Udako seriea. Literatur ibilbideak (IV)

Gartxoten harpea gogoan

Itzaltzura gerturatuko da ibiltaria, Abodi mendilerro luzearen hegoaldeko mazelako altxorrak deskubritzeko asmoz, hala nola Elkorretako zuloa. Gartxot koblakariak han igaro omen zituen urte batzuk, azken hatsa eman zuen arte.

Elkorretako haitzuloa, Gartxoten zuloa. JOSEAN GIL-GARCIA
Elkorretako haitzuloa, Gartxoten zuloa. JOSEAN GIL-GARCIA
Josean Gil-Garcia.
Itzaltzu
2025eko abuztuaren 1a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

Komikiak, filmak eta kantak entzun dira azken urteotan Gartxot bardo nafarraren atzera-aurrerak hizpide. Haren berri, aitzitik, lehenago izan da. Arturo Kanpion idazle eta historialariak bardoaren balentria eta ausardia jaso zituen 1918an, ahozko eta idatzizko testigantzetan oinarrituta.

Literatur ibilbideak. Gartxoten harpea

Kontakizunaren arabera, Gartxot eta haren seme Mikelot Orreagako abadiako bi morroi ezagun ziren. Ahots ederrekoak eta Concasko kongregazioko fraideen zerbitzukoak biak. Mendietako zidorretan adituak ziren, eta herritarrek asko estimatzen zituzten, bi-biak kobletan ederki moldatzen zirelako. Antzinako euskal kantuak gogoan, ez omen zuten parekorik Orreagako Guduari gorazarre egiten. Abadeburuak, ordea, bikotearen jarrera begi onez ikusi ez, eta taktika bat diseinatu zuen Gartxot paretik kentzeko, baita Mikelot komentuan hizkuntza «kultuan» eta kantuan behar bezala hezteko ere. Deserriratzean, Gartxotek sosak onartu eta, ez bat ez bi, Abodi lerroaren magala bizilekutzat hartu zuen ardi sorta eder baten konpainian.

Bardoak, ordea, hartutako erabakia gogoan, atzera egin zuen handik gutxira, abadeari uste txarra hartuta. Eta, artzainen laguntza baliatuta, Mikelot askatzea lortu zuen. Abadeak ez zuen desafiorik onartzen, eta, beraz, soldaduak bidali zituen Gartxot eta haren semearengana. Atxilo hartu zituztenean, baina, Gartxotek nahiago izan zuen semeari bizia kendu semea fraideen eskuetan laga baino. Esan eta egin. Heriotza lazgarria izanagatik ere, erregeak aukera eman zion hainbat urtez horma artean bizitzeko. Elkorretako babesa hautatu zuen bardoak beste behin, betiere zigorra nahigabez eta arranguraz igarotzeko. Haitzulo xume baten iluntasunean eman zituen azken urteak. Kondairak dio usoak gerturatzen zitzaizkiola, mokoan gari aleak hartuta, koblakariaren gosea asetzeko helburuarekin. Hotzak eta gose gorriak jota, leize zuloan eman zuen azken hatsa.

Bunkerra eta behatokia

Itzaltzu herrian(Nafarroa)hasiko da oinezkoa ibilian-ibilian. Otsagabitik (Nafarroa) etorrita, herri sarreran ikusiko duen aparkalekuan lagako du autoa, elizaren parean. Frontoia igaro bezain laster, Gartxoten omenezko eskultura ikusiko du parkean, platanoen abaroan. San Jose karrikatik irtengo da Itzaltzu herritik. NA-140 errepidean aurrera segituko du, ibilbidearen hasiera topatze aldera. Tindu horiko PR zidorra gogaide, kilometro bat egingo du errepidean. Berehala agertuko zaio ezkerraldetik abiatzen den Betatuberria-Osaba ibilbidea. Hura alde batera laga, eta aurrera egingo du. Hala, 39. mugarria igaro eta berehala, Gartxoten bideari oratuko dio. Elkorreta eta Gartxot leku izenak baliatuko ditu mendian barrena ibiltzeko.

(ID_17527439468475) GARTXOT
Ripaldako ur jauzia. JOSEAN GIL-GARCIA

Errepide ondoko zidorrean gora hasiko da ibiltaria, sigi-saga. Ezpelak eta genistak lekua topatuko dute pagadi gaztean. Igoera apetatsua egin ahala, erkametzak eta ler gorriak bistaratuko zaizkio ibiltariari. Igoera sosegatua egingo du, beraz, landaretzak bapo babestuta. Hareharriz jantzitako bidezidorrak goratasuna hartzen lagunduko dio. Bide bazterrean astigar deigarri batek atentzioa emango dio segituan. Enbor handi bezain zimurtsua erakutsi nahian-edo, bide bazterrean ikusiko ditu, tinko-tinko. Aurrerago, aukera izango du betoi armatuz egindako bunker bat bisitatzeko. Pirinioetako mendi eta haranak zipriztintzen dituzten kokaleku horietako bat da lizar batzuek maskaratuta antzemango duena. Francoren ekimenez eraikiak izan ziren bunker horiek, defentsa lerro bat osatzeko asmoarekin, ustez.

Arboletako sakana ezkerraldean daramala, basoaz gozatzen jarraituko du bisitariak. Harrizko blokez beztitutako xendak bidea emango dio denboran atzera egiteko. Lizarrak, erkametzak eta ler gorriak mazelan zehar barreiaturik ikusteko parada ere izango du. Pago batzuk ere zirkulu susmagarriak eratuta ikusiko ditu, akaso behialako akelarretan bezala jarrita. Beste batzuk, ordea, enbor fin eta lirainak gora begira dituztela egongo dira, basoko gerlarien ezpaten antzo.

Ur jauziak

Azken paseotxoa egin pagadiaren zaintzapean, eta soilgune batera aterako da ibiltaria. Eskuinean zabaltzen den muinotik Nafarroako Pirinioen gaineko ikuspegiaz gozatzeko parada izango du. Behatoki aparta, zinez, Auñamendi, Kartxela eta Hiru Erregeen Mahaia mendiez bapo-bapo disfrutatzeko. Zidorrean berriz, noranzkoari eutsi eta, ibilian-ibilian, ler gorrien babesean jarraituko du. Koniferoak atzean utzita, lepo batera helduko da. Belardia alderik alde zeharkatu ostean, aurrerago hazten den pagadira joko du zuzen-zuzen. Behin pagadiarekin topo eginda, ezkerrera egin eta, paseotxo labur baten ondotik, Ripalda ur jauzira iritsiko da. Bizpahiru metroko salto batek egingo dio batzarri han. Ur biziak boteka eta jauzika amilduko dira kareharrizko harmailetatik behera.

Errekastoa gurutzatu, eta basabidean aurrera egingo du. Hala, igoera ttipi baten ostean, zeharkaldi laburra egingo du magaletik zehar. Basoa atzean utzita, alanbrea gurutzatu eta magalean gora jarraituko du, garo, erratz, elorri xuri eta arrosa landareek lagunduta. Belarrezko igarobide luzea amaitutakoan, maldan behera egiten hasiko da Moiveko sakanerantz. Bertan, Elkorretako lehen ur jauziak arreta piztuko dio. Ur emariaren paraleloan jarraitu, eta erreka gorago gurutzatuko du, lehen saltoa atzean utzitakoan. Bidexkak banantzen direnean, baina, aukera izango du Elkorretako haitzulora igotzeko. Horretarako, ezkerreko xenda baliatuko du. Aldatsean gora sigi-saga, harkaiztegiaren oinaldean irekitako aho txikira helduko da. Irekidura bitxiak bizkarra makurtzera behartuko du.

(ID_17527439165735) GARTXOT
Gartxoten omenezko eskultura, Itzaltzuko parkean. JOSEAN GIL-GARCIA

Haitzuloa bisitatu ostean, bidebanatzera itzuli eta Itzaltzuraino gidatuko duen xendari jarraituko dio. Errekan gora eginda, beste ur jauzi dotore batera iritsiko da. Orduan ezkerrera egin, eta Gartxoten haitzuloa janzten duen malkarraren gainetik igaroko da. Amildegia ezkerraldean duela, aurrera egingo du, inguruko paisaiaz ederki gozatuta. Gero, goratasuna galtzen hasiko da, eta beste ibar xume batera iritsi. Bidean aurrera egingo du terraza baten antzo magalean egokituta dagoen bidetik. Pinudiari begia kendu gabe, dezente ibiliko da alanbre baten ondotik. Barrera batera helduko da azkenik, behin igarobide berdea amaituta.

Atea zeharkatu, eta hegoaldera egiten hasiko da. Bidea zabaltzen den lekuan topo egingo du nekazari bide batekin. Handik abiatu ordez, haren ezkerrean zabaltzen den belargunearen barrutik egingo du. Muinoan behera egingo du eskuinean daraman alanbretik aldendu gabe. Minutu batzuk igarota, bidezidorrak lizar batzuen ondoraino lagunduko dio. Orduan, ondoan eraman duen alanbrea gurutzatu eta eskuinetik burutuko du jaitsiera bizia. Aldatsaren amaieran, nekazari bide batera irtengo da. Ezkerretik jarraituko du orduan, Tablados sakana atzean uzten delarik. Intxusta etxaldearen parean, ordea, daraman ibili laburreko xendak eskuinetik segituko du. Ler gorriak, lizarrak, elorri zuriak, astigarrak, erkametzak eta haritzak lagun, lau bideko elkargune batera helduko da. Noranzkoari eutsirik, zuzen jarraituko du. Aldamenean daraman xendatik pagadian sartuko da azkenik, eta basoaz disfrutatzeko aukera ezin hobea izango du. Bidebanatzean, SL NA-66 pintura arrastoei muzin eginda, goratasuna hartuko du bide zabaletik. Hala, aldapa amaituta, bideak ezkerraldera jo eta zehar-zehar gidatuko du haritz gorri galant bateraino. Basabidea uzteko garaia izango da orduan, hots, maldan behera abiatzekoa. Sigi-saga, zidor ederrak Itzaltzuraino lagunduko dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.