Hizkuntza gutxituetan ari diren irrati kazetarien soslaiaz tesia egiten ari da Irati Agirreazkuenaga (Erandio, Bizkaia, 1986). Horretarako, lau hilabete egin ditu Eskozian, BBCko Radio nan Gaidheal irratiko kazetariak elkarrizketatzen.
Zer azalduko duzu zehatz-mehatz gaur Leioan irratiko nazioarteko kongresuan?
Hizkuntza gutxitu eta irrati publikoa gaiaz ariko naiz, batez ere Eskoziako Radio nan Gaidheal eta Euskadi Irratiaz. Sakoneko elkarrizketak egin ditut bi irratietako kazetariekin. Azalduko dut hizkuntza batek nola determinatzen duen irrati baten lan egiteko modua. Euskadi Irratian, adibidez, bizpahiru belaunaldi daude elkarbizitzan. Radio nan Gaidhealen, beste batzuk. Belaunaldi bakoitzak hizkuntzaren bilakaera era ezberdinean antzematen du.
Zein beste irizpide hartuko dituzu kontuan konparaketa egiterakoan?
Lan ohiturak eta zer iturri kontuan hartzen dituzten. Kazetarien konbergentziaz ere ariko naiz. BBCn eskoziar gaelikoz aritzen diren kazetariak aldi berean telebistarako albistegiak ekoizten dituzte. Irratia ikuspegi komunitario batetik egiten dute, komunitateari oso atxikituta, tradizionalagoa. Telebistan kulturaren alor modernoagoa eta gazteagoa bultzatzen dute. Euskadi Irratian hori ez da gertatzen; irratirako ari dira bakarrik. Interesatzen zitzaidan beste puntu bat zen kazetariek euren buruaz duten irudia eta beste hizkuntza nagusian ari diren kazetarien aldean nola ikusten diren profesional mailan.
Eskoziako komunikabideen egoera nolakoa da?
Erresuma Batuan BBC da jaun eta jabe irratigintzan. Eskozian, gaelikoz ari diren komunikabideak aztertzeko orduan, lehendabizi kontuan hartu behar da gaelikoaren egoera. Gaelikoak ez du hain konnotazio politikoa, euskarak duen bezala. Parlamentuan, esate baterako, gaelikoaren alde dirua jartzen dute laboristek, kontserbadoreek eta edozein alderdik. Baina, bestalde, kontuan hartu behar da gaelikoaren erabilera eskasa dela eta komunitatea nahiko hertsia. BBCrena da nazio osoan eguneko 24 orduetan gaelikoz aritzen den irrati bakarra. Gero, badaude tokiko irrati txiki batzuk, egunean bospasei orduz gaelikoz aritzen direnak. Telebistari dagokionez, 2008. urtean sortu zuten gaelikoz emititzen duen kate bakarra. Aurrepausoak ematen ari dira azkeneko urteetan. Irrati-nobela batzuk gaelikoz egiten ere hasi dira. 2012. urtean gaelikoaren erabilerari buruzko inkesta baten datuak emango dituzte, eta datu onak espero dira.
Zer garrantzia dute herri batean hizkuntza propioan egiten diren irrati publikoak?
Berebiziko garrantzia dute; batetik, hizkuntza bat nortasun sozial eta pertsonal bat eraikitzeko plataforma delako. Hedabideak ezinbestekoak dira hizkuntza horri indarra emateko. Adibide gisa jar dezakegu 1976ko 24 orduak euskaraz ekimena. Aurreneko aldizeuskara modu publiko batean entzule kopuru handi bati helarazi zitzaion. Irratiak esfera pribatuko hizkuntza bat esfera publikokoa bihurtzen du. Gaur egun irrati publikoaren kalitatea bermatu behar da; lehiakorrak izan behar dugu, eta, horretarako, finantzaketa behar da.
Maria Gonzalez Irisarrik bere tesian jaso zuen euskarazko komunikabideak esparru bereko gaztelaniazkoak baino kalitate handiagoa dutela.
Tesiaren aurkezpenean izan nintzen, eta gustatu zitzaidan. Baina argi dago kalitatea zerbait subjektiboa dela. Gonzalezen metodologiak emaitza onak izan zituen euskarazko komunikabideentzat. 60ko eta 70ko hamarkadako euskarazko irratigintzaren ikerketa egin nuenean, Loiolako Herri Irratiak kalitatezko irratia egiten zuela esaten zidaten elkarrizketatuek, entzuleen intereseko albisteak jorratzen zituztelako. Gaiek entzule kolektiboarekiko lotura zuzena dutenean, irratiaren kalitatea handiagoa da. Entzuleei interesatzen zaizkien edukiak eskaini behar dira.
Euskadi Irratiak 29 urte bete ditu aste honetan. Zure ikerketaren arabera, zertan asmatu du, eta zertan ez?
Jakin izan du euskaraz edozer gauzez hitz egiten. Gauza guztietaz euskaraz hitz egitea, eta, adibidez, Egipton zerbait gertatu bada han norbait egotea euskarazko informazioa ematen aurrerapauso handia da. Ahalegin handia egin du alor horretan Euskadi Irratiak.
Internetekin nola funtzionatu beharko lukete euskarazko irratiek?
Irratiek entzuleak hartu behar dituzte kontuan. Internet baliatu beharko lukete entzuleen ekarpenak barneratzeko, eta ez bakarrik zuzenean, uhinetan baizik, eta irratigileek beraien baitan. Entzuleari gaur egun eginkizun aktiboago bat eman behar zaio. Horretarako, tresna sozialak tresna egokiak dira.
Komunikazioa. Irati Agirreazkuenaga. EHUko ikertzailea
«Gaur egun irrati publikoen kalitatea bermatu behar da»
'The Radio is Dead. Long Live the Radio!' kongresuan hizkuntza gutxituetako irrati publikoez ariko da gaur Agirreazkuenaga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu