Gastronomia udalekuak eskainiko ditu BCCk

Basque Culinary Centerrek 14 eta 17 urte bitarteko gazteentzat antolatu ditu udalekuak

Erredakzioa
Donostia
2012ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Sukaldaritzaren sekretuak ezagutu, arrantzontzi batean ontziratu, artzain batekin gazta egin... hori eta gehiago egin ahal izango dute Bculinary Udan udalekuetan parte hartuko duten gaztetxoek. Eusko Jaurlaritzaren Hazi korporazioarekin elkarlanean antolatu ditu Basque Culinary Centerrek udalekuak, 14 eta 17 urte bitarteko gaztetxoentzat. Ekainaren 29an hasi, eta uztailaren 8ra arte egingo dira udalekuak, Itsasmendikoi Fraisoro Nekazaritza Eskolan, Zizurkilen (Gipuzkoa).

Egonaldi osoko hamar egunetan, 24 neska-mutilek gastronomiaren sekretuak ikasiko dituzte; horretarako, Aitzol Zugazti Basque Culinary Centerreko irakasle eta sukaldariburua izango dute lagun. Gainera, hainbat monitore izango dituzte sukaldaritzari lotutako lantegi praktiko, irteera eta bisitaldien bidez gastronomiaren mundura hurbiltzeko. Itsasmendikoi Fraisoro Nekazaritza Eskolakoirakasleak arduratuko dira produktuarekin zerikusia duten ikasgaiez, eta nutrizio eta dietetikako adituek ere parte hartuko dute udalekuetan.

Lantegiak eta irteerak

Sukaldaritzaren munduan barneratzeko, lantegiak eta irteerak egingo dituzte. Lantegiei dagokienez, ondorengo hauek antolatu dituzte: lekaleak eta zerealak; haragia eta parrilla; ogia eta pizza; pasta eta arroza; frutak, barazkiak eta belar aromatikoak; esnekiak; arrainak; sukaldaritza sortzailea; txokolatea eta postreak; euskal sukaldaritza tradizionala; nazioarteko sukaldaritza; pintxoak eta dastatzea.

Baina lantegiak ez ezik, irteerak ere egingo dituzte. Besteak beste, Tolosako merkatua bisitatuko dute Roberto Ruiz sukaldariaren laguntzarekin. Hark erakutsiko die ikasleei zentzuz erosketak egiten eta produktuak ondo aukeratzen. Baratzeko produktu horiek erosi eta gero, prestatzen ere ikasiko dute. Itsasoan ibilaldia egingo dute, arrantzontzi batean. Sukaldari ezagun baten jatetxea eta sukaldea ezagutuko dituzte. Upategi bat bisitatuko dute, sagardoa edo txakolina nola egiten den ezagutzeko. Gazta egingo dute Gomiztegiko Artzain Eskolan...

Informazio gehiago nahi dutenek 902-540 866 telefonora dei dezakete, edo www.bculinary.com helbidean sar daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.