Euskara irakasle ohia

Idoia Perez de Nanclares: «Gasteizen egoera soziolinguistikoa eraldatzeko lanean aritu naiz, eta hala jarraituko dut»

Euskal Filologiako ikasketak amaitu berritan, euskara irakasle hasi zen Jesus Obrero eskolan, 1984an. Bertan aritu da iaz erretiroa hartu zuen arte. Gaur egun, hamaika saltsatan sartuta dabil, burua eta gorputza nekatuz.

Idoia Perez de Nanclares. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Idoia Perez de Nanclares. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Maddi Iturriotz Alkorta
Gasteiz
2026ko apirilaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizitza osoa hamaika saltsatan murgilduta izan ostean, erretiratu berritan, oraindik hiriko Salburua auzoaren erritmo lasaira egokitzen ari da Idoia Perez de Nanclares (Eibar, Gipuzkoa, 1961). Bertako kafetegi batean ipini dio hitzordua kazetariari: «Giro euskalduna dute hemen, guztiari baiezkoa ematen dioten horietakoa da jabea, eta oso gustura etortzen naiz hona». Elkarrizketaren hasieran espazio huraxe deskribatzeko erabili dituen hitz berberek balio dute, azkenean, elkarrizketatua bera ere definitzeko: bizitza osoa igaro du euskararen alde lanean, eta oraindik ezinezkoa zaio proposatutako zerbaiti ezezkoa esatea.

Zer moduz erretiratu osteko bizimodua?

Lehen moduan, agenda gainezka [barrez]. Lehen beti kezkak nituen buruan, eta horrek izugarrizko nekea eragiten zidan; orain, aldiz, bestelako gauza batzuekin nekatzen ditut gorputza eta burua: Salburuko parkean ibiltzen naiz sarri, esate baterako.

Zu, jaiotzez, Eibarkoa zara. Noiztik duzu harremana Gasteizekin?

Ni Eibarren jaio nintzen, bai, baina gurasoak Gesaltza Añanakoak ziren [Araba], eta betidanik izan dut lotura bat Gasteizekin. Hiri oso atsegina da; herri baten izaera du.

Eta Euskal Filologiako ikasketak egin zenituen.

Hala da, bai. Ni 1979an sartu nintzen, eta gradua berria zen. Gure aurretik promozio bakarra zegoen, eta garai hartan bost urteko gradua zen. Nabarmena zen korrika eta presaka osatutako zerbait zela. Imajina, latineko hiru ikasgai egin behar izan genituen! Halere, azpimarratzekoa Koldo Mitxelena eta Ibon Sarasola bezalako instituzioak irakasle izan genituela; ohore bat izan zen.

Nolatan animatu zinen?

Nik bi urte neramatzan euskara ikasten, baina euskara irakasle asko behar zituzten, eta hortxe sartu ginen pila bat. Gure aurretik uste dut hamar bat zirela, baina gu askoz gehiago ginen, bai. Nik bi urte bakarrik neramatzan euskara ikasten, baina nirekin sartu ziren beste batzuek nik baino euskara apalagoa zeukaten. Eta bigarren maila amaitzerakoan, hirugarrena egiten jarraitu ahal izateko, iragazki moduan funtzionatzen zuen euskara azterketa bat egiten ziguten, egun HABEren parekidea izango litzatekeena. Horretarako asko prestatu behar izaten genuen, aurreko bi urteetan egindakoa alferrik ez izateko.

Eta nolako prestakuntza jaso zenuen?

Ni, adibidez, Ataunera [Gipuzkoa] joan nintzen, San Martin auzoko baserri batera. Eta hango emakume batekin izan nintzen. Asko ginen Gasteiztik harengana joan ginenak, eta hura hona etortzen zenean, denak elkartzen ginen.

Bigarren maila aipatu duzu. 1980. urtea, a zer-nolako urtea, ezta?

Esango nuke! Azaroan Korrikaren lehenengo aldia egin zuten; gogoan dut parte hartu nuela. Eta hori baino hilabete batzuk lehenago, otsailean, Tejeroren estatu-kolpe saiakera gertatu zen. Egia esan, beldurtu egin ginen, zeren estatu kolpea aurrera irten izan balitz, zer egingo genukeen euskara irakasle izateko ikasten genbiltzanok? 

Kezka hori hedatua zen?

Jakina. Nire ama izuturik zegoen, eta Hizkuntza Erromanikoen gradua egitera animatu ninduen. Eta, noski, amak esaten duena bete egin behar denez, hantxe sartu nintzen, nahiz eta jakin banekien ez nuela horren inguruan lanik egin nahi. Hori bai, bigarren gradu hori egiteko hamar ikasgai besterik ez nuen egin behar izan, aurretik jada latinaren hiru ikasgaiak eginda neuzkalako [barrez].

Eta ikasketak amaitu, eta irakaskuntzara zuzenean.

Bai, Jesus Obrerora joan nintzen. Eskola hori sortu zutenean, langileak prestatzea zuten helburutzat, eta ni sartu nintzenean Lanbide Heziketako eskola zen. Ikasle ia guztiak, zikloren batean izan ezik, mutilak ziren. Baita irakasleak ere. Eta hortxe nengoen, 22 urterekin, berrogeita piko ikasleren aurrean, bakarrik. Orain, aldiz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzatik aurrerako eskaintza daukagu, eta bertako ikasleek Gasteizen aniztasuna bete-betean islatzen dute.

Nolakoak izan ziren hastapenak?

Hizkuntza eta normalkuntza proiektuetan murgildu nintzen, eta, ez zegoenez ia materialik, beste hizkuntzetatik itzultzen aritu behar izaten genuen. Gainera, testuak zatika banatzen genituen, eta bakoitzak bere erara egiten zuen eta nola hala elkartzen genituen. Ez nuen batere gustuko.

Zertan aritzen zineten proiektu horietan?

Denetarik egin dugu, egoerak eskatzen zuenaren arabera. Azken finean, hizkuntzaren normalkuntzaren gakoa motibazioan dago, eta hori lortzea da lehengo eta oraingo helburu berbera. Esate baterako, Hezkuntza Sailaren Ulibarri proiektuan murgilduta ibili ginen. Euskararen normalizaziorako gauzak egiten genituen bertan; paisaia linguistikoaren azterketa, esate baterako: kartelak, webguneak, paretetako idatziak, banatutako orriak... zer hizkuntzatan ageri diren eta zer hizkuntzatan ez begiratzea da. Eta gaizki daudenak aldatzea, noski. 

Eta, horrez gain, ikasleak euskara ikastera motibatzea gure etengabeko zeregin bat da; buruhauste asko eragiten dizkigu horrek. Ikastetxeko hiru hizkuntzen trataera bateratuak ere bai, noski. Hizkuntza batean egiten ikasi duzuna, berez, beste hizkuntza guztietan aplika dezakezu, horretarako erremintak baldin badituzu. Baina hizkuntza bakoitzeko irakasleak bere kabuz erakusten du gauza bera. Eta horrek, haurrak nahasteaz gain, denbora galera dakar. Baina hori benetan lortu nahi bada, hizkuntza irakasle guztien koordinazioa ezinbestekoa da, eta horrek denbora eta gogoa eskatzen ditu.

Eta motibazioa aipatu duzu. Hori nola lor daiteke?

Puff. Galdera benetan zaila. Hor dago euskararen biziberritzearen gakoa. Gogoan dut klasean Joxean Artzeren «hizkuntza bat ez da galtzen...» ipintzen niela hormaren batean, eta azaltzen nien horren mezua beraiei zuzendua ere bazegoela. Baina unean bertan ez dira horren kontziente. Batzuk, handik urte batzuetara, bai, zeren tokatu izan zait kalean ikasle ohi bat topatu eta hark esan: «Gogoratzen naiz klasean jarri zenigula Artzeren...».

Beraz, normalkuntzaren inguruan egindako lanaren fruituak etorkizunean ikusten dira?

Guk emaitzak momentuan bertan ikusteko egiten dugu lan, baina egia da orduan ez direla inplikatuak sentitzen, eta ez dakit zergatik, denbora bat igaro ostean, pizten zaie kontzientzia linguistikoa.

Sartu zinenean, beste harri baten kontra ere egin zenuen: euskararen ikasgaia ikasleentzat berria izango zen. Zer jarrera zuten harekiko?

Ni sartu nintzenerako, jada urtebete zeramaten euskara ikasten; beraz, bazuten horren aurrekaria; baina ez, haientzat ez zen trantze polita.

Eta eskolan igaro dituzun berrogei urtetik gora horietan, irakaslearen rola asko aldatu da?

Izugarri, bai. Lehen, irakasleak esaten zuenak balioa zuen, eta eztabaidaezina zen. Autoritate bat genuen. Orain, gauzak asko aldatu dira, eta autoritate hori ezbaian dago sarri. Eta horrek pena ematen du. Hala ere, gauza batzuk beti berdin mantendu dira.

Adibidez?

Nahi edo ez nahi, ikasleen kontuetan sartuta amaitzen duzu askotan. Ordu asko igarotzen ditugu haiekin, eta hartu-eman horretan konfiantza bat eratzen da. Eta konfiantza horretan, edo agian beste inor ez dutelako, arazo bat daukatenean, zugana jotzen dute gazteek. Eta zu hor zaude, haien parean. Beraz, irakaslea ez da irakasle soila: psikologoa ere bada batzuetan, zeren ikasleak erantzun bat espero du zugandik.

Eta beti izaten da zer erantzun?

Ez, baina bai. Hau da, inprobisatu beharra izaten da askotan, eta erantzun ziurrik ez badaukazu ere, zerbait esan behar diozu; irakaslea zara. Eta gurasoekin gauza bera; sarritan tokatzen zaigu haien psikologoak izatea ere.

Asko aldatu da irakasleen eta gurasoen arteko harremana?

Zeharo. Ni ikaslea nintzenean, irakaslea autoritatea zen; hark esaten zuena egin behar zen. Eta ni sartu nintzenean, berdin jarraitzen zuen horrek: autoritate bat bageneukan. Baina urteen poderioz... Orain edozein guraso agertzen zaizu esanez «nire haurrak esan dit...». Areago, niri tokatu izan zait gurasoren bati esan behar izatea: «Mesedez, ez niri oihukatu; horrela jarraituz gero, banoa». Eta autoritatea galdu izana oso gogorra egin zait.

Beste muturreko kasu batzuk ere badira, noski, erabat desesperatuak dauden gurasoak, zeinak ez dakiten nola kudeatu etxeko egoeraren bat. Egoera horiek ere oso latzak izan ohi dira.

Nola bizi dute hori ikasleek?

Gure autoritatearen galeraz kontziente dira. Haurrek badakite etxera joandakoan nahi dutena esan diezaieketela gurasoei, eta haien erabateko babesa izango dutela. Eta irakasle bihurtzeko formakuntzetan ez dira irakasten halako gauzak; horiek egunerokoan arituta ikasten dira.

Eskolan urteetan egindako lanaren aitortza modura, zuk eraman duzu haien izenean lekukoa Korrikan.

Bai! Albarekin batera [egun euskara irakasle eta hizkuntza proiektuaren burua da] eraman nuen. Berarekin lekukoa eramateko esan zidanean baietz esan nion, eta gero heldu zitzaizkidan urduritasunak. Niretzat Korrika oso hunkigarria da. Egin dituzten aldi guztiak ezagutu ditut, eta benetan zirraragarria egiten zait. 

Urtebete daramazu erretiratuta. Nolakoak dira oraingo zure egunak?

Inoiz ez dut jakin «ez» esaten, eta orain ere berdin jarraitzen dut. Bizitza osoan hamaika saltsatan ibili naiz, eta orain, beste erritmo batean, baina antzera nabil. Gorputza eta burua nekatzeko beharra daukat, edo beldurra. Beldurra hori egin ezean gerta daitekeenari. Ondorioz, egunero gimnasioan kirola egiten dut, josten aritzen naiz, egoera zaurgarrian dauden haurrei etxerako lanak egiten laguntzera joaten naiz, eta beste lagun batekin Ulerlaguna ere banaiz.

Zer da hori?

Beste hiriburu batzuetan uste dut ere egiten dela. Gasteizen kontu berria da. Geu elkarteak antolatuta, zenbait euskaldun beste zenbait euskara ikaslerekin elkartzen gara. Mintzalagun programak ezagunak dira; bada, horien antzekoak dira, baina ezberdintasun batekin: ulerlagunen programan ulermena lantzen dute ekoizpena baino gehiago. Eskolan, Gasteizen egoera soziolinguistikoa eraldatzeko lanean aritu nintzen, eta orain gauza bera egiten jarraituko dut.

Eta egunak nahiko ordu al ditu hori dena egiteko?

Ez dut ukatuko batzuetan kosta egiten dela, baina ondo antolatzea da gakoa. 

Urte sabatikoa hartu beharko duzu erretiro garaian.

Aurreko batean egin nien alabei txantxa bera, eta haiek erantzun zidaten Erasmus bat egin beharko nuela [barrez]. Baina ez, hementxe geratuko naiz, burua eta gorputza etengabe martxan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA