«Gaurko aberatsek Rolexak eta Ferrariak dituzte; XVI. mendekoek, berriz, erlikiak zituzten etxean»

Aintzane Erkizia artearen historialariak Martiodako erlikien jatorria ikertu du, eta mataza handia agertu zaio haritik tiraka: Alemaniako moja artisauak, erlikien Europako salmenta sare handi bat eta tipologia artistiko oso bat daude garezurren atzean.

Aintzane Erkizia ikerlaria, Martiodako erlikien aurrean, Arabako Arte Ederren Museoan. RAUL BOGAJO / FOKU
Aintzane Erkizia ikerlaria, Martiodako erlikien aurrean, Arabako Arte Ederren Museoan. RAUL BOGAJO / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
Gasteiz
2026ko martxoaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Martiodako eliza txikian (Araba) zeuden ahaztuta, sakristia ilun batean, hautsak ezkutatuta. Mendeetako zikinkeriaren azpian, ordea, ikerlariek erlikia bat topatu zuten. Ez da metafora bat, hitzen esanahi literala baizik: santuen erlikiak gordetzen ziren Martiodako elizan, San Maurizio eta Tebasko legionarioen garezurrak, Santa Ursula eta 11.000 birjinetako hainbaten kaskezurrekin batera. Eta ez ziren edonolako burezurrak; aberaski dekoratuak zeuden, XVI. mendeko telekin bilduak, eta harribitxi eta brodatuekin hornituak.

Haien jatorrizko agertokian, kandelen argitan, ikuskari zerutarra izango ziren garai hartako ikusleentzat. Izan ere, harribitxi eta lentejuelek dirdira egingo zuten suaren argitan, «paradisuko distira» gogora ekarriz, Aintzane Erkizia ikerlariak azaldu duenez. Linterna batekin angelu ezberdinetatik garezurrei argi eginez erakutsi du efektua, eta, baiki, urteen patinak bitxiak opakutu baditu ere, haien ñirñirak badu beste munduko zerbait. Erlikien usainak ere liluratuko zuen ikuslea, buru horietako batzuk zabaltzerakoan barruan «belar usaintsuak» aurkitu baitzituzten ikerlariek. «Paradisuko usaina zuten, paradisuko distira, paradisuko itxura... Etxean santutasun puska bat izatea zen erlikia bat izatea», laburbildu du Erkiziak.

Eta horrela da: eliza batean aurkitu baziren ere, burezurrak etxean edukitzeko egindako erlikiak zirela ondorioztatu ahal izan du Erkiziak. Urteak daramatza piezak ikertzen, eta, Arabako herri txiki bateko haritik tiraka, Euskal Herri osoko herriak eta, areago, Europa osoko herrialde ugari lotzen dituen mataza bat aurkitu du, Flandriako gerrak, moja artisauak eta noblezia gose handiko euskal herritarrak barne hartzen dituen armiarma sare batean. Bidea, ordea, ez da erraza izan. Izan ere, «ez dago Martiodako erlikien inguruko inolako dokumentazio idatzirik», deitoratu du ikerlariak.

Detektibe lana

Batzuetan, horrelakoa da historialariaren lana, detektibe batenaren antzekoa. Aztarna urriak daude, eta haien atzetik joan behar. Bi aztarna zituen Erkiziak ikerketaren hasieran. Bata, Maria Dolores Lakabe ikerlariak idatziriko doktoretza tesia. Bertan, Antonia Hurtado de Mendoza noble arabarraren testamentua aipatzen da. Martiodako anderea zen Hurtado de Mendoza, eta, testamentuan zerrendaturiko ondasunen artean, «ene etxeko oratorioan ditudan erlikiak, ene aberastasunik preziatuenak» aipatzen ditu. Zeintzuk ote erlikia horiek? Bada, Martiodako elizan gordetzen ziren garezurrak, zalantzarik gabe.

Aipamen horrek eman zion Erkiziari buruen jatorriari buruzko lehen aztarna. Izan ere, Antonia Hurtado de Mendoza, ospe eta historia handiko askazi baten alaba izanagatik, gain behera zihoan leinu bateko kidea zen. «Hurtado de Mendozatarrak boteretsuak ziren XIII. mendean, baina XVI. menderako haien boterea ez zen garai batekoa, eta cash-a behar zuten», azaldu du Erkiziak. Hortaz, senarra aukeratzeko orduan, endaren purutasuna baino gehiago, poltsikoaren pisua hartu behar izan zuen kontuan Hurtado de Mendozak, eta Juan Nekolalde merkatari aberatsa hautatu zuen ezkontzeko.

Martiodako garezurretako bat. «Tebasko martiri santuen burua» idazkuna ageri du kopetan, eta burdinezko alanbrez dekoraturiko tela gorriak estaltzen du. RAUL BOGAJO / FOKU
Martiodako garezurretako bat. «Tebasko martiri santuen burua» idazkuna ageri du kopetan, eta burdinazko alanbrez dekoraturiko tela gorri batek estaltzen du. RAUL BOGAJO / FOKU

«Nekolalde ez zen goi mailako noblea, merkataria baizik, baina dirua bazuen», laburbildu du Erkiziak. Eta, hain zuzen ere, senarrari lagun eginez joan zen Hurtado de Mendoza Flandriara, hango gotorlekuetako arma inspektorea baitzen Nekolalde. Hori zen, beraz, jarraitu beharreko lehen arrastoa: Flandrian egon bide zen erlikien jatorria.

Bigarren arrastoa, berriz, garezurrei egindako DNA eta erradiokarbono probek eman zuten. Buruen jatorria eta antzinatasuna jakiteko baliatzen dira proba horiek, eta emaitza argia erakutsi zuten: Kristo ondorengo II-III. mendeetakoak ziren buruak, Alemania aldekoak. «Koloniara eta Treverisera (Alemania) begira jarri nintzen orduan» oroitu du Erkiziak. Izan ere, hiri horiek ziren Martiodako erlikien kultuen erdigunea.

Kondairak dioenez, V. mendean, Santa Ursula, Erromarako erromesaldi baten ostean, Koloniara itzultzen ari zen, 11.000 birjina lagun zituela. Hunoek, ordea, taldeari eraso egin zioten, eta Ursulak eta birjinek nahiago izan zuten bertan hil eta martirioa jasan, hunoek bortxa zitzaten baino. Tebasko legioa, berriz, San Mauriziok gidatzen zuen. Egiptoko kristauak ziren haren soldaduak, eta nahiago izan zuten heriotza zigorra jasan, inperioaren aginduetara kristau jendeak hil baino. Treverisen dago haien kulturaren erdigunea. Aztarna horiei jarraituz, beraz, Flandriara eta Alemaniara bidean jarri zen Erkizia, buruen jatorriaren peskizan.

Erlikien nazioarteko sare komertziala

Koloniako Santa Ursularen basilikan sartu eta gutxira argitu zitzaizkion buruen jatorriari buruz zituen zalantzak. Hantxe baitago Goldene Kammer deiturikoa (hots, urrezko ganbera), hormak garezurrez eta hezurrez mukuru. Santa Ursula eta 11.000 birjinen erlikiak dira horiek. Askok telazko dekorazioak dituzte, eta «Martiodako buruen oso antzekoak ziren». Hortaz, Erkiziak aurkitu zituen erlikia haien egile materialak: Santa Ursulako serorak. «Basilika berritzen ari zirela, erromatarren garaiko nekropoli handia aurkitu zuten, eta, Santa Ursularen erlikiak zirela sinetsirik, haiek gurtzen hasi ziren».

Hala ere, gaizki pentsatzen dutenek fite argudiatuko dute garai oso egokian eta negoziorako usaimen finarekin kausitu zutela mojek altxor hura. «Kontrarreformaren garaia zen, eta Eliza katolikoak erlikien gurtza indartu zuen, protestanteen kritiken aurrean», azaldu du Erkiziak. Hortaz, asko ziren etxean erlikia bat eduki nahi zuten katolikoak, eta Santa Ursula eta birjinenak eta Tebasko legioarenak ezin hobeak ziren salmentarako: 11.000 baitziren birjinak, eta 6.600 legionarioak. Buru asko saltzeko aukera, beraz. Oso negozio burutsua, esan liteke. 

Erlikiak saltzea debekatua egotea ez zen oztopo. Izan ere, hezurrengatik ezin zen dirurik ordaindu, baina lekaimeek haiek dekoratzeko ondutako telengatik, brodatuengatik eta bitxiengatik bai, horiek ondasun lurtarrak baitziren. Gainera, «oso ohikoa zen egun batean jaunek erlikiak jasotzea, eta hurrengoan zerbitzariak elizaren kutxan dohaintza eskuzabala uztera igarotzea». Alta, beren artisautza finarekin, mojek ez zuten soilik nazioarteko erlikien salmenta sare zabala sortu, baita «tipologia artistiko oso bat ere».

Izan ere, oraindik gutxi ikertu bada ere, martirien buruena mendebaldeko Europa osoan zehar zabaldurik den artelan mota bat dela ondorioztatu du Erkiziak. Martiodako buruetan ikus daitezke haien ezaugarriak. «Burdinazko hariarekin edo brodatuekin dekoratzen zituzten, eta harribitxi eta lentejuelak jartzen zizkieten», deskribatu du Erkiziak, buruen ezaugarriak banan-banan seinalatzen dituen bitartean. Buru bakoitza bakarra da, eta Europako leku askotara zabaldu ziren. Horietako bat da Flandria.

Euskal Herriko 'Gattopardo'-a

Flandrian bat egiten dute, hain zuzen ere, puzzlearen bi piezek: Martiodak eta Koloniak, Euskal Herriak eta Alemaniak. Esan bezala, Juan Nekolalde bertan zen Espainiako Koroaren kargudun. Garai hartan gerran zen Flandria, bertako protestanteek Espainiako errege katolikoarengandik independentzia lortu nahi baitzuten, eta erlikien auzia propagandarako erabili zuen Espainiako monarkiak. «Protestanteek erlikiak suntsitu nahi zituzten, eta haiek salbatzera joateko beharra azpimarratzen zen soldaduak gerrara animatzeko», azaldu du Erkiziak. Flandriako erlikiak Iberiar penintsulara eramateko garraio sarea antolatu zuten, beraz, haiek «salbatzeko» aitzakian.

Askok, ordea, motibazio pertsonalagoak zituzten, ez fedea soilik, erlikia horiek haienganatzeko. Nekolalderen kasua «paradigmatikoa» da: aberatsa izanagatik, ez zen askazi handi bateko noblea, eta bizitza osoa igaro zuen «noblezia» hori bazuela erakutsi nahian. Haren eta Hurtado de Mendozaren arteko ezkontza, Euskal Herriko Gattopardo-a balitz bezala, diru beharrean zen noblearen eta burges aberatsaren artekoa izan zen, bien estatusa sendotze aldera egina. Eta hor agertzen dira erlikiak. Izan ere, XVI. mendean, erlikiak «estatus sinbolo» garrantzitsuena ziren nobleen artean. «Gaurko aberatsek Rolexak eta Ferrariak dituzte; XVI. mendekoek erlikiak zituzten etxean», alderatu du Erkiziak.

Ezkerretik eskuinera, Urduña (Araba), Echternach (Luxemburgo) eta Martiodako (Araba) erlikien zigiluak. Jabe berarenak dira hirurak, eta opil formako marrazkia ageri ditu. AINTZANE ERKIZIA
Ezkerretik eskuinera, Urduñako (Araba), Echternach-ko (Luxenburgo) eta Martiodako (Araba) erlikien zigiluak. Jabe berarenak dira hirurak, eta opil formako marrazkia ageri dute. AINTZANE ERKIZIAK UTZITAKOA

Hortaz, Juan Nekolaldek erlikia haiek hartu eta Euskal Herrira ekarri zituen; itsasoz, ziurrenik. Etxean edukiko zituen, estatusaren sinbolo, eta bisitei harro erakutsiko zizkiela irudikatu du Erkiziak. Ez zen bakarra Euskal Herrian, halako buru asko aurkitu baitira: Bergondan (Araba) eta Urduñan (Bizkaia), esate baterako. Ikerketa esparru zabala ireki zaio Erkiziari.

«Luxenburgon eta Belgikan Martiodakoen opil formako zigilu bera duten erlikiak aurkitu ditut. Ziurrenik, Becker [okin] abizeneko norbaitek salerosiak ziren». Uda honetan Alemaniara egingo du bidaia Erkiziak, zigilu horren jabea identifikatu nahian. Suitzako Abegg fundaziora ere joko du: oihalen historian espezializaturik dago erakunde hori, eta Martiodako garezurren oihalak haien datu basekoekin gurutzatuta buruen historiari buruzko datu gehiago aurkitzea du helburu. Ondo bidean, laster izango da ikerketaren emaitza gehiagoren berri. Momentuz, Martiodako erlikien ehunen hariak ez du etenik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA