Udako seriea. Erdi Aroko gazteluak (IV)

Gaztelu bat itsasoaren ertzean

Gipuzkoaren iparraldeko muturra da Higer, Jaizkibel mendiak Kantauri itsasoarekin bat egiten duen tokia. Han dago izen bereko gaztelua, San Telmo izenaz ere ezaguna. Talaia bidea da hura ezagutzeko modurik onena. Bost mendez babestu du Bidasoaren bokalea.

Higerko gaztelua, Hondarribian, gaur egungo itxurarekin. JOSU NARBARTE
Higerko gaztelua, Hondarribian, gaur egungo itxurarekin. JOSU NARBARTE
Josu Narbarte
Hondarribia
2026ko irailaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

Silueta ezaguna du: Higer lurmuturraren ondoan dago, Bidasoa itsasora isurtzen den tokian, eskualde osoaren gaineko ikuspegi ezin hobea duela. Legenda ukitu bat ere badu, sarrera nagusiko atalburuan inskribatuta daukan latinezko eta gaztelaniazko testua dela medio:

Philipus II Hisp[aniarum] Indiar[um]q[ue] rex

ad reprimenda pirratarum latrocinia

hoc Sant Ermi castellum extruere mandavit

anno dom[ini] MDXCVIII

siendo don Juan VelĂ¡zquez Cap[itĂ¡]n Gen[eral] de esta Pro[vinci]a.

Edo, euskaraz: «Filipe II.a Espainietako eta Indietako erregeak agindu zuen San Telmoren gaztelu hau eraikitzea, piraten lapurretak zigortzeko, Jainkoaren 1598. urtean – don Juan Velazquez zela Probintzia honetako Kapitain Jenerala».

Eraikinak aspalditik erakarri izan du, beraz, hala herritarren nola bidaiarien arreta. Xehetasun handiz irudikatuta dago, adibidez, Pedro Teixeira kartografoak 1634an ondu zuen ikuspegian, baita orduz geroztik egindako beste hainbat plano eta panoramikatan ere.

Hainbat urtez itxita egon ondoren, Hondarribiko Udalak (Gipuzkoa) erosi zuen eraikina 2022an, eta, lehen ikerketak egin ondoren, publikoari zabaldu zion, bisitatzeko modua izan zedin. Horri esker, bisitariek ikusi ahal izan zuten gazteluak hasieran dirudien baino egitura konplexuagoa duela, eta, ideia horrek bultzatuta, Aritz Diez Oronoz arkitektoak, Pia Alkain arkeologoak eta erreportaje hau sinatzen duenak erabaki zuten ikerketa bat egitea arkitekturaren arkeologiaren printzipioetan oinarrituta.

(ID_17873120296085) Higerko gaztelua.
Higerko gaztelua, artxiboko irudi batean. JOSU NARBARTE

Metodoaren pausoak errazak dira: argazki bidez eraikinaren datuak bildu eta planoak sortu ostean, altxaeretan ikus daitezkeen paramentu mota guztiak identifikatu eta zerrendatu zituzten. Ondoren, altxaera horien irakurketa estratigrafikoa egin zuten, gainjarriak edota elkar ebakiz jarriak dauden paramentuen arteko sekuentzia kronologikoa berreraikita. Lan horrekin batera, artxiboko dokumentuak, plano eta irudi historikoak, eta argazki zaharrak kontsultatu zituzten, fase bakoitza bere testuinguruan ulertzeko. Lan horri esker, San Telmo gazteluaren historia eta eraikinaren garapena xehetasun handiz berreraiki ahal izan zuten, gutxienez Erdi Aroraino doan sekuentzia luze bat osatuta.

Jatorria Erdi Aroan

Atalburuko inskripzioak 1598ko data daraman arren, herritarren artean nahiko zabalduta dagoen ustea da San Telmo gaztelua zaharragoa dela. Ikerketak berme zientifikoa eman zion uste horri: baiezta daiteke eraikinaren parterik zaharrenak Erdi Aroko dorre bati dagozkiola, 8,4 x 8,15 metroko aldeko plantarekin.

Ez dago argi zehazki noiz eraiki zuten dorre hori, baina pentsa daiteke 1203an Hondarribiak hiri gutuna jaso ondoren eraikiko zutela, hiribilduaren menpeko lurraldearen kontrola ziurtatzeko kokaleku moduan. Inguruan, gertu, baziren halako beste egitura batzuk ere. Besteak beste, Pasai San Pedroko dorrea (1475) eta Donostiako portuan zegoena (1510); gaur egun desagertuta egon arren, plano eta argazki zaharretan ikus daiteke oso antzeko egitura zeukatela.

Hainbat urtez itxita egon ondoren, Hondarribiko Udalak erosi zuen eraikina 2022an, eta, lehen ikerketak egin ondoren, publikoari zabaldu zion, bisitatzeko modua izan zedin

Jatorrizko dorre horri beste eraikin batzuk gehitu zizkioten, ziur asko XVI. mendean; adibidez, iparraldeko pabiloi luzea. Eraikin horren aurreko plataforma ere garai horretan sortuko zen ziurrenik, itsasora begira. Eredu hori ere aski ezaguna da Euskal Herrian, Nafarroako hainbat dorretxetan ikus daitekeenez: Aiantz, Itoitz, Gongora eta abar.

Tiburzio Spannocchi

Baina, zalantzarik gabe, 1598ko esku hartzeak eman zion gazteluari egungo itxuraren oinarria. Atalburuan irakur daitekeen bezala, Filipe II.ak agindu zuen lan horiek egiteko, ad reprimenda pirratarum; hau da, euskal kostan garai hartan oso aktibo ziren kortsario lapurtarrei aurre egiteko. 1600. urteko udal akta batean jasotzen denez, Pascual Intza hargina aritu zen bertan lanean, Tiburzio Spannocchi ingeniari militarrak hogei urte lehenago agindutako proiektua gauzatzen.

Spannocchi ez zen ezezaguna Hondarribian. Sienan (Italia) jaioa zen, Sizilian aritu zen lehenik Espainiako koroarentzat lanean, eta 1580an bidali zuten Hondarribiko harresiez arduratzera. Esperientzia horri esker ekin zion Higer lurmuturreko gazteluaren zaharberritzeari.

(ID_17873121459345) Higerko gaztelua.
Higer lurmuturreko gaztelura sartzeko atean dagoen armarria. JOSU NARBARTE

Dorreak eta iparraldeko eranskinak osatutako angelu egiturari eutsita, Spannocchik harlanduzko horma berriak proiektatu zituen aurreko egitura zaharrak estali eta indartzeko. Gainera, beste eranskin bat jarri zuen dorre nagusiaren hegoaldean, eta, hala, patioa itxiago bihurtu. Halaber, egitura zaharraren hormak berriro baliatuta, itsasadarrera begira dagoen plataforma garaia sortu eta multzo osoa monumentalizatu zuen.

Konponketa gutxi batzuk gorabehera, eraikinak egitura horri eutsi zion XVII. mendean. Hala agertzen da, 1638ko setioan ez ezik, 1680-1685 artean gertatu ziren istiluetan ere. Baina badirudi handik gutxira eraikina abandonatuta gelditu zela, erasoek eragindako kalteengatik agian. Beharrezkoa zen, beraz, beste errestaurazio bat egitea.

Gaztelu, bolborategi, baserri

1754an, Felipe Cramer ingeniari militarrak gazteluaren planta osatu zuen, eta, handik urtebetera, gaztelua bolbora biltegi bihurtzeko proiektua aurkeztu. Alboetako bi pabiloietako bakoitzean, berriz, kuartel bat ezarri zuen, eta multzo osoa harresi karratu batez inguratu. Lanak urte gutxian amaitu zituzten, 1786ko dokumentu batean aipatzen baita ordurako San Telmo gazteluan gordetzen zela Hondarribiko bolbora guztia.

Alabaina, handik urte gutxira Konbentzio Gerra hasi zen (1792-1795), eta Hondarribia Frantziako armadaren okupaziopean gelditu. Gerra bukatuta, San Telmo erabat suntsituta zegoela aipatzen da militarrek egindako txosten batean: enteramente demolido y que nunca fue de Ăºtil servicio. [erabat suntsituta dago, eta inoiz ez zen erabilgarria izan]. 1801ean, eraikin osoan gelatxo bat baino ez zen erabiltzen; Done Pedro arrantzaleen kofradiak zeukan giltza. Gazteluaren inguruan abereak ibiltzen ziren bazkan.

1855ean, Espainiako Ogasun ministroak, Pascual Madotz nafarrak, desamortizazio lege bat xedatu zuen, udalen, aristokraziaren eta Elizaren ondasunak esku pribatuetara pasatzeko. Gipuzkoan 1864an aplikatu zuten lege hori, eta Espainiak San Telmo gaztelua konfiskatu zuen, enkante publikoan saltzeko.

Higerko gaztelua irudikatuta, garai bateko mapa batean. JOSU NARBARTE
Higer lurmuturreko gaztelua, garai bateko mapa batean irudikatuta. JOSU NARBARTE

Pantaleon Galek erosi zuen, Irungo Udaleko idazkariak; baina hark berehala saldu zuen, eta, ondorengo urteetan, gaztelua behin eta berriro aldatu zen eskuz. Jabe berriek maizterren esku utzi zuten eraikina, baserri moduan erabiltzeko —Gaztelu izenarekin aipatzen da garaiko dokumentuetan—, eta hainbat ukuilu eta estalpe gehitu zizkioten.

Baserriko azken maizterra Dartzeles-Olaso familia izan zen, 1980ko hamarkadan. Ordutik, etxebizitza pribatu gisa erabili izan zen, baina aldaketa oso gutxi eginda.

Egindako ikerketak agerian uzten du San Telmo gazteluak zer balio duen Hondarribiko ondare historiko gisa. Lehenik eta behin, gizartearen eta ingurumenaren arteko harreman historikoak laburbiltzen dituen kultur paisaia osatzen duelako; Bidasoaren bokaleak, Higer lurmuturrak eta Kantauri itsasoak bat egiten duten tokian lurraldea ulertzeko eta antolatzeko modu bereizgarri bat, hain zuzen ere. Bigarrenik, hiribilduaren Erdi Aroko eta Aro Modernoko historia hobeto ulertzen laguntzen duelako, udal agintarien eta Espainiako agintari militarren arteko harremanei dagokienez bereziki. Eta, azkenik, etorkizunera proiekta daitekeen gune bat eskaintzen diolako Hondarribiko gizarteari; aukera paregabeak eskaintzen ditu hala ondare hezkuntzarako nola itsasoarekiko harremana indartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA