ATZEKOZ AURRERA. Juan Carlos Bilbao. Tabernari ohia

«Gaur egun Bilbo pintxo potearen Port Aventura da»

Bilboko Muga tabernaren jabe izan da Bilbao 33 urtez, eta orain lekukoa pasatu du. Berezia izan da taberna, eta espiritu propioa eduki duela dio. Jabe berriek izaera horri eutsiko diotela bermatu du.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2017ko ekainaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Oraindik azken ukituak ematen ari direla sartu da Juan Carlos Bilbao (Portugalete, Bizkaia, 1961) Muga tabernara. 33 urteren ostean, taberna saldu du, eta duela bi aste itxi zituen ateak. Atzo berriz zabaldu zuten, ordea, jabe berriekin, baina Mugaren espiritua mantentzeko asmoarekin. «Dagoeneko ez da zure taberna, baina etxean bezala zaude!», esan dio irri artean jabe berriak. Zerbaitegatik ezagutzen baitu jende guztiak Juancar Muga izenez. Abizena ere eman dio tabernak.

Zein sentimendu dituzu taberna itxi berritan?

Bertigoa. Bost urte daramatzat ordezko bila, eta modu batera hustu egin naiz. Nahi nuen zerbait izan den arren, astebete aritu naiz taberna husten. Oso neketsua izan da fisikoki eta mentalki. Laugarren egunerako ez neukan isurtzeko malko gehiago. Bizi osoa topatu dut bertan: diskoak, fanzineak, argazkiak, gogoratzen ez nituen gutunak, postalak...

Hor nonbait egongo zirela uste zenuen, baina berriz ikusi ez zenituenak?

Askotaz ez nintzen gogoratu ere egiten. Garbiketa egun horietan jendea sartu zait, besarkadak jaso ditut, negarrak...

Bilboren zati bat izan delako taberna hori ere.

Bai, hor egoteko zortea izan genuen. 1984ko maiatzaren 4an zabaldu nuen, Athleticek irabazi zuen azken Kopako finala baino lehen, eta 7an ospakizuna izan zen. Ziurrenik, ospakizun hori gabe ez zuen iraungo, espero ez nituen diru sarrera batzuk izan nituelako.

Zein izan zen jarri zenuen abestia?

Zabaldu zenean ez zuen musika entzuteko taberna bat izan behar; garai hartako pintxo taberna moduan zabaldu nuen. Bost disko nituen: Silvio Rodriguez, La Otxoa, Desde Santurce a Bilbao Blues Band eta Los Panchos.

Egun entzuten denarekin zerikusi gutxi...

Bai, baina ni marxismotik nentorren, Victor Jara eta halakoak entzuten genituen.

Tabernarekin aldatu zinen?

Bai, zerbitzari bat sartu zen, eta hark ekarri zuen musika. Hasi ginen material alternatiboak saltzen,fanzineak, kaseteak... Bilbon DDT zabaldu zen arte, Mugatik aparte leku gutxitan saltzen zen materiala saltzen genuen.

Egun tabernetan apenas saltzen den diskorik.

Guk beti egin dugu hori. Zabaldu genuenean, kalean aktibitate asko zegoen. Orduan uste genuen dena lortuko genuela. Ordurako, Bilbo zikina eta grisa zen, baina alaia. Gaur egungoarekin zerikusirik ez.

Orain turistikoa da...

Bai, gaur egun pintxo-potearen Port Aventura da.

Muga ere horrelakoa da, puntu turistiko bat?

Turismoa beharrezkoa da, eta ostalaritza salbatu du. Taberna gehiago daude... Muga, hala ere...

Hortik salbu dago?

Ez nuke esango sistematik kanpo dagoen zerbait garela, baina beti gure gisara ibili gara. Silviak [egungo jabeak] dio izaera horri eutsi nahi diola...

Eta zein da Mugaren espiritu hori?

Musika, janaria eta material alternatiboaren salmenta. Nik uste horiek direla espirituaren zutabe nagusiak. Aldatuz joan gara orain janari beganoa ere badagoelako. Gauzak hortik jarraitzen badu, Mugak ez du lehiarik izango.

Horrek pena ematen dizu, halako taberna gehiago ez egoteak?

Eguneko tabernetan ez dago antzekorik. Gauekoen artean, badaude halako taberna batzuk. Baina galdu da, bai. Orain, Mugara etortzen zen jendea bere haurrekin etortzen da.

Belaunaldiz belaunaldi igarotzen den ohitura bat orduan...

Taberna rockzale bat izaten saiatu gara, eta haurrentzako orgentzako lekua jarri behar izan dugu kasik! Gurasoak etortzen dira euren seme-alabekin, eta laster euren ilobak ere etorriko dira. Kolpe hori jaso aurretik utzi dut.

Aurrerantzean etorriko zara tabernara?

Inauguraziora etorriko naiz [atzo arratsaldean izan zen], baina jabe berriei tokia utzi behar zaie. Ez dut nekatu nahi, baina dena normalizatu arte bakoitzak bere tokia behar du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.