Asier Hilario. Geologiako doktorea

«Geologia kongresuak munduko mapan kokatuko luke betiko Donostia»

Donostiaren hautagaitza aurkeztu dute 2020an Geologiako Nazioarteko Kongresua hirian egiteko. Udan jakingo dute erantzuna.

ASIER HILARIO.
Ilargi Agirre.
2012ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Harriak maite ditu Asier Hilariok (Tolosa, 1977). EHUko Geologia doktore da, eta Pirinioak ikertu zituen tesian. Itsasaldera begira bizi da gaur egun, Zumaiako (Gipuzkoa) flyschen biotopoaren koordinatzaile zientifiko gisa. 2020an Nazioarteko Kongresu Geologikoa Donostian egitea du jomuga. Horretarako, foru aldundian lanean dihardu, Espainiako Meatzaritza Institutuarekin, Donostiako Convention Bureaurekin eta Kursaalarekin batera.

Zer da zehazki Geologia Zientzien Nazioarteko Erakundea (IUGS)?

Geologian munduan dagoen erakunde gorena da. 122 herrialdetako zientzialariak daude erakundean. Geologiaren gaineko gai guztien kontrola eramaten du: ikerketari, hezkuntzari, mineralei, gasari eta petrolioari dagozkionak, besteak beste. Milioi bat baino gehiago bazkide dauzka.

Geologiako Nazioarteko Kongresua antolatzen du IUGSk. Kongresua hemen egin dadin hautagai gisa aurkeztu duzue Donostia.

Bai, halaxe da. Duela urtebete hasi ginen hautagaitza prestatzen. 2020ko Geologiako Nazioarteko Kongresua Donostian egin nahi dugu. Geologian munduan egiten den kongresurik handiena da. Lau urtetik behin antolatzen da. Uda honetan jakingo dugu Donostia aukeratuko duten edo ez.

IUGSko zuzendaritzako kideak Donostian izan ziren lehengo astean. Zer dela eta?

Zuzendaritza urtean behin biltzen da bilera batean lan ildoak eztabaidatzeko. Normalean, Unescoren egoitzan egiten dute bilera, Parisen (Frantzia), baina salbuespenak izaten dira eta hau izan da bat. Guri interesgarria iruditu zitzaigun haiek hona ekartzea. Gipuzkoarentzat oso aukera ona zen, Zumaian egin dugun lan guztia erakusteko aukera ematen zuelako. Geologian Zumaiaren izenean hitz egiteak ate asko irekitzen ditu. Hautagaitza saltzeko ere baliatu dugu, bide batez.

Zeintzuk dira beste hautagaiak?

2020rako Vancouver eta Delhi daude, Kanadan eta Indian. Aukerak badauzkagu, baina egia da Vancouverrek hautagaitza oso aurreratuta daukala. Ia bi urte daramatzate lanean. Lehengo asteko bileraren ondoren, askoz ere itxaropentsuago gaude, hala ere.

Pozik al zaudete haiek egindako egonaldiarekin?

Oso irudi onarekin joan dira. Benetan kongresua egiteko gogoa daukagula ikusi dute, eta erakundeak tartean daudela.

Zer ekarriko luke Donostian gisa honetako kongresu bat antolatzeak?

8.000 pertsonak parte hartzen dute, eta diru iturri zuzena da lurralde osorako. Kongresuak astebete irauten du gutxi gorabehera, baina hasi baino lehen eta ondoren, irtenaldi ugari egiten dituzte biltzarkideek lekuak ikusteko. Txangorik gehienak Gipuzkoan eta Euskal Herrian izango lirateke. Etorkizunerako inbertsio gisa ere ikusten dut. Gure lurraldea eta gure kultura zer diren erakusteko, sekulako leihoa da. Gainera, Geologia Kongresuak munduko mapan kokatutako luke betiko Donostia. Jende guztia gogoratzen da non egin diren azken kongresuak.

Nork hartzen du parte kongresuan?

Zientzialariak egoten dira; unibertsitatetik eta ikerketa guneetatik etorritakoak. Munduko lurralde guztietako zerbitzu geologikoetako buruak ere bai, eta industriako jende asko mugitzen da: meatzaritza, petrolioa, gasa, mineralak... Munduan negozio bolumen handia mugitzen dutenak.

Zein alderdiri begiratzen diote hautagaitza aukeratzeko?

Irtenaldi zoologikoak eskaini behar dira geologoentzat, baina aisialdia ere hartzen dute kontuan. Oso distantzia txikian eskaintza handia eta askotarikoa dugu guk. Horixe da gure alderdirik indartsuena.

Gipuzkoan geologia aldetik zein dira gunerik interesgarrienak?

Zumaiako labarrak nazioartean klasiko dira. Lurraren historiaren liburu gisako bat dago han. Milioika urte asko irakur daitezke han, eta klimaren eta bioaniztasunaren inguruko informazioa ere badago. Hautagaitza saltzeko orduan lehendabiziko amua hori izango da. Baina, nazioartean ezagun ez izanagatik, intereseko leku ugari daude Gipuzkoan: Jaizkibel, Aralar, Arditurri eta Arantzazuko haitzuloa, adibi-dez.

Eta eskualdetik kanpora?

Errioxan dinosauroen munduko aztarnarik hoberenetakoak daude. Pirinioa oso mendikate berezia da. Ohartzen ez garen arren, geologiak turistak mugitzeko ahalmena du. Espainian gehien bisitatzen diren guneak ez dira monumentu historikoak edo eraikinak: Teide, Ordesa eta Timanfaya dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.