Artisaua

Arantza Meabe Egiluz: «Garrantzitsua da jendeak jakitea zer produktu mota jaten dituen»

Urtero bezala, Bilboko Aste Nagusian artisau merkatua izango da Areatzako pasealekuan, igandean. Arantzazu gozotegia bertan izango da, bere pastel eta gozo tradizionalekin.

Arantza Meabe gozogilea, abuztuaren 9an, Getxon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Arantza Meabe gozogilea, abuztuaren 9an, Getxon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Leire Rodero
Bilbo
2025eko abuztuaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arantza Meabe Egiluzek (Gasteiz, 1970) urteak daramatza artisau pastelak eta gozoak prestatzen. Kalitatezko eta gertuko osagaiak erabiltzen ditu, eta tradizioari leial jarraitzen dio, produktu bakoitzari behar den maitasuna emanda. Urteetako ibilbidean, azoketan eta feria ugaritan parte hartu du, eta aurten ere Bilboko Aste Nagusiko azokako partaideetako bat izango da, igandean. Haren aburuz, bezeroekin zaporeak partekatzea da bere eguneroko lanaren muina.

Zer aurki daiteke zure postuan?

Batez ere pastelgintzako produktuak. Nire salmenten oinarria euskal pastela da; kremazkoa, txokolatezkoa, Idiazabalgo gaztarekin egina, masustarena, arroz pastela edo sagarrarekin egina, besteak beste. Horrez gain, galletak, madalenak eta modan dauden gazta tartak ere eramaten ditut azoketara, pistatxoz eginak adibidez, eta, agian, noizbehinka brownie-ren bat ere bai. Azken batean, etortzen diren bezeroek ahalik eta aukera zabalena izatea nahi dut.

Nola antolatzen zara azoka egunetan?

Aurreko egunean prestatzen ditut zenbait ore, eta goizean bertan hasten naiz pastelak egiten. Goiz-goizetik hasten da nire lana, eta egin berriak dira produktu guztiak. Galletak, esaterako, aurreko gauean egin behar izaten ditut, bestela erraz puskatuko lirateke eta. Baina madalenak, ahal den neurrian, bero eramaten ditut. Gure helburua da bezeroak produktua ahalik eta egoera hoberenean erostea, etxean egin berri balute bezala.

Zer azokatan parte hartzen duzu? Eta nola erabakitzen duzu zenbat produktu eraman?

Ostiralero Amurrion [Araba] egoten naiz; larunbatetan, hiru astez behin, Bilbon; eta hilean behin, Oñatin [Gipuzkoa]. Lehen, Galdakaon ere [Bizkaia] egoten nintzen, ostegunetan, baina ezin da toki guztietara joan, eta orain Basaurira [Bizkaia] joateko aukera aztertzen ari naiz. Produktuen kopurua, berriz, azokaren arabera aldatzen da: azoka handietara gehiago eramaten dut, baina hainbat gauzaren araberakoa izaten da dena: eguraldia, lekua, Athleticek irabazi edo galdu egin duen... Denak eragiten digu. Hala ere, ohiko azoketara, gutxi gorabehera, kopuru bera eramaten dut beti, bezeroak ere antzekoak izaten dira eta.

Nola ikusten duzu gaur egungo nekazaritza sektorea eta merkatu txikien egoera?

Garrantzitsua da jendeak jakitea zer produktu mota jaten dituen eta nondik datozen. Hori erakusteko lekurik onena azokak dira, zalantzarik gabe. Gu bertan egoten gara, geure lana azaltzeko, nola lan egiten dugun kontatzeko, eta jendeak zuzenean ikus dezake nondik datorren erosten duena. Nire kasuan, elaborazioan aritzen naiz, baina nekazariek eta abeltzainek egiten duten lana ikusarazteko aukera paregabea da. Ezinbestekoa da guri Bilbo bezalako hiri handien barruan egoteko aukera ematea, gune horietara joaten uztea.

Zer erronkari aurre egin behar izan diezu?

Batak bestearekin lotura handia dauka; lehengaiak geroz eta garestiagoak dira, eta, gainera, nire kasuan, pastelgintzak fama txarra du azukreagatik. Azukrea ez da osasungarria neurririk gabe, noski, baina gozotasun apur bat ere ematen digu. Nik tokiko ekoizleengandik hartzen dut ahal dudan guztia, hurbileko produktuak erabiltzen saiatzen naiz. Baina justifikatu beharra izaten dugu askotan: ez dauka kontserbagarririk, ez dauka gehigarririk... Etengabe azalpenak ematen aritzen gara, eta batzuetan nekagarria izaten da.

Nabaritzen duzu alderik ohiko azoketako bezeroen eta Aste Nagusiko giroaren artean?

Bai; nik, behintzat, bai. Produktu bakoitza mundu bat da, baina, ni joan naizenetan, jendeak galdetzen dit ea datorren urtean itzuliko naizen. Ohitura sortzea da hori, San Tomas azokan bezala; jendeak badaki abenduaren 21ean dela, eta halakoetan ez dute zalantzarik egiten gure azoketara joateko. Aste Nagusian ere horrelako ohitura bat sortzen ari dela iruditzen zait, eta berezia da.

Ba al dago Aste Nagusian eskaintzen duzun produktu bereziren bat?

Oraingoz, Aste Nagusirako propio ez dut ezer prestatu, jaialdi horretan ez dugulako urte askoko esperientziarik oraindik. Baina, agian, pentsatu beharko genuke: zergatik ez sortu produktu tipiko bat egun horietarako? Hala ere, urte osoan gehien saltzen dudan produktua euskal pastela da, kremazkoa, klasikoa. Zalantzarik gabe, jendeak lotura handia egiten du euskal pastelaren eta azoken artean, eta badu berezko presentzia bat azoketako giroan.

LOTSABAKO

Zaporerik gustukoena?
Pistatxoa; oso modan dago.

Azokarik maiteena?
San Tomas egunekoa. 

Zer gustatzen zaizu gehien Aste Nagusiko girotik?
Jaia hastear denean jada sortzen den giroa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.