‘Generación porno’ dokumental saioa egin dute ETBk eta TV3ek

Pornografiak gazteengan duen eragina erakutsiko du, taburik gabe. Hilaren 18an estreinatuko dute.

Dokumental saioaren aurkezpena gaur egin dute, Gasteizko Europako Biltzar Jauregian. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
Maixa Utrera Puelles.
2023ko irailaren 07a
16:15
Entzun

«Sei urte edo gutxiagorekin hasten direnak ere badaude», azaldu du, kezkatuta, Jose Luis Garcia psikologo eta sexologoak, hitza hartu bezain laster. Errealitate gordina, baina, errealitatea, finean. «Gazteak geroz eta goizago hasten dira pornoa kontsumitzen; eta kezkagarriena da porno hori geroz eta bortitzagoa bilakatzen ari dela. Gainera, haurrek bi klik baino ez dituzte egin behar indarkeriazko bideo horiek ikusteko». Arazo horrek «motibatuta» bezain «kezkatuta», ETBk eta TV3k, Shine Iberia ekoiztetxearekin elkarlanean, Generación porno dokumental saila ekoitzi dute. Dokumentalak lau familiari egindako elkarrizketak ditu oinarri; baina, horiez gain, abeslari, pornografiaren industriako aktore eta gaiari buruzko aditu ugariren lekukotzak jaso dituzte.

ETB2k gazteleraz emango du dokumental saioa, hilaren 18tik aurrera, lau ataletan. TV3ek nagusiki katalanez emango du, hilaren 26tik aurrera, hiru saiotan.

Dokumentalaren aurkezpena Gasteizko Europa biltzar jauregian egin dute, FesTVal jaialdian. Ekoizleekin batera, Garcia psikologoa, Marina Marroqui gizarte hezitzailea, eta dokumentalean parte hartu duten ama-seme batzuk ziren. Aurrerapen txiki bat eskaini ostean, ikus-entzunezkoan lantzen diren gaiei buruzko solasaldiarekin hasi dira. Heziketa sexuala, teknologia, indarkeria eta ezjakintasuna izan dira mintzagai nagusiak.

Pornografia, «droga bat»

Marroquik azaldu duenez, gaur egungo 12 eta 14 urte bitarteko gazteek sexu harreman «erabat basatiak» dituzte, eta ikusten duten guztia imitatzeko joera dute: «12 urteko haur bat negarrez etorri zitzaidan behin, bere aitak salatu egin zuela-eta arrebaren aurrean bere buruari ukituak egiteagatik». Umeak guztiz ezabatuta zeukan gaizki eta ondo dagoenaren arteko muga, «pornoaren ondorioz».

Hala ere, Marroquik argi du ez dela pornografiaren ondorioz bakarrik. Sexu heziketa garaikide baten beharra azpimarratu du, gazteen kezkak entzun ditzakeena eta irtenbideak bilatzen lagundu diezaiekeena. «Eta ez datza platano bati kondoi bat jartzean». Azaldu dutenez, etxean giro osasuntsu eta seguru bat sortu beharra dago gurasoek eta seme-alabek sexuari buruz hitz egiteko. Amak «irekia» zela pentsatzen zuen, dokumentala grabatu aurretik, baina espero ez zituen gauza asko ikusi eta entzun ditu. «Harrituta geratu nintzen, hunkituta, eta zeharo kezkatuta».

Hain zuzen ere, «etxe guztietan» gertatzen den errealitate bat dela jakinarazi nahi diete ama-seme horien inguruko dokumentala ikusi dutenei. Garcia psikologoak gehitu du pornografia «droga bat» dela, ez kontsumituz soilik desager daitekeena: «Bien bitartean, XXI. mendeko kokaina izango da aurrerantzean ere».

FesTValeko aurkezpenaz gain, dokumentalaren aurrestreinaldia egin zuten atzo 19:30ean, Bilboko Alondegian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.