Genero ikuspegiaren eta zientziaren arteko elkarrizketa

'Generoa eta zientziaren komunikazioa' jardunaldia egingo dute Bilbon, maiatzaren 15ean. Aurtengoa hirugarren aldia da.

'Generoa eta zientziaren komunikazioa' jardunaldiaren kartela. Jardunaldia 2010etik egin da, Bilbon. EHUKO KZK
'Generoa eta zientziaren komunikazioa' jardunaldiaren kartela. Jardunaldia 2010etik egin da, Bilbon. EHUKO KZK
itsaso jauregi 2
2025eko maiatzaren 9a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Gizartearen portaera orokortuek informazioaren, zientziaren eta komunikazioaren erabilera moldatzen dute. Horregatik, beste arlo batzuetan nagusi diren jokabide diskriminatzaileak iraunarazten eta areagotzen lagun dezake zientziaren komunikazioak ere. Beraz, mundu digitala eta komunikazioa inklusiboak izateko, beharrezkoa da hainbat eremutatik jardutea. Helburu horrekin sortu zen Generoa eta zientziaren komunikazioa jardunaldia, 2023an, eta, orduz geroztik, gogoeta egin dute zientziaren komunikazioaren esparruan genero ikuspegia ezartzeko moduei buruz. Aurten maiatzaren 15ean izango da topaketa, Bilboko Iberdrola dorrean.

EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatu du jardunaldia, eta Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren, Iberdrolaren eta EITBren laguntza izan du. Jardunaldiak eta hitzaldiak komunikazioaren arloko profesionalentzat prestatuak daude berez, baita komunikazio inklusiboari heltzeko interesa duen edozeinentzat ere. Aurten ere, oinarri gisa hartuko dituzte komunikazio arloan inklusibitatea sustatzeko 2023an aurkeztu zituzten hamar mandamentuak: «Komunikazio arduratsua praktikatu»; «Kontuan hartu ikerketa asko genero ikuspegirik gabe egiten direla»; «Galderei erantzuteko eta datuak lortzeko erabiltzen den metodologiari ere eragiten dio genero ikuspegiak»; «Zehaztu irizpide argiak iturriak aukeratzeko orduan, eta ez jarri harremanetan emakume zientzialariekin efemerideak daudenean soilik», eta abar. 

Ikertzailea izenarekin, abizenekin eta karguarekin identifikatzeko beharra azpimarratu dute, baita normal tratatzeko beharra ere. Lana amaitzean hausnarketarako ate bat ireki behar dela diote: «Gizonezko zientzialari bat tratatuko zenuke emakume zientzialari hori tratatu duzun bezala?». Erantzuna ezezkoa bada edo zalantzak badaude, aginduak berriro irakurri behar dira. 

Arau horiek guztiak kontuan hartzen ditu Maria Pilar Rodriguez Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Saileko irakasle titularrak, eta  Elkarrizketa zabaltzea. Norberaren zirkulutik harago komunikatzeko gida izeneko hitzaldia prestatu du Marta Macho-Stadler EHUko Matematika Saileko irakasle eta dibulgatzailearekin batera. Rodriguezen arabera, zientzian eta komunikazioan dagoen genero ikuspegiaz eztabaidatzen den zirkulua «oso estua» da. Beraz, bi ikertzaileen helburua da ikuspegia zabaltzea eta pertsona gehiago erakartzea, Rodriguezek azaldu duenez: «Estrategia batzuk planteatu nahi ditugu, hala nola genero ikuspegian espezializatu gabeko jardunaldi eta kongresuetan hura txertatzea, eta moduak aurkitzea generoan oinarritutako prestakuntza beharrezkoa izateko».

Errepresentaziorik ez

Genero ikuspegia erreferenteei esker eraikitzen da, baina baita erreferenterik ez izatearen ondorioz ere. Hedabideetan emakume eta gizonen errepresentazioa zer-nolakoa den aztertzen du Geena Davis institutuak, eta, besteak beste, ikus-entzunezko proiektuak izan zituzten aztergai 2007 eta 2022 artean egindako ikerlan batean. Bildu zituzten dauten arabera, pantailan proiektatutako emakume ingeniarien proportzioa %13koa izan da gehienez epe horretan; informatika arloan diharduten emakumeena, %15ekoa, eta STEM lanbide guztietako emakumeena, %36koa. «Horrek guztiak imajinario kolektibo bat eraikitzen du, eta horregatik uste da gizonak direla zientziaren eta teknologiaren arloan lanean ari diren bakarrak», azaldu du Rodriguezek.

Macho-Stadlerrek erreferente gutxi zituen, teoremei izenak ematen zizkieten gizonezko matematikarien deitura batzuk baino ez. Ikastetxeko liburuetan agertzen ez ziren izen batzuk ezagutarazteko, Kultura Zientifikoko Katedrako Mujeres con Ciencia gune digitala sortu du: «Dibulgazio zientifikoaz hitz egiten dugu, baina emakumeen ekarpenetan zentratuta. Zientzian eta teknologian egindako aurrerapen guztietan egon dira eta daude». Matematika ikasketak «maskulinizatuz» joan direla esan du matematikariak: «Jendeak askotan esaten du emakumezko matematikari gutxi daudela, eta galdera hori zuzenean egiten diete emakumeei, akusatuz bezala. Agian, sumatzen dute oso gradu lehiakorra izango dela, etengabe borrokatu beharko dutela aurrera jarraitu nahi badute. Lan dinamika oso maskulinoak daude matematiketan». Lan egiteko modua aldatzea proposatzen du matematikariak.

(ID_17464362494045) (/EZEZAGUNA) genero eta zientzia jardunaldia
Pastora Martinez ikerlaria Zorionak,#AllMalePanel bat duzu hitzaldia eman zuen iaz, Bilbon. EHUKO KZK. 

Dibulgazio feminista eta zientifikoa egiteko sortutako zirkulu itxi horretatik kanpo geratu diren joerak ikertu nahi ditu Rodriguezek, lan egiteko modu lehiakorren atzean dauden eragileak. Miren Gutierrezekin batera, Ares proiektua garatu du, eta eduki digitalak aztertu dituzte, aurrerapen feministen aurkako erreakzioak aztertzeko: «Gizartean aurrerapausoak ematen direnean emakumeen eskubideen aldarrikapenari dagokionez, erreakzio horiek sortzen dira bultzada geldiarazteko».

Erreakzio horietako batzuk Experiencias del personal investigador en su relación con los medios de comunicación azterlanean islatzen dira (Ikertzaileek komunikabideekin dituzten harremanetan izandako esperientziak). Azterlanean lortutako datuak erreferentziatzat hartuz gero, gizonen %46,21ek adierazi dute erasoren bat egin dietela noizbait, komunikabideetan zientziari buruz informazioa zabaldu ondoren; emakumeak gehiago dira: %56,86 iraindu dituzte.

Askotariko errealitateak

Zirkulua zabaltzeko saiakera egingo du Rodriguezek maiatzaren 15ean, baina batez ere elkarrizketa aberasgarri bat sortzekoa: «Topaketek lankidetza proiektuak bultzatzen dituzte, eta komunitate bateko kide izatearen sentimendua pizten digute, beti jende gehiago sartzeko eta indartsuago bihurtzeko asmoa izanda». Macho-Stadlerren arabera, «justizia kontua» izateaz gain, zientziarentzat lagungarria izango da esparru zientifikoan genero ikuspegi zabalagoa sartzea, horrek modua emango baitu zientzia askotariko jendea barne hartzen duen jarduera gisa ikusteko: «Laguntzen du ulertzen begirada jakin bat —adin bateko gizonezkoa zuriena, hain zuzen ere—  ez dela begirada bakarra. Begirada bat besterik ez da. Mundua eta zientzia ulertzeko, aniztasuna behar da, eta ez bakarrik genero aniztasuna».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.