerra galdu zutenen memoriarako oso inportantea da haren testigantza.
Zergatik da zaila gerra galdu zutenen testigantzak aurkitzea?
Gerra irabazi zutenek garaileen memoria ezarri dutelako eta garaituak isilarazi dituztelako. Memorizidio izugarria gertatu zen garaituekin; eta gertatzen da. Galdu zutenen memoria sozial horri bi ekarpen garrantzitsu egin zaizkio: Tximelarena berarena eta Xalbador Zapirain Ataño-rena. Berreskuratu egin behar dira biak.
Beraz, kartzelako urteetan idatzi zuen Tximelak bertso gehien. Gero zer pasatu zen?
Makroepaiketa bat izan zuen, beste 21 gudarirekin batera. Eta 21en artean ez zegoen inongo erlaziorik. Ez zuen izan berme penalik. Bizitza osorako zigorra ezarri zioten.
Ez zuen, ordea, espetxean eman bizi guztia.
Ez, ez. Santoñako Dueso presondegian egon zen [Espainia], eta gero, 1938an, gobernu frankistak dispertsio lege bat aplikatu zuen. Orduan, Duesotik Puerto de Santamariara bidali zuten, 1938ko abuztuan bertan. Baina frankistek arazo handi bat izan zuten: hainbeste preso zituzten, ezen ezin zituzten denak hartu. Hori dela eta, 1940an, zigorra ordeztu zioten Tximelari, eta kalera atera zen.
Kalean ere jarraitu zuen han-hemenka borrokan, ezta?
Bai, nahiko borrokalaria izan zen. 1946an, berriz kartzelatu zuten, propagandagatik; ELAren inguruan ibili zen garai horretan... 1948an ere, Tolosako Uzturre mendiaren gailurrean ikurrina ezarri zuen, beste bi lagunekin batera. Militantziarekin jarraitu zuen, preso egon ostean ere.
Joseba Tapiarekin batera emango duzun saioan hori guztia kontatuko duzue?
Bai, Tximelaren eta 36ko gerraren inguruko testuinguratze bat egingo dut nik. Gero, Tolosako Udalak omenaldia egingo dio; lehenik eta behin, haren jaioturtearen ehungarren urteurrena delako, eta, bestetik, Tolosan ez delako oso ezaguna. Bukatzeko, Tapiak bere bertso musikatuekin osatutako kontzertua emango du.
Nola bururatu zitzaizuen Tapiari eta zuri ikuskizuna batera egitea?
Ni 2006tik 2013ra aritu naiz Memoriaren izenak deitutako ikerketa egiten. Tapiak, berriz, Rezolaren bertsoekin lan egin du, baina ez genuen elkar ezagutzen. Udalaren proposamena izan da.
Tapiak ez du trikitia joko, ohi bezala: gitarrarekin ariko da. Zergatik?
Gaia sufrimendua da, eta gitarra egokiagoa da intimistagoa delako. Hobeto islatzen du testuingurua.
Sufrimenduaren kronika egin zuen Tximelak, baina, horrez gain, zer dela-eta zentratu zarete harengan?
Gerra galdu zuen familia baten adibide argia delako. Hiru arreba zituen erbestera joanak, eta bi anaia gudari. Errepublikano eta anarkistekin ibili ziren horiek. Bat hil egin zen frontean bertan; bestea gerran zauritu zuten, eta atzerrira joan zen. Egoerak ondo erakusten du orduko familien nahigabea zein zen.
Memoria historikoaren inguruko saioa emango duzue. Zergatik da garrantzitsua oroimena?
Nazio Batuetako erredaktore baten esaldi batek ondo adierazten du zergatik eutsi behar zaion memoria historikoari: «Orrialdea, pasatu aurretik, irakurri egin behar da». Baina, noski, orrialdea irakurri egin behar bada, aurrena idatzi egin behar da, eta istorioak berreskuratu. Tximelaren bertsoak, adibidez, oso baliagarriak dira, gisa honetako testigantzak oso gutxi izan zirelako.
LOTSABAKO
Zer gosaltzen duzu? Ogia, izokina edo antxoak, kafea, fruta eta intxaur batzuk.
Non erosten duzu arropa? Ez daukat leku jakinik.
Zeri diozu beldurra? Bakardadeari.
Internet erabiltzen duzu? Lanerako.
ATZEKOZ AURRERA. Mikel Errazkin. Antropologoa
«Garaileek garaituak isilarazi dituzte»
36ko gerraren bueltan dagoen «gizabanakoen historia soziala» aztertu du Errazkinek. Joseba Tapiaren 'Tximela kapitainaren izarrak' diskoaren harira, Tximela zein zen azalduko du, Tolosan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu