Funtzionatzen dutelako. Funtsean, horregatik erabiltzen dira figura erretorikoak. Zaharra da artea, eta edonon ikus daitezke haren aztarnak. Maitaleen eskutitzetan, eztabaida politikoetan, publizitate kanpainetan... Jakina da ongi konbinatutako hitzekeragin handia izan dezaketela hartzailearengan. Neurketa enpirikoa egin du orain, ordea, Nicola Molinaro ikerlariak. Garunaren hizkuntza ulertzeko azterketa. Oximoron izeneko figura erretorikoak eragiten duen garun aktibitatea neurtu du berak zuzendutako Donostiako Basque Center On Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroko lan taldeak, eta NeuroImage aldizkarian argitaratu ditu emaitzak.
Kontraesan ulergarria, hori da oximoron bat; esanahi berri bat sortzen duten eta kontrako esanahia duten hitzen elkarketa. Etengabe erabiltzen den figura erretorikoa da, eta hamaika dira adibideak: argi beltza, zarata isila, bizirik dauden hildakoak... Horiek dira Molinarok aztertu dituenak. Ondorioztatu duenez, garuneko ezkerreko bekokialdean aktibitate handia sortzen dute. Eta zati hori du gizakiak, gainontzeko espezieekin alderatuta, garatuen. Hizkuntza gaitasunarekin estuki lotuta dago.
Munstro hitzarekin egin du Molinarok proba, adibidez. Hitz horren konbinazio batzuk aurkeztu dizkie berrogei boluntariori gaztelaniaz, eta haien garunaren aktibitatea neurtu du elektroenzefalograma baten bidez. Hitz bikoteekin egin ditu probak. Munstro bakartia, munstro beldurgarria, munstro ederra eta munstro geografikoa. Bikote horiek sortzen zuten aktibitatea aztertuta, berezitasun hori sumatu zuen emaitzetan: oximoronak sortzen du aktibitate handiena burmuinean, garuneko ezkerreko bekokialdean. Munstro ederra hitz bikoteak, alegia.
Ulermenaren muga
Beste figura literario batek ere pizten du garunaren zati hori; pleonasmo izeneko figura erretorikoak, zehazki. Munstro beldurgarria bikoteak. Esanahirik gehitu gabe, espresibitatea handitzeko erabiltzen diren elementuekin osatzen da figura hori, eta, Molinaro zientzialariaren ikerketaren arabera, horiek ere aktibitatea sortzen dute burmuinean, garuneko ezkerreko bekokialdean betiere. Ez, ordea, oximoronak bestekoa.
Esapide naturaletatik zenbat eta urrunago egon, orduan eta garun baliabide gehiago erabiltzen dira hura prozesatzeko. Hori izan liteke laburpena. Baina muga bat ere badago: zuzentasunarena. Oximoronen kasuan, kontrajarritako bi esanahiek beste esanahi bat sortzen dute, baina munstro geografiko bikoteak ez du halakorik sortzen. Mezua jaso eta 400 milisegundora esaldian oker bat dagoela detektatzen du garunak, eta hor eteten da soka. Oximoronarekin, aldiz, 500 milisegundora hasten da martxan garuneko ezkerreko bekokialdea.
Hizkuntza poetikoa prozesatzeko modua ulertzen lagun dezake Molinaroren lanak, eta garunaren funtzionamendua argitzen. Erresonantzia magnetikoekin ari da orain lanean.
Ezarian. Zientzia
Garunaren hizkuntza
Figura erretorikoek garunean izaten duten eragina aztertu du Nicola Molinaro ikerlariak, eta bestelako esapideek baino garun baliabide gehiago aktibatzen dituztela ondorioztatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu