Gaueko txangoa

Lan Gaua egingo dute gaur, Arantzan, kontrabandisten lana gogora ekartzeko.Josetxo Taberna kontrabandista ohia izango dute gidari

Josetxo Taberna eta Xanti Elizagoien kontrabandista izanak, Arantza herriari begira. BIDASOALDEKO KONTRABANDISTAK.
Nagore Etxeberria.
2016ko martxoaren 19a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Gaueko ordu txikietan. Ilunpean. Isilean. Halaxe egiten zuten gaueko bidaia kontrabandistek. Beti ezkutuan, gaueko iluntasunaren babesean, Guardia Zibilak, karabineroak edo guardiek ikus ez zitzaten. Ilargiaren argia zen haien eskuargi bakarra, eta mendiko zulo eta txokoak haien babesleku eta gordelekuak.

Kontrabandista haiek egindako bidea egingo dute gaur ehundik gora lagunek Arantzan (Nafarroa), iluntzerako antolatu baitu Lan Gaua Bidasoko Kontrabandisten elkarteak. 20:00etan dute hitzordua, Arantzako aterpean. Han mokadutxo bat egin ondotik, ibilbidearen inguruko argibideak emango dituzte, eta gaueko gidaria aurkeztuko dute: Josetxo Taberna, 73 urteko arantzarra.

14 urte zituela hasi zen Taberna kontrabando lanetan. Garai gogorrak ziren haiek: gerra ondorengo eta diktadura garaiko eskasiak eta miseria gorriak eta iparraldearen eta hegoaldearen arteko garapen ekonomiko eta zerga politika erabat ezberdinak. Arrazoi horiek zirela kausa, kontrabando lanetan aritu ziren Bidasoa inguruko gizon eta emakume ugari. Euren ohiko lanak egiten jarduten zuten egunez, eta, gauez, pisu handiko paketeak hartu, eta alde batetik bestera pasatzen ibiltzen ziren, sos batzuen trukean. Eskasian ziren produktuak eta debekatuak zeudenak izan ohi ziren kontrabandorako merkantzia: ogia, azukrea, tabakoa, kafea, edariak, dirua, abereak...

Gaur, lagunduta

Urte haietan hamaika bider egindako bidea errepikatuko du gaur Tabernak. Oraingoan, baina, garai hartan ez bezala, lagun kuadrilla handi bat izango du bidelagun. Bidean, kontrabandista garaian pasatutako estutasunak, kalamidadeak eta gorabeherak ekarriko dizkie gogora txangoan parte hartuko dutenei. Kontrabandoa nola pasatzen zuten, merkantzia nola jarraitzen zuten eta non ezkutatzen zuten, non babesten ziren eta beste hamaika kontu kontatuko dizkie gaueko txangora etorritako lagunei.

Urtero, martxoko ilargi betearen inguruko larunbatean egiten dute Lan Gaua, «garai aproposa delako: basoan oraindik ez dago hosto askorik, eta bidea argiago ikusten da», argitu du Mikel Albisu Bidasoko Kontrabandisten elkarteko kideak.

Lan Gaua antolatzen duten laugarren urtea da. Beti, kontrabandista ohien bat izan dute gidari. «Ezinbesteko baldintza da. Azkenean, zuzeneko kontakizunari eta testigantzari ematen diogu garrantzia», zehaztu du Albisuk.

Aurten, Taberna izango dute gidari. Arantzako aterpetik abiatuko dira parte hartzaileak, eta han amaituko dute, handik hiru ordura. Denera, ia zortzi kilometroko bidea egingo dute, Zapuru mendiaren inguruetan.

Nork bere argia eramatea eskatu dute; ahal dela, buruko argia. Horrez gain, mendian ibiltzeko oinetako eta arropa egokiak eramatea gomendatu dute. Taldean ibiliko dira guztiak, baina isilik joatea eskatu dute, «kontrabando garaian girotzeko eta sentsazioak hobeto ulertzeko».

Lan Gauaz gain, Bidasoko Kontrabandisten Ibilbidea prestatu du elkarteak. Oinez zein mendiko bizikletaz egiteko bidea da. Oinez zazpi egunez egiteko bidea da, eta bizikletaz lau edo zazpi egunez. Kontrabandistek egiten zuten bidea erakustea da asmoa.

Lan Gaua

Gaur, 20:00etan, mokadua, Arantzako aterpean (Nafarroa).

21:00etan, ibilbidearen hasiera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA