Mikel Urdangarin. Plazara Goaz elkarteko kidea

«Gazteei sorkuntzarako aukera ematea garrantzitsua dela iruditzen zaigu»

18 urtetik azpiko gazteentzat talentu lehiaketa antolatu dute Plazara Goaz taldeak eta Donostia Kulturak, artista gazteenek beren sormena lantzeko plaza bat izan dezaten. Izena emateko epea irekita dago.

MAITANE ALDANONDO / IRUTXULUKO HITZA.
Iñaki Lasa Etura.
Donostia
2012ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Gazte talentudunei aukera bat eskaini die Plazara Goaz Donostiako Intxaurrondo auzoko euskara elkarteak Donostia Kulturarekin lankidetzan. Elkarteko kide Mikel Urdangarinek (Eibar, Gipuzkoa, 1965) lehiaketaren nondik norakoak azaldu dizkio BERRIAri.

Zergatik talentu lehiaketa bat?

Jakin badakigu gazte eta haur asko daudela bai ikastetxeetan, musika eskoletan edo dantza eskoletan beraien trebetasunak lantzen. Haientzako gero plaza gutxi daude, ikastetxeak berak edo musika eskolak antolatutako ekitaldietan parte hartzen dute, baina gero ez dago horrelako sarerik edo plazarik. Gazteei sorkuntzarako aukera ematea garrantzitsua dela iruditzen zaigu. Bizkaian antzeko zerbait egin da, eta uste dugu ona dela artistentzat.

Edozein diziplinatako artista gazteek har dezakete parte?

Bai, sormenak eman dezakenari mugarik ez jartzea egokiena zela iruditzen zitzaigun. Zergatik ez konbinazio bat? Bat, bakarrizketan; bestea, musika jotzen, eskujokoak egiten...

Euskarak leku garrantzitsua izango du, ezta?

Plazara Goaz euskaldunon elkarte bat da, eta gure xedeetako bat da hizkuntz komunikatibo bat sendotzea: elkar ezagutzea, saretzea eta erabilera sustatzea. Elkartea 1988an sortu zen, eta betiere helburu hori izan du: euskaldunok elkar ezagutzea. Dena den, lehiaketa ez da horretara mugatzen, ez du zertan Intxaurrondokoa edo Donostiakoa izan.

Zeinentzat da?

1994tik aurrera jaiotakoentzat. Alegia, aurten 18 urte bete dituztenak edo gazteagoak. Nonbait ezarri behar genuen muga, eta horrek ere erronka bat jartzen digu mahai gainean: hortik gorakoentzako beste adin tarte batentzako zerbait egin beharko litzatekeela. Jatorria ez dago mugatuta, edonork har dezake parte.

Non eman behar da izena?

Izena emateko Plazara Goaz euskal elkartearekin edo Intxaurrondoko Kultur Etxearekin jarri behar dute harremanetan. Bi helbide elektroniko dauzkate eskuragarri horretarako: [email protected] edo [email protected].

Noiz amaituko da epea?

Ekainaren 22a da izen emateko azken eguna. Ondoren hilaren 26an, 18:00etan, Intxaurrondoko Kultur Etxean egingo dugu hautaketa proba, eta ekainaren 28an kontzertu aretoan izango da lehiaketa. Aurkezle lanetan Fernando Ruiz egongo da, eta epaimahaian laukote bat egongo da: Ainhoa Aierbe aktore eta kantaria, Barry Manley bakarrizketaria, Edu Muruamendiaraz dantza irakaslea eta Itsaso Gutierrez musikaria.

Lehiaketa egunean kontzertuak ere egongo dira.

Lain musika taldearen emanaldi akustikoa izango dugu, baita Mesie antzerki taldearen ikuskizuna ere, Durangaldeko Izarren distira lehiaketako irabazleak. Elorrioko (Bizkaia) 12 urteko sei neska dira.

Telebistaz emango duzue.

Bai, HamaikaTBk ekarpen hori egin dio proiektuari. Grabatu egingo du, editatu eta ondoren emango du saioa.

Saririk ba al dago?

Bi sari daude, 500 eta 300 eurokoak, teknologia berriak eta kultur produktuak erosteko. Lehenengo saria epaimahaiak emango du, baina bigarren saria ikusleek erabakiko dute bozketa baten bitartez. Horretaz gain, zozketak eta opariak egongo dira guztien artean banatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.