GERIZPEAN. Gaueko faunarekin besarkada musikala

joxerra senar
2008ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Dianak. Gaueko faunako parrandazaleen eta goizean goiz esnatzen direnen arteko besarkada musikala. Sanferminen aurkia eta ifrentzuak bat egiten duten une bakarra eta paregabea. Gauari agur eta egun berriari kaixo esateko modurik alaiena. Hori eta gehiago dira dianak. Horregatik, gure gaurko nota berezia bezain bakarra da. Ez da fa huts bat. Akaso fa sostenido bat, edo, ikuspuntuaren arabera, sol bemol bat.

Goiza da, 06:45 dira, eta Iruñeko Udaletxe plaza gainezka dago. Entzierroko barrerak jarrita dituzte jada, eta jendea gainean eserita dago. Zezenak handik pasatzen ikusteko ordubete baino gehiago falta den arren, urduritasuna eta ikusmina nabari dira airean.

Haatik, sentsaziook airean desagertzen dira udaletxeko plazatik Kale Berrian gora doan La Pamplonesa udal musika taldea dianak jotzen hasten denean. Hari segika, jende andana. Musika jo aurretik, askok batuta ordez laser ezpata antzeko bat daraman zuzendariari imintzio egiten diote, baina lehen notak jotzearekin batera, dantzan eta abesten hasten dira. Festa ez da amaitu. Festa hasi egin da.

«San Ferminetan gehien atsegindudan gauzetako bat da. Beti esan dut txupinazoarekin batera hoberena dela». Juan Mari Goikoetxea La Pamplonesa udal musika taldeko saxofoilarietako batek badu arrazoirik hori esateko. 24 urte daramatza La Pamplonesan jotzen, eta urte horietan guztietan goizean goiz ikusitako eszenak maiz ikusi ditu. Ezagun batzuk errepikatzen dira, beste batzuk ez. Musikariak agurtzen dituzte, hitz egiten diete: «Kasta duen jendea da».

Udaletxe plaza edo inguruetan hasi eta bukatzen dira dianak, baina egunero ibilbide desberdina dute. Ondoren, Goikoetxeak normalean entzierroa ikustera etxera joan ohi da, baina batzuetan balkoietatik ikusteko aukera izaten du. Hilaren 7an prozesioa dute, eta 14an beste ekitaldi bat, baina bestela goiza seme-alabekin egiten du. «Eurekin irteten naiz handik». Ondoren, arratsaldetan La Pamplonesak zezenketetan jo ohi du, eta han egoten da Goikoetxea ere. «Eta horrela egunero». Lehen gauero egiten zuen parranda, baina orain haurrak dituenez batzuetan baino ez da ateratzen. Egun horietan bizpahiru orduko lo kuluxka egiten du.

Goikoetxearentzat, dianekin batera txupinazoa berezia da. Udaletxe barruan biribilketa jo ohi du La Pamplonesak gaitariekin batera, eta han eraikineko hormen barruan, festak hastear direla eta kanpoko orroa entzuten dutela «oilo-ipurdia» jartzen zaiola onartzen du. «Txupinazoa bertatik lehen aldiz bizitzen duzunean oso zirraragarria da, baina gaur egun ere niri oilo-ipurdia jartzen zait». Pena bakarra du: lehen udaletxe kanpoan jotzen zutela, eta «giro guztia eta txupinazoa gehiago entzuten ziren».

Pixkanaka indarra hartzen ari den Riau-riau ekitaldian ere parte hartzen du, baita prozesioan ere. «Prozesioan gehien atsegin dudan unea da Estafetan barrena goazenean. Bertan Damaskoko itzala jo ohi dugu. Usadioa da».

Goikoetxeak argi dio «zortea» duela, festa «barru-barrutik» bizitzen duelako. Urteen poderioz ekitaldi guztietan parte hartu du, La Pamplonesan parte hartu aurretik ere peñetan jo izan duelako. «Beti bizi izan ditut sanferminak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.