Gernika batailoia Jose Antonio Agirre lehendakariaren «ametsa» izan zen, eta Kepa Ordoki komandantea izan zuen buru. Bigarren Mundu Gerraren amaieran borrokatu zen gudari talde hark ekarpen galanta egin zion nazien aurkako borrokari, eta espero zuten —eta iritsi ez zen— askatasun hartarako prestatzen aritu ziren. Haiei buruzko liburua idatzi du Franck Dolosor kazetariak (Senpere, Lapurdi, 1977): Gernika Batailoia. Askatasunaren ametsa.
Liburuan jasoa duzu Paco Perez gudariak esana: «Memoriaren etsaia ez da denbora, isiltasuna baizik». Zure lana, beraz, haiei ahotsa ematea izan da?
Bai, eta beharrezkoa da, zeren Gernika Batailoiak badauzka osagai interesgarri eta baliagarri asko, gaurko eta etorkizuna prestatzeko. Bat, aniztasuna. Bakoitzak bere konbikzioak behar ditu izan eta horiek atxiki, baina gauzak taldelanean aitzinatzen dira. Hori gure historian oso gutitan gertatu da. Aniztasun handia egon zen Jose Antonio Agirre lehendakariaren inguruan, gerra egoera baitzen: Franco alde batetik, eta naziak bestetik. Den-denak batailoian ziren, frankistak salbu: jeltzaleak, ANVkoak —Ordoki, kasurako—, sozialistak, komunistak, anarkistak... Paco Perezi galdetu nion: «Paco, ez dut sumatzen ongi zer sokakoa zaren». Harek erran zidan, sano-sano: «Ni naiz justiziaren alderdiaren kidea. Nik ikusten badut norbait etzanda, nik nahi dut hori zutik egon dadin». Gauzak argi zituzten, eta askatasuna eta demokrazia defendatu zituzten, bai Euskal Herrian, bai munduan barna.
Liburuan kontatzen duzu Perezen errautsak Pointe de Graven bota zituztela, hil zenean. Girondako (Okzitania) leku horri orri asko eskaini dizkiozu liburuan.
Bai. Gune estrategikoa zen erabat. 1944an nazien eremurik handiena askatu zen, Bordele barne, baina Pointe de Graveko lurmuturrean, Bordeleko portuaren sarreran, milaka soldadu ziren oraindik. Hura askatzen parte hartu zuten. Aliatuak lagunduz pentsatzen zuten gero Mussolini eta Hitler erori, eta Franco kenduko zutela. Jaurlaritzak estatua pentsatua zuen. Gernika Batailoiak, batetik, aliatuak lagundu zituzten Pointe de Graven, eta bestetik, Ertzaintza sortzeko enbrioia izan zen Parisen egin zen misio eta formakuntza batekin. Beraz, den-dena pentsatua zuten diktadura ondoko trantsizio garairako, baina gero gaizki itzulikatu da erabat, eta euskaldunak galtzaile. Bederen egin zuten egin behar zena, eta duintasun handiarekin. Hori da erakutsi nahi duguna.
Itxaropena bazuten, beraz.
Bai. Azpimarratu nahi dut guk ahal diren omenaldi guztiak egin behar ditugula filmen bidez, liburu bidez edo nahi den bezala, Pointe de Graveko herritarrek ez dutelako sekula ahantzi. Orain ere ikurrinak erakusten dituzte batzuetan, eta beti erraten dute: «Gu libre gaude Gernika batailoiari esker ere». Hori frantsesek erraten badute, gu zertan ari gara? Guk behar dugu hori gehiago azpimarratu.
«Gauzak argi zituzten, eta askatasuna eta demokrazia defendatu zituzten, bai Euskal Herrian, bai munduan»
Gudari haiek beren burua heroitzat ere ez zuten ikusten, ezta?
Batere ez. Batzuk 36ko gerran aritu ziren, eta beste batzuk gazteak ziren. Bistan da motibazio desberdinak zirela, baina Agirreren deiari erantzun zioten. Erbestean ziren euskaldun horiek multzo batean elgarrekin ziren, eta beren artean aiseago eramaten zuten hori, nahiz eta gerran parte hartu behar. Adiskidetasun handi-handia zen. Batzuek erraten dute Kepa Ordoki bera komandantea baino gehiago laguna zela. Euskaltzaletasun handia ere bazuten. Gernika batailoia eman zioten izena: Gernika lehen biktima eta Bigarren Mundu Gerraren entsegu orokorra izan zen, eta lehen biktimak behar zuen azken gudan parte hartu.
Kazetaritza lanetan gertatu zaizun unerik ederrena, gainera, Gernika batailoiaren harira izan da.
Bai, momenturik indartsuena. Datorren urtean 30 urte beteko dira kazetari naizenetik, eta denetik gertatu zait, baina indartsuena hori izan da. Gernika batailoiari buruzko dokumentala grabatu genuelarik duela hamar urte, ETBko Gaur egun eta Teleberri albistegietan aipatu genuen zertaz ari ginen, eta Antxon Mujika aipatu genuen. Guduaren lehen egunean, 1945eko apirilaren 14an, mina bat zapaldu zuen beste gudari batekin, eta biak hil ziren. Hori aipatzen genuelarik labur-labur, deitu ninduten Mugika-Arrizabalaga familiako senideek, donostiarrak, esanez beren anaia aipatzen ari nintzela. Bazekiten Frantzian hil zela, baina zehazki zer gertatu zitzaion ez zutela sekula jakin.
Eta zuk bazenekien.
Bai. Aitor Estebanek jakinarazi zigun Retaud herriko [Okzitania] hilerrian zegoela. Igandean izan nintzen han, astelehenean jaso nuen deia eta asteartean berean joan nintzen Donostiara. Han zeuden Antxonen anaia Guillermo eta arreba Carmen, ilobak inguruan, denak negarrez, kasik belauniko nire aitzinean. «Erran ezazu, zer izan zen, nola izan zen?». Azaldu nien, eta asko hunkitu ziren. Hori ere bada kazetaritza. Ez dut sekula ahantziko Guillermok erran zidana: «Sosegua eman diguzu, azkenean sosegua eman diguzu». Handik egun batzuetara Koro Mujika ilobak Carmen izeba hilerrira eraman zuen, lore sorta batekin. Hau esan zion Carmenek bere anaiari: «Antxon, 70 urte pasatu dira, baina hemen naiz». Hori Euskal Herriko familia batzuen historia da.
LOTSABAKO
Kepa Ordoki aurrez aurre izango bazenu...
Miresten dudala esango nioke, eta eskerrak emango nizkioke.Eta Agirreri?
Gauza bera. XX. mendean izan dugun politikaririk handiena da.