Aristarainen drama bikaina da Lugares Comunes. 2002ko Donostiako Zinemaldian Zilarrezko Maskorra eman zioten Mercedes Sampietro aktoreari lan horregatik eta gidoiak epaimahaiaren sari berezia jaso zuen. Martin (Hache) eta Un lugar en el mundo filmen egileak aktore bikainak izan zituen alboan (Federico Luppi, Mercedes Sampietro), eta, adimen handiz eginiko gidoi bati esker, film borobila egin zuen. Aristarainek, beti bezala, munduko arazoak ditu hizpide: Fernando Robles unibertsitateko irakaslea Liliana emaztearekin bizi da Buenos Airesen. Zoriontsu izateko, Pedro, Madrilen bizi den semea, ondoan izatea falta dute. Beste bizimodu bat hasi beharko du, unibertsitatea utzi behar duela esaten diotenean. Emaztea ezinbesteko makulua izango zaio.
Zuzendari argentinarra oso iaioa da pertsonaia sendoak eraikitzen, baita istorioak kontatzen ere. Haatik, pertsonaia indartsuak marraztea ez da Aristarainen ezaugarri bakarra, hezur-haragizko izaki horien bitartez ikuspuntu engaiatua ematen du beti. Izan ere, Argentinako krisialdi ekonomikoa azaltzen da istorioaren atzealdean. Solasaldi gogoangarriz betea dago filma -Aristarainen ezaugarria hori ere-, eta gidoia primeran garatua dago, leun baina indartsu.
Maitane Mitxelena
GAURKO FILMAK. Aristarainen beste drama bikain bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu