Gaztetxeak herrien topagune

Autogestioa aisialditik harago zabaltzea helburu,Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladen III. Topaketak egiten ari dira, hiru egunez, Iruñeko Arrotxapean.

Iaz Oñatin elkartu ziren gaztetxe eta gazte asanbladetako ordezkariak gogoeta egiteko. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS.
Maider Galardi
2017ko martxoaren 25a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herrian ezaguna da Herri bat, gaztetxe bat leloa; urte luzeetako aldarria izan da, eta, toki askotan, belaunaldiz belaunaldi gazteen artean eskualdatu dute gazte asanblada eta gaztetxea aurrera eramateko ardura. Autogestioa ardatz, herriak eta auzoak biziarazteko jarduerak egin ohi dituzte gaztetxeek. Aipatutakoaz eztabaidatzeko, elkar ezagutzeko eta proiektu berriak abian jartzeko, Euskal Herriko gaztetxeen eta gazte asanbladen III. Topaketak egiten ari dira asteburuan Iruñeko Arrotxapeko gaztetxean.

Euskal Herriko gazte ugariren bilgune bilakatu da hiru egunez Arrotxapeko gaztetxea. Egitarau oparoa osatu dute; mahai inguru maratoia, hainbat tailer, dantzaldiak, kontzertuak.... Hirugarrenez antolatu dituzte jardunaldiak eta, apurka, elkarrekin jorratzeko lan ildoak zehaztu dituzte. Iaz, Oñatin, ohartu ziren beharrezkoa zela autogestioaren inguruko hausnarketa sakona egitea. Aurten, beraz, ideia horri heldu, eta autogestioa aisialditik harago zabaltzeko apustua egin dute. Hiru lan ildo prestatu dituzte eztabaidarako: autodefentsa, harreman ereduak eta autogestioa bizitzako hainbat esparrutara bideratzeko lanketa.

Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladen mugimendua indartsu dago, Joanes Velazquez Arrotxapeko gaztetxeko kidearen ustez. Suspertze horretan, topaketek eragina izan dutelakoan dago. Esate baterako, Iruñean, duela hiru urte apenas zegoen mugimendurik, baina, Iruñeko alde zaharreko gazte asanbladak gaztetxea okupatu zuenetik, inguruko auzo eta herrietan ere gaztetxea eskuratzen ari dira. Arrotxapekoan, esaterako, urte osoan kontzertuak eta hitzaldiak antolatu dituzte udatik hona: «Itoitzeko urtegiaren inguruko hitzaldia eta Nafarroako Corralito Forala-ri buruzkoa oso arrakastatsuak izan ziren, jende asko etorri zen gaztetxera», dio Velazquezek. Auzoa ere biziberritu da, haren ustetan, gaztetxea okupatu zenetik: «Orain gaztetxea auzoko eragileen topagune eta babesleku bihurtu da».

Xabier Etxebarria Oñatiko (Gipuzkoa) Antixena gaztetxeko kideak ere uste du gune autogestionatuak herri mugimenduaren topagune direla: «Oñatin gaztetxea erreferentea da gainontzeko mugimenduentzat. Eragileek badakite espazioa erabil dezaketela behar izanez gero, eta, aldi berean, badakite gaztetxeko kideok prest gaudela haiek antolatzen dituzten ekitaldietan parte hartzeko». Horren lekuko, Oñatiko Korrika eguna eta Korrika Kulturaleko ekitaldi nagusiak gaztetxearen bueltan antolatu dituzte: antzerkia, dokumentala, bazkaria, erromeria... izango dira besteak beste. Horretaz gain, urte osoan eskaintza kultural zabala egiten dute. Emanaldi ezagunak eramaten dituzte herrira, baina, Etxebarriaren ustez, ahots gutxiago duten sortzaileei lekua egitea da interesgarriena: «Saio intimoagoak egiten dituzten artisten plaza izan nahi du Antixenak».

Hala ere, autogestioa eta gaztetxeen funtzioa aisialditik harago zabaltzea beharrezkoa da Etxebarria eta Velazquezentzat. Euskal Herriko gaztetxeen eta gazte asanbladen mugimendua indartsu dagoela uste dute, eta erronka berriei heltzeko une egokia da, bien ustez. Arrotxapean, tailerrak eta formazio saioak egin nahi dituzte hemendik aurrera; jende gehiago biltzeko aukera ematen du horrek, Velazquezen arabera: «Eskaintza zabalagoa eginda, jendea gerturatuko da, eta, horrela, auzoa biziarazten jarraituko dugu».

Etxebarriak, berriz, asteburua baliatu nahi du «sinergia» berriak egiteko. Herrialdeka landuko dituzte gaiak, eta proiektu berriak abian jartzeko aukera aproposa dela uste du: «Etorkizunerako proiektu berriak sortu behar ditugu, eta harremanak sendotu. Ederra litzateke Euskal Herriko hainbat txokotan sare honetatik abiatutako egitasmo berriak sortzea». Hain zuzen, «sistema kapitalistaren aurrean aukera berriak sortzea da» jardunaldien helburuetako bat.

Kaleratzeko arriskua

Bidea ez da erraza, ordea. Etxebarriaren ustez, indartsu egon arren, une gatazkatsua bizi dute gaztetxeek egun. Iaztik kaleratze arriskuak eta eraisteak izan dira; tartean, Donostiako Kortxoenea gaztetxearena, Bilboko Errekaldeko Etxarri gaztetxearena eta Iruñeko Alde Zaharrekoarena.

Aurtengo topaketek ere mezu sinbolikoa helarazi nahi izan dute. Izan ere, Arrotxapeko gaztetxea bera kaleratzeko arriskuan dago. Maiatzaren 8an epaiketa dute gaztetxeko hiru kidek, eta 40.000 euroko isuna jasotzeko arriskua dute. Protesta moduan, topaketak amaitzeko, manifestazioa egingo dute igande goizean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.