EHU-ko irakaslea eta ikerlaria

Eugenia Marin: «Gauzak gaizki egitea, hutsak egitea, ikasteko erreminta bat da»

Marinek zuzendutako ikerketa batek agerian utzi du hutsak egiteak balioa duela, eta hutsegite horiek hobekuntzari bide eman diezaioketela ikasketa prozesuetan. Hutsei esker (ere) ikasi egiten dela, alegia.

Eugenia Marin. RAUL BOGAJO / FOKU
RAUL BOGAJO / FOKU
enekoitz telleria sarriegi
2026ko martxoaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hutsegiteak ezagutzarako tresna gisa. Hutsak egitearen aldeko aldarria eta hutsak egitearen defentsa. Horixe proposatzen dute Eugenia Marinek (Burgos, Espainia, 1979) zuzendutako ikerketa batean. EHUko Psikologia graduko irakaslea, doktorea eta ikerlaria da Marin. Yeray Merarekin eta Nataliya Dianovarekin batera ondu du ikerketa.

Beraz, arrazoi zuen esaerak: «Huts eginez ikasi egiten da».

Hori da. Orokorrean, huts egitearen kontzientziak, zerbait gaizki egin dugula ohartzeak, zer edo zer ikasteko bidean jartzen gaitu. Dena ongi egiten dugunean, dena ongi ateratzen denean, iruditzen zaigu ez garela ezer ikasten ari. Baina zerbait gaizki egiteak arreta ematen digu, kontzientzia pizten digu, eta ohartzen gara badagoela hor hutsuneren bat, badagoela hor zerbait menderatzen ez duguna. Gauzak gaizki egitea, hutsak egitea, ikasteko erreminta bat da.

Nola atera duzue ondorio hori?

Bi estrategia erabili ditugu. Batean, proba batzuk jarri dizkiegu ikasleei, behin ikasketa prozesua hasia zutenean. Bestean, ikasketa prozesua hasi baino lehen jarri dizkiegu probak. Ondoren, emaitza horiek konparatu egin ditugu modu tradizionalean ikasi duten beste ikasle batzuen emaitzekin.

Modu tradizionala?

Irakurri, berriro irakurri, berriro irakurri, eta memorizatzen saiatzea.

Batean, hutsei erreparatzen zaie; bestean, ez. 

Hori da.

Baina hutsegiteak sustatzen dituzue?

Hutsegiteak sustatu baino gehiago, ikasle horiei probak jartzen dizkiegu. Probak jartzean, tokia egiten zaio hutsak egiteari. Izan ere, erabiltzen den estrategia bakarra lehen esaten nuen hura bada —dena ongi ateratzea, behin eta berriro irakurri eta memorizatzea, behin eta berriro azpimarratu eta irakurtzea—, ez dago hutsik egiteko tarterik. Ez dugu hutsak egitea sustatzen, baizik eta hutsek ere tokia izango duten agertokiak sortzea.

Diozuenez, hutsak egiteari buruzko pertzepzioa aldatu behar da. Zertan datza pertzepzio hori?

Ikasleei galdetu diegu ea zeintzuk iruditzen zaizkien ikasteko estrategiarik egokienak. Gehienek nahiago dute modu tradizionala: dena ongi doalako sentsazioa izan nahi dute, dena irakurri, berrirakurri... Azken batean, gaia menderatzen dutelako sentsazioa izan nahi dute. Ez dituzte maite zer ez duten ikasi edo zer ahaztu zaien agerian uzten duten estrategiak. Eta hezkuntza sistemak ere, nolabait, lehenengoaren alde egin izan du gehiago, esanez hutsak egiteak espazio bat okupatzen duela kognizioan, eta informazio egokiaren lehiakidea izan daitekeela. Beraz, pertzepzio orokorra izan da ahal dela ez dela hutsik egin behar.

Orain arte ikasketa prozesua nola ulertu den, hori da atzean dagoena?

Horri buruzko eztabaida ez da oraingoa, eta gure ikerketa ez da arlo horretan egin den lehenengoa. Jada badago tradizio bat nabarmentzen duena hutsegiteetan oinarritutako ikasketa garrantzitsua dela. Hutsek ez dutela zertan kaltegarriak izan, alegia. 

Baina ikasleak ohartzen dira horretaz? Zera esango dute: «Hutsena oso polita da, baina nik nota behar dut». 

Eta arrazoi dute. Hezkuntza sisteman, azterketak eta probak jarri izan dira beti ikaslearen azken jakintza zenbatekoa den ebaluatzeko. Guk proposatzen dugu tarteko proba txikiak egitea: joan den astean ikasitakoa gogora ekartzeko, modu ludikoan test batzuk egiteko, asmatzen ote duten jakiteko, baina beste ondoriorik gabe. Ez da gauza bera azterketa bat egitea edo azterketa baterako ikastea. Eta unibertsitatean badago presio moduko bat: «Gradua aurrera atera beharra daukat. Suspendituz gero, matrikula garestituko zait». Baina nik zera esaten diet nire ikasleei: ikasgai bakoitzerako hamabost aste baldin badituzte, aste horietan jar dezatela arreta ikasketa prozesuan, eta azterketak egiterakoan, berriz, izan daitezela estrategikoagoak. Oreka  aurkitu dezatela: ez daitezela aritu azken ebaluazio edo azterketa horretan bakarrik pentsatuz lehenengo egunetik beretik.

Ikerketan honela diozue: «Hutsegitea ezagutzarako tresna gisa».  

Hori da. Gero huts horiek zuzentzea baita azken helburua.

Jar dezakezu adibideren bat?

Irakasleak klasean galdera bat egiten badu, modu informalean, badago gaizki erantzungo duen beldurrez erantzuten ez duen jendea. Baina ikasleren batek ikasi duena gogora ekarri eta erantzun bat emateko ahalegina egiten badu, nahiz eta erantzuna okerra izan, jasotako ezagutza hori aktibatuko du. Une horretan, erantzun hori balio gutxikoa da. Baina ikasketarako aukera bat da, aprobetxatu beharrekoa. Baliagarria da erantzun duenarentzat, eta entzuten ari denarentzat ere bai. Guztiz zuzena ez den erantzun bat ematea ez da gauza txarra. Kendu dezagun hori burutik.

Izan ere, kale egitea...

Badakit, ez zaigu gustatzen. Ez zaigu gustatzen gauzak gaizki egitea eta huts egitea. Baina landu egin behar dugu hori maila emozionalean ere. Ikasleei gogorarazi behar diegu kale egitea ikasketa prozesuaren parte dela, ez dela ezer gertatzen, ikasten lagunduko diela, eta ezagutza lortzeko oinarrizkoa dela.

LOTSABAKO

Nola eman behar zaio ikasleari hutsen berri: boligrafo gorriz edo berdez?
Hutsegitea marko batean jartzeko modua garrantzitsua da. Ikasketa prozesua beti uztartu behar da laguntza emozionalarekin. Ikasten ari den horri ezin diogu motibazioa galarazi edo motibazio aldetik kalte egin. Modu eraikitzailean eman behar da hutsegitearen berri. Ematekotan, berdez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA