ATZEKOZ AURRERA. Olatz Azkunaga. Arabako Aspaceko gizarte langilea

«Garun paralisia dutenek balioak transmititzen dituzte»

Garun paralisia duten hogei lagunen argazkiekin erakusketa prestatzen aritu da Azkunaga. Irudi horietan, garun paralisia dutenen errealitatea ere azalarazi nahi izan du Aspacek.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2017ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Supermodelo erakusketa aisialdia eta dibulgazioa nahastuz sortu da. Hala azaldu du Olatz Azkunagak (Gasteiz, 1976), Araba Aspaceko gizarte langileak. Garun paralisia duten pertsonen balioak nabarmentzea du helburu, eta haien egunerokoa azalaraztea. Parte hartzaileek pozik hartu dute emaitza, baita haien senideek ere. Hain zuzen, horien lana nabarmendu du Azkunagak. Erakusketa ikusgai dago Gasteizko gizarte etxeetan. Egun, Hegoalde auzoan ikus daiteke.

Zer lortu nahi duzue erakusketarekin?

Alde batetik, gizarteari helaraztea garun paralisiaren errealitatea. Beste alde batetik, ezintasunak dituztenen irudi positiboa ikusaraztea. Aurreko urteetan bezala, irudi positiboa sortu nahi dugu.

Oro har, irudi negatiboa dagoela ondoriozta daiteke?

Dagoen irudia ez da negatiboa. Baina arreta handiagoa jartzen dugu egin ezin dezaketenean, egin dezaketenean baino. Horregatik eman nahi genion daukatenari ukitu positiboa.

Zer da Supermodeloa izatea?

Aspacerentzat, zerbaitetan eredugarri izatea da. Erakusketa honetan ageri diren pertsonak balio batzuen eredu dira, askotan ez ditugunak kontuan hartzen: zoriontasuna, zintzotasuna, bat-batekotasuna eta abar. Argazkietan ageri dira balio horiek.

Balioak transmititzen dituzte?

Hain zuzen ere. Nahita lotu ditugu balioa eta argazkian ageri diren pertsona. Adibidez, Ianire Retuerto eta poztasuna lotu ditugu. Ianireri asko eragin dio paralisiak, eragozpen asko ditu. Hala ere, pertsona alaia da. Berarekin egoten garen bakoitzean, poza transmititzen digu.

Esan izan duzue «perfektua ez izatea» gakoa dela.

Noski. Lehenago aipatutako balioak goraipatzeko erabili dugu esaldi hori. Garun paralisia dutenek balioak transmititzen dituzte. Balio horiek ikusi nahi badituzu, ikus ditzakezu.

Normalean protagonismorik izaten ez duten pertsonek hartu dute protagonismoa erakusketarekin. Nola bizi dute haiek?

Argazki saioa bukatu genuenean, euren buruak ikusi ahal izan zituzten, poz-pozik gainera, eder-eder. Orain, panel handietan ikusi dituzte euren buruak, esaldi eta guzti. Asko gustatu zaie, baina, batez ere, euren senideei.

Senideek eskertzen al dituzte horrelako lanketak?

Bai. Oso garrantzitsua da senideek indarra jasotzea. Izan ere, mendekotasun maila handia daukate garun paralisia dutenek. Pertsona horiek senideek zaintzen dituzte gehienbat. Zaila da egunerokoan beti indartsu mantentzea.

Eraginik badauka protagonisten umorean?

Bai, inongo dudarik gabe. Autoestimua hobetzen diete.

Gizarte etxetik gizarte etxera ibiliko da erakusketa martxoaren 20 arte. Aldaketarik espero duzue joaten direnengan?

Gizarte etxeak zentzuz aukeratu genituen erakustoki gisa. Hiriko auzo guztietan daude, eta jende asko joaten da horietara, hainbat arrazoi direla medio. Horregatik, pertsona askori iritsiko zaie mezua. Gainera, uste dugu oraingoan jendea harritzea lortu dugula. Horren ondorioz, sentsibilizatu egingo ditugu gaiarekin. Akaso, hausnartzera ere bultzatuko ditugu, baina hori jakitea zaila da.

Aspace elkartearen lana azaleratzeko balio izango al dizue erakusketak?

Alde batetik lagunduko digu, baina ez da hori Supermodelo erakusketaren helburu nagusia. Ez dugu elkarte gisa egiten dugun lana goratzerik nahi. Gure lanaren beharra dutenek edo izango dutenek gu ezagutzea garrantzitsuagoa iruditzen zaigu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.