Udako proposamenak

Gazteak lehen lerroan

Gaur eta bihar jokatuko dituzte bertsolaritzako Lizardi sariaren kanporaketak, Zarautzen. Irailaren 4an izango da finala.

Aurreko urteko Lizardi sariaren finala, Zarautzen. GUKA
Aurreko urteko Lizardi sariaren finala, Zarautzen. GUKA
2026ko abuztuaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tabernan, plazan edo oholtza gainean. Lagunartean edo publikoaren aurrean. Bertsolaritzak belaunaldiz belaunaldi bizirik iraun du, eta nagusienen ahotsen lekukoa hartu dute gazteek. Horren erakusgarri da Lizardi saria. 

Bertsolari gazteen Lizardi sariaren 50. aldia egingo dute gaurtik irailaren 4ra, Zarautzen (Gipuzkoa). Euskal jaien egitarauaren barruan antolatu dituzte bertso saioak. Gaur eta bihar izango dira finalerdietako bi saioak, 22:00etan, Santa Klara komentuan. Finala, berriz, irailaren 4an jokatuko dute, ostiralean, 22:00etan, Modelo aretoan. Finalerdi bakoitzean zortzi bertsolarik abestuko dute. Gaur, lehen saioan, Araitz Katarain, Bittor Altube, Kattalin Lizarraga, Haizea Arana, Julene Iturbe, Amets Aizpurua, Uxue Alkorta eta Maddi Aiestaran arituko dira kantuan. Bihar, berriz, Adei Urbitarte, Ekhi Mateorena, Haira Aizpurua, Mikel Etxezarreta, Martin Abarrategi, Suhar Gesalaga, Irantzu Idoate eta Ekain Tolaretxipi bertsolarien txanda izango da. Aitor Urbieta Lizardi sariaren antolatzaileetako batek azaldu duenez, hamasei bertsolarietatik sei iritsiko dira finalera, «saio bakoitzean lortutako puntuen arabera». Urbietak zehaztu du gaurko eta biharko saioetako irabazleak zuzenean pasatuko direla finalera, eta puntu gehien batzen duten gainontzeko lau bertsolariak elkartuko zaizkie finalean. «Gerta daiteke egun batean lau bertsolari sailkatzea eta bestean bi, eta inoiz saio batetik bost sailkatu izan dira, eta bestetik bakarra». Ez da ordaindu beharko saioak bertatik bertara ikusteko. 

Urbietak azaldu du orain dela urte batzuk —«2017ra arte, gutxi gorabehera»— kanporaketak «bertso afarien formatuan» egiten zituztela, elkarteetan. Orain, aldatu egin dute saioen egitura, eta kanporaketak ere, finala bezala, oholtzan egiten dituzte, «nahiz eta finalerdietako oholtza finalekoa baino txikiagoa den». Gazteei lekua uztearen garrantzia azpimarratu du antolatzaileak. «Izan ere, oso garrantzitsua iruditzen zait gazteak lehen lerrora pasatzea». Aipatu du gazteek «plaza gutxi» dauzkatela eta halako formatu «serioagoek» ere mesede egiten dietela. Ez du uste bertsolaritzaren «oinarria» txapelketa denik, baina ona da «entrenatzeko eta serioago hartzeko» aitzakia bat izatea. «Mesede egingo die txapelketa handiagoetarako entrenatzeko». Ekain Tolaretxipi bihar arituko da bertsotan, bigarren finalerdian, eta adierazi du lehian «urduritasuna eta motibazioa, biak» sentitzen direla. Azaldu duenez, «tentsioa eta urduritasuna» nabaritzen dituzte horrelakoetan, «kanporaketaren ondoren beste zerbait egoten delako jokoan: finala». Argi dauka helburua: «Lehiak dakarren exijentzia kontuan izanda ahalik eta ondoen kantatzea». Bertsolari hernaniarraren ustez, ez dutenez aukera askorik lehiatzeko, «are motibazio handiagoa» izaten dute horrelakoetan.

Gazteen ekarpena, «etorkizuna»

Tolaretxipik uste du belaunaldi gazteenek bertsolaritzari eman diezaioketena «etorkizuna» dela, eta, alde horretatik, «pozgarria» iruditzen zaio Gipuzkoako Txapelketan zenbat gazte sartu diren ikustea. Azpimarratu du «emakumeen presentzia» ere handitu egin dela txapelketetan, eta hori garrantzitsua dela. 7 urte zituela hasi zen Tolaretxipi bertso eskolan, eta gaur egun bertan «denetik» egiten dutela argitu du. «Baina, bereziki, bi gauza uztartzen ditugu: bertsotan egiten dugu, baina baita elkarrekin hitz egin eta elkarren berri izan ere».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA