Gazteluak airean ere eraiki daitezke

Arkitekturak zuzenean baldintzatzen du gizartearen egunerokoa, eta, horregatik, ezinbestekoa da gizarte berriak irudikatzeko ere. Euskadiko Arkitektura Institutuko erakusketa batean, arkitekturak irudikatutako utopiak plazaratu dituzte.

Peter Cooken 'Filter City'-ren marrazki bat, urrezko manten atzean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Peter Cooken 'Filter City'-ren marrazki bat, urrezko manten atzean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2026ko urtarrilaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irudika beza irakurleak Babilonia berria: planeta osoa hartzen duen hiri bat, aisiarako arkitektura batez osatua, zeinaren helburua den herritarren arteko harremanak bultzatzea, era nomada batean, etxe pribaturik gabe. Edo, bestela, imajinatu beza irakurleak koloretako hiri bat, bizi-bizia, heterogeneoa, berdegune askokoa, zerutik zintzilik daudela diruditen eraikinak dituena; desirarako leku bat, airean dantzan dabilena. Londresko erdialdea ere izan daiteke, baina harresiz inguratua: hiriaren barneko hiri hartan preso daude bizilagunak, baina haiek erabaki dute han egotea... Irudikatu daiteke, gainera, hutsik dituen milaka partzelak erabiltzen dituen Chicago bat, denetariko eraikinak biltzen dituena; hori bai, baldintza batekin: guztiek topaketarako eremuak izan behar dituzte, eta mundu osoari irekita egon.

Egingarriak al dira halako proiektu arkitektonikoak? Tomas Morok 1516an, Utopia liburua idatzi eta, bide batez, kontzeptua sortu zuenean, bitan banatu zuen haren definizioa: utopia eutopia da, leku on bat, baina outopia ere bai, ez-leku bat. Hau da, existitzen ez den leku on bat da utopia. Orduan, gaztelurik eraiki al daiteke airean? Horrelakorik ez du eraiki oraindik arkitekto batek ere, baina irudikatu, utopia asko irudikatu eta diseinatu dituzte. Arkitekturan (ere) oinarrituta irudimenez eta gizartea eraldatzeko grinez sortutako hainbat proiektuk badute leku bat Donostian: Euskadiko Arkitektura Institutuaren Eu-topiak, Ou-topiak erakusketa, hain zuzen. Mugak Arkitektura Bienalaren harira eraiki dute utopien etxe hori, eta otsailaren 22ra arte edukiko ditu ateak irekita.

«Nahiz eta heldu ezinezko gauza bat izan, adituek esaten dute utopia mugitzeko eta eraldatzeko pultsio bat dela. Badakigu garai oso distopiko batean bizi garela, eta batzuetan utopia beharrezkoa izaten da dinamismoa sustatzeko. Distopiek normalean blokeatu egiten gaituzte, eta erakusketak, aldiz, mugimendu bat sorraraztea du helburu», azaldu du Maria Arana komisarioak.

«Oro har denok gara arkitekturaren presoak: arkitekturaren diseinuak mugatzen eta baldintzatzen ditu gure harreman sozialak, garapen kulturala...»

MARIA ARANA Komisarioa

Utopiak aztertzea, gainera, utopia horiek sortu diren gizarteak ezagutzeko modu bat da, garaian garaiko gatazken bidez sortuak direlako. Utopia denak, baina, ez dira berdinak, eta errealitatearekin duten harremana ere denetarikoa da. Horixe da Lewis Mumford soziologo estatubatuarraren tesia, eta, ildo horretan, bitan bereizten ditu utopiak: batetik, ihes utopiak daude, errealitatetik kanpo daudenak, hari bizkarra ematen diotenak; bestetik, utopia birsortzaileak daude, errealitatea eraldatzeko asmoa biltzen dutenak, hura lan tresna gisa erabiltzen dutenak. Bereizketa horren araberakoa da erakusketaren egitura.

Urre koloreko manta termikoz jositako gela batean sartu da Arana. «Hemen aurkezten ditugun bost proiektuak ihes utopia deritzegun horietakoak dira. Manta termikoz daude estalita, ihes egiten dietelako errealitateari eta beste testuinguru sozialei. Nolatan urre kolorea? Ba, Tomas Moro urre bila joan zelako Ameriketara —hortik sortu ziren haren gogoetak—, urre kolore hau espazioko sateliteetan erabiltzen delako, eta migratzaileak etortzen direnean manta hauetan hartzen dutelako babes».

'New Babylon' proiektuaren diseinu bat. MAIALEN ANDRES / FOKU
'New Babylon' proiektuaren diseinu bat. MAIALEN ANDRES / FOKU

Izan ere, utopiak hamaika dira. Adibidez, Constant Nieuwenhuys artista herbeheretarrak New Babylon irudikatu zuen 1956 eta 1974 bitartean. «Babilonia hiria hartzen du proiektuak erreferentzia gisa, eta mundu hiri bat da: mundu osoa hartzen duen hiri baten diseinua egiten du artistak, sektoreka. Hark esaten du errealitatea ez duela oso gustuko, beste errealitate bat eta gizarte berri bat diseinatu behar direla, eta, horretarako, beste arkitektura bat sortu behar dela», azaldu du Aranak.

Eta zein da gizarte berri horretako biztanlea? Bada, homo ludens-a; alegia, aisialdiak izan behar du gizarte berriaren ardatza, Nieuwenhuysen ustez. «Aldarrikatzen du hala sustatzen direla gizakien arteko benetako harremanak. Gizarte berri horrek, interakzio berri horrek, arkitektura berri bat sortuko duela dio: arkitektura eraldakor bat, aisialdirako espazioak diseinatu beharko dira eta».

Espazioak harreman berrietara egokitzeko, mugitu daitezkeen hormak daude, adibidez. «Hark espazio eraldatzaileak diseinatzen ditu, sektoreka eta lurzorutik gora. Imajinatu autobide antzeko bat: arkitektura bat mundu osoa konektatzen duena», irudikatu du komisarioak. Espazioak ez dira finkoak, alegia, eta nomadismoa ere defendatu zuen Nieuwenhuysek —«gizarte nomada eta ludikoa du helburu proiektuak, mugarik gabeko mundu bat»—, baita etxe pribaturik gabekoa ere.

Erakusketa aretoan, proiektu horri bizkarra ematen diote Peter Cook arkitekto britainiarrak diseinatutako Plug-in City eta Filter City proiektuek. Edonola ere, «ludikoa eta berria izatea eta ezarritakoren kontra joatea Cooken DNAn sartuta daude», Aranak nabarmendu duenez. 1960ko hamarkadan, Archigram aldizkaria zuzendu zuen: «Arkitektura aldizkari hegemonikoetan agertzen ez ziren proiektuak aurkeztu nahi zituzten».

Komunikazio tresna

Eta zertan dautza Cooken bi proiektu utopiko haiek? «Hark kolorea erabiltzen du, marrazkia erabiltzen du. Marrazketa, harentzat,  arkitektura eta komunikazio tresna bat da, hau da, arkitekturak daukan komunikazio gaitasuna erakutsi nahi digu. Ez soilik eraikitzeko eta bizitzeko, baizik eta gauzak esateko», nabarmendu du Aranak.

Izan ere, Cooken ustez, hiriak grisak eta aspergarriak dira, homogeneoak... Hark, baina, hiri biziak defendatzen ditu, sormena sustatzeko aukerak emango dituztenak: desira garatzeko guneak izan behar dute, haren iritziz. Horren haritik diseinatu zuen Plug-in City 1961ean: «Berdeguneak, paseoak, zintzilikatuta agertzen diren eraikin batzuk... Airean dauden espazioak. Estetikoki ere buelta bat ematen dio. Etxebizitzek zergatik izan behar dute laukiak? Zergatik izan behar dute kolore bera? Beste mundu batean bizi gaitezke. Arkitektoek eman diote forma munduari, eta Cookek zera esaten du: zergatik hau eta ez beste hori?».

'Plug-in City'-ren diseinua maketa moduko bat bihurtu dute erakusketan. MAIALEN ANDRES / FOKU
'Plug-in City'-ren diseinua maketa moduko bat bihurtu dute erakusketan. MAIALEN ANDRES / FOKU

Egitura, ekipamendu edo eraikin batzuk kendu eta beste leku batean jartzeko aukera dago hark irudikatutako hirian, jolasean ibiltzeko. «Esaten du halakoak egingarriak direla, baina nik uste dut nahiko garestiak direla», esan du Aranak, barrez. «Eskala txikian agian egiteko modukoak dira. Badira, hori bai, inspirazio iturri, erreferentzia iturri, hausnarketa iturri, komunikazio iturri... Korronte baten arabera, arkitektura ez da soilik bizitzeko espazio bat; komunikatzeko eta pentsatzeko espazio bat ere bada. Agian hau ez da eraikitzeko, baizik eta haren inguruan hitz egiteko».

Rem Koolhaas arkitekto herbeheretarraren Exodus proiektuak ere ematen du zer pentsatua. 1972an egindako proiektu horrek Londresko erdialdea hartzen du oinarri, eta zenbait harresiz inguratutako beste hiri bat sortzen du barruan. «Berlinera joan, eta hango harresiarekin erabat txundituta geratu zen. Londres honetara sartzeko, zeure burua preso bezala aurkeztu behar zenuke. Preso bat zara, eta kartzela batean bezala bizi zara. Baina zu oso pozik zoaz zure kartzelara: gizarte erdi-utopiko bat bezala planteatzen du proiektua, desirarekin erlazionatuta».

Erakusketako panelean ikus daiteke Koolhasek diseinu zuena. MAIALEN ANDRES / FOKU
Erakusketako panelean ikus daiteke Koolhaasek diseinatu zuena. MAIALEN ANDRES / FOKU

Kontraesan bat dirudi, baina Koolhaasen helburuetako bat zen arkitektura zorrotz kritikatzea: «Arkitektook arkitekturaren preso garela dio. Arkitekto askori jarraitzen diegula, goraipatu egiten ditugula, eta, batzuetan, ez ditugula arkitektoen proiektuak zalantzan jartzen; adibidez, beren izenagatik. Gainera, oro har denok gara arkitekturaren presoak: arkitekturaren diseinuak mugatzen eta baldintzatzen ditu gure harreman sozialak, garapen kulturala, ekonomikoa, soziala, gure osasuna...». Exodus megaproiektua etxe orratz bihurtu zuen Koolhasek Hiperbuilding-ekin; hura ere ikusgai dago.

Utopiak eta utopikoak

Ihes utopietatik ihes eginda, utopia birsortzaileen aretora jo du komisarioak. Han ere urre kolorea ageri da, eta sabaitik zintzilikatuta dauzkate utopiekin loturiko hainbat liburu: «Liburuek ez dute zorua ukitzen, utopiek bezala. Urkatuta ere badaude, hainbat utopikoren gisara; autore utopiko asko hil egin zituzten, boteredunek ikusi baitzuten narratiba horiek mehatxu bat zirela haientzat».

Bere utopia birsortzailea sortzeko, David Brown irakasle estatubatuarrak Chicago hartu zuen laborategi gisara. «Chicagon 10.000 partzela publiko dauzkate erabili gabe; partzela oso estuak. Bada, Brownek geometria sistema bat planteatzen du, non lurzoru publiko eta pribatuak batzen diren lurzoru handiagoak izateko. Erakunde eta enpresa guztiek erabil ditzakete eremu haiek, baina topaketarako espazioak izan behar dira tartean. Hori da baldintza, eta, gainera, sartzeko mugarik ez izatea. Alegia, sartzeko aukera edonork edukitzea», azaldu du Aranak. Ez da kasualitatea proiektuari The available city deitu izana: hiri erabilgarria, erabiltzeko modua ematen duen hiria.

Mahaian, 'The available city'-ren zenbait diseinu. MAIALEN ANDRES / FOKU
Mahaian, 'The available city'-ren zenbait diseinu. MAIALEN ANDRES / FOKU

Lesley Lokko arkitektoak Ghanako African Future Institute-n egindako lana ere nabarmentzen dute erakusketan, eta adimen artifizialari erreparatu ere bai. Azken aretoan, nola ez, distopiei begiratzen diete: «Aditu batzuen arabera, utopia defendatzen edo ikusten dugun horretan, beste batzuek distopia ikusten dute. Distopian ere, batzuek utopia ikusten dute. Oso marra fina dago utopiaren eta distopiaren artean. Mumfordek esaten du kontuz ibili behar dugula utopiak errealitate bihurtzen direnean, posible da-eta utopiak distopia bilakatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.