Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Â
Aturri ibaiak izaera bikoitza du. Alde batetik, aspalditik muga kulturala izan da Lapurdiko euskal herrien eta landa gaskoien artean; baina, bestetik, harreman sozial eta ekonomiko estuen ardatz ere izan da, ibaiadar ugariren bidez (Aran, Biduze, Paueko eta Oloroeko uhaitzak) Ozeano Atlantikoaren eta Pirinioen arteko eskualde ugari elkarren artean lotu baititu.
Erdi Aroan, Aturriko itsasadarra Baiona hiriaren eraginpeko lurraldea izan zen, Eugene Goienetxe historialariak ikertu duenez. Ibaia zeharkatzen zuten ontziek mota guztietako ondasunak ekartzen zituzten Nafarroa Beheretik, Zuberoatik, Biarnotik eta Gaskoiniatik; gero, hogei kilometro baino gehiagoko bokalean zehar, Cap Breton portutik itsasoratzen ziren, Europako beste eskualde batzuetara bidean. Baina Aturri ez zen merkatarien lurraldea bakarrik: arrantzaleak, errotariak, hedegileak, ontzilariak, garbitzaileak eta beste hainbat langile aritzen ziren bertan lanean. Esan daiteke «uraren paisaia» oso bat antolatzen zela ibaiaren hegietan.
Gixune izenaren aipamenik zaharrena 1083. urtekoa da, Arnaut Antso izeneko gizonak bertan kokatutako sagardi bat eman zionean Baionako katedralari
Horrek, noski, botere jokoak ere aktibatu zituen hainbat eragileren artean. Baionako merkatari korporazioak ez ezik, hiriko apezpikuak ere ibili ziren Aturriko baliabideak kontrolatu nahian, hala nola Sorda eta Artosko abadietako monjeekin eta landa giroko jaun feudalekin lehian. Eta, azken horien artean, Gixuneko jaun-andereak nabarmentzen ziren.
Herria eta gaztelua
Gixune izenaren aipamenik zaharrena 1083. urtekoa da, Arnaut Antso izeneko gizonak bertan kokatutako sagardi bat eman zionean Baionako katedralari. Herria Aturriko estuarioaren barnealdean kokatuta zegoen, Biduze ibaiadarraren urak jasotzen zituen tokian.
Lapurdiko bizkonderriaren parte izan arren, XI. eta XII. mendeetan Nafarroatik iritsitako handiki leinu batek gobernatu zituen Gixune eta inguruko herriak: Ahurti, Bardoze eta Beskoitze. Gero, Lapurdi Akitaniako dukerrian txertatu zen; eta, beraz, Ingalaterrako koroaren jabetzetan.
Thalesa izan zen Gixuneko azken andere nafarra, 1331n Albret dinastia gaskoiari saldu baitzizkion jaurerriko eskubideak. Peir Albret jaun berriak 1339an hartu zuen gazteluaren jabetza, eta, besteak beste, herriko laborariek leialtasun zina egin behar izan zioten. Ekintza horren jatorrizko agiria, zeina Baionako departamentuko artxiboan kontserbatzen den, benetako altxor dokumentala da; garai hartako 115 herritarren izenak jasotzen ditu, eta, horien artean, 92 zein etxetan bizi ziren ere jasotzen du. Etxe horietako 62, behintzat, oraindik ere existitzen dira, udal barrutiaren luze-zabal osoan sakabanatuta.

Laborarien etxalde horiez gain, Gixunek bi herrigune zeuzkan ordurako: Plaza eta Burgada. Lehena Aturri gaineko muinoetan kokatuta zegoen, San Joan Bataiatzailearen eta Abadia kapare etxearen inguruan. Bigarrena, berriz, gazteluaren inguruan egituratuta zegoen, eta Biduze ibaiaren ertzeko Arrieta portua zaintzen zuen. Anne Berdoy arkeologoak egindako ikerketaren arabera, herrigune horrek izaera (edo urbanismo) planifikatua zeukan: karrika nagusia, eta, haren inguruan, modu erregularrean antolatutako orubeak, ziur aski harresi batek inguratuta. Gaskoinian, gune horiei castelnau deitu ohi zaie; ez ziren laborari komunitateek sortutako herriak, botere feudalek sustatutako fundazioak baizik, normalean XI. eta XIII. mendeen artean.
Harrigarriki ongi kontserbatuta dago gaztelua. Biduzeren gaineko labarretan eraikitako mota edo muino artifizial baten gainean kokatuta, 45x32 metroko harresiak inguratzen du, sarrera nagusian dorre karratua daukala; 15x15 metroko donjon edo dorre nagusia, berriz, barnean dago, harresiaren ipar-mendebaldeko ertzari erantsita. Eraikin osoa tokiko kareharri zuriz egina dago —numulite izeneko fosil txikiz josita dagoelako bereizten da—, eta fase bakarrean burutu zutela dirudi. Izan ere, artxiboetako agiriei esker jakina da gaztelu ia osoa Peir Albreten aginduz berreraiki zutela 1351n, dorre nagusiaren oinarriak apur bat zaharragoak izan litezkeen arren.
Gaztelua eta nasa
Gixuneko gazteluaren izaera estrategikoa Aturri eta Biduze ibaien kontrolarekin lotuta zegoen. Erdi Aroan ibai horietan zehar merkataritza trafiko joriak zebiltzan, eta, testuinguru horretan, ez da harritzekoa handikiek etekin ekonomikoa atera nahi izatea.
1277koa da adibiderik argiena. Urte horretan, Ingalaterrako Edward I.a erregeak Gilen-Arnaut Saubainhac merkatari baionarrari baimena eman zion Aturriren alderik aldera nasa bat ezartzeko, errenta baten truke. Arrantzarako egitura espezializatuak ziren nasak, oso ohikoak garai hartan euskal ibaietan; zurezko postez osatutako tranpak ziren, izokinak eta amuarrainak inbutu formako tranpa batera bideratzen zituztenak. Horri esker, harrapaketak zentralizatu eta etekinak biderkatzeko aukera sortzen zen; baina, trukean, oztopo larria ezartzen zitzaion ibaiko nabigazioari.
Hortaz, Baionako tilholiers edo batelari txikiek salaketa jarri zuten, nasak Aturriko arrantza eta nabigazio askatasuna urratzen zuela iritzita. Auziak hainbat urte iraun zuen, eta, itxura guztien arabera, ez zen baketsua izan; 1295ean, batelariak nasa desegiten ahalegindu ziren, eta erregeak Edmond Lancasterrekoa bidali zuen, gizon armatuen konpainia batekin, hura babestera. Hurrengo urtean, bi aldeek akordio bat lortu zuten, eta nasa egokitu egin zuten zirkulazioa oztopa ez zezan.
Harrigarriki ongi kontserbatuta dago gaztelua. Biduzeren gaineko labarretan eraikitako 'mota' edo muino artifizial baten gainean kokatuta, 45x32 metroko harresiak inguratzen du, sarrera nagusian dorre karratua daukala
Ez ziren arazoak hor akitu, haatik. Peir Albretek Gixuneko gaztelua bereganatu zuenean, nasaren jabetza ere erreklamatu zion Ingalaterrako erregeari, 1333an; baina ez dirudi erdietsi zuenik, azkenean Amanieu Saubainhac baionarrari erosi behar izan baitzion, 1339an, urrezko 700 errealen truke. Jaun berriak bere boterea indartzeko tresna gisa baliatu zuen Aturriko nasa. Zurezko egitura aprobetxatuta, bidesaria ezarri zion ibaian nabigatu nahi zuen orori, 1341eko auzibide batean jasotzen denez:
«Baiona kexu agertu zaio erregeri, Pierre de la Bret bastartak Saubainhac izeneko nasa usurpatu omen duelako, eta, hura desegin ezean, ontziek nahiz batelek ezin dutelako zirkulatu. Pierre de la Breten jendeak Baionako merkatariak harrapatzen eta zauritzen ari dira, eta beren ondasun guztiak ebasten dizkiete».
Ez dago argi auzia nola bukatu zen, baina errege-erreginek nasaren kontrola berreskuratu zutela irudi luke, ondorengo hamarkadetan jaun bati edo besteari eman baitzioten nasaren etekinak jasotzeko eskubidea.
Albret, Beaumont eta Agramont
Gixuneko jaurerria eta gaztelua beste aro batean sartu ziren 1407an, albretarren leinuko azken anderea, Ana Courton, Nafarroako handiki batekin ezkondu zenean: Karlos Beaumont, erresumako alferez eta Donibane Garaziko gazteluzainarekin, hain zuzen. Haien seme Luis Beaumontek, Leringo konde eta Mauleko gazteluzain ere bazenak, Gixuneko jaurerria konderri bihurtzea lortu zuen 1444an; baina, garai hartako gatazka politikoen testuinguruan, Gaston IV.a Foixeko kondeak plaza konkistatu zion 1449an, gudu odoltsu baten ondotik. Florence Puyoo eta Iñaki Zubillaga historialariek berreraiki dituzte gertaera horien nondik norakoak.
1485az geroztik, Gixuneko konderria, bere lau herriekin, Agramont leinuaren eskuetara pasatu zen; aurrerantzean, Bidaxuneko beren palaziotik gobernatuko zuten. Zoritxarrez, gazteluak Gaztelako armadaren erasoa sufritu zuen 1523an, Nafarroako konkistaren ondoko mugimendu militarren testuinguruan, eta, kalteak hain larriak izan ziren, ezen eraikina abandonatuta gelditu baitzen ordutik, behin betiko.