Javier Añua Crespo. Abokatu eta saskibaloi entrenatzaile ohia

«Gertu dut frankismoan etxean sentitzen genuen izua, isiltasuna»

Diktaduran, saskibaloiaren munduan, militantzia politikoko urteetan, abokatu lanetan, bidaiatzean... Bere bizitzan ezagututako pertsonen arteko elkartasunaren balioa nabarmendu du batez ere Añuak.

Jon Rejado.
Gasteiz
2015eko uztailaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Puntako saskibaloi entrenatzailea, trantsizio garaiko politikako eragilea, familia abokatua, bidaiaria... Aurpegi anitzeko pertsona da Javier Añua Crespo (Gasteiz, 1935). «Gorputzak eskatzen zidana egiteko zortea izan dut». Egun ere hala jarraitzen du: goizean goiz jaiki, emaztearekin pare bat orduko bizikleta buelta eman, lagunekin kafea hartu... Irribarrea eta jarrera baikorra ia elkarrizketa osoan izan ditu. «Positiboan hitz egin behar da, modu eraikitzailean».

Elkarrizketa bat ez, hiru edo lau beharko lirateke zure aurpegi guztiak sakon jorratu ahal izateko.

Egia da denetarik egitea gustatu izan zaidala: saskibaloia, bidaiak, jarduera politikoa, bizimodua ateratzeko lanera itzultzea, jazz musika, Gasteizko historia gogoraraztea... Beti saiatu naiz gustatu zaidana egiten, ideologiari edo sentimenduei uko egin gabe.

Azken urtean, Gora Gasteiz mugimenduari babesa eman diozu.

Javier Marotok kanpotik etorritakoei egindako mespretxua 1960ko hamarkadan ere gertatu zen. Extremadurako [Espainia] pertsona asko etorri zen Gasteizera, eta betiko gasteiztarrek ez zituzten ondo hartu. Ordea, Gasteiz gaur egun den hiria bada, kanpotik etorri ziren pertsona zoragarrien ahaleginari esker da. Gasteizen eta Euskal Herrian zerbaitetaz harro egotekotan, inor baino irekiagoak izan garelako egon behar dugu. Hori ezin dugu galdu.

Gasteizen jaio zinen, 1935. urtean, II. Errepublika garaian.

Are gehiago, etxe honetan bertan jaio nintzen, aitona-amonen etxean. Gurasoak Arkuetan bizi ziren , egun Plaza Berri gisa ezaguna den horretan. Baina garai hartan ohikoa zen hala erditzea.

Txikia izango bazinen ere, gerra garaiko oroitzapenak badituzu?

Bitxia da, baina bonbardaketak gogoratzen ditut. Sirena entzun, eta sotora jaitsi behar genuen eraikineko guztiok.

Gasteizko historia gogoraraztearen garrantzia nabarmendu izan duzu. Zergatik?

Gertatu zena ahazten du jendeak, eta, adinagatik, garai hartako lekukoa naiz; bizi izan genuena gertatu ez zela sinetsarazi nahi diguten hori: beldurra, isiltasuna... Gertu dut etxean sentitu izan genuen izua. Buruan dut oraindik aitak teilatutik ihes egin zuenekoa, erreketeak bila etorri zitzaizkionean.

Eta gerra ostean?

Izugarri markatu ninduten garai horretako oroitzapenek. Etxeetan ez zen hitz egiten gertatzen ari zenaz, beldurrak eraginda. Jaietan, Espainiako bandera jartzera behartuta zeunden, edo isuna jartzen zizuten. Garai hartan, gertu zegoen gerran gertatutakoa.

Adibidez?

Gasteiz irratian lehen Jazz irratsaioko kide nuen lagunak, Luis Abaituak, ez zuen aitarik. Azazetan hil zuten, 1937an, fusilatuta, beste hamabost pertsonarekin, Gasteizko alkatea barne: Gonzalez de Zarate. Ezer ez zela gertatuematen zuen gero, baina gertatu zen. Urte luzez mantendu zen beldurra, baita pribilegioak ere.

Pribilegioak?

Francok salgai jakin batzuen salerosketaren gaineko esklusibak eman zizkien aldeko lagunei: olioa, ikatza... Horien erabateko kontrola zuten Araban, eta izugarri aberastu ziren. Familia ezagunak dira, baina, frankismoari esker aberastu arren, ilobek ez dute ezer itzuli behar izan.

Familia pribilegiatuen eta jazarrien arteko harremanari nola eusten zitzaion egunerokoan?

Isiltasunarekin. Iruditzen zitzaidan umiliazio ezkutu bat zegoela. Baina bazeuden ilusiorako tarteak ere egunerokoan.

Adibidez?

Aitari txistua jotzea gustatzen zitzaion, debekatuta egon arren. Etxearen atzeko partera joaten zen, tailerrera, eta Primitivo Onraitak eskolak ematen zizkion. Liluratuta ikusten nituen eskola haiek. Halaber, Florida parkera joaten zen, Luis Aranburuk musika irakats ziezaion; negu gorrian , elurretan, ogitarteko bat eta ardo botila elkarrekin hartuta. Elkartasun hori biziki gogoratzen dut.

Nerabezaroan egin zenuen lehen bidaia, Frantziara. Zergatik?

Hiru hilabeterako bidali ninduten gurasoek Pauera, ikastera. Familia sefardi batek hartu ninduen. Dirurik ez zuten pertsona batzuek hartu ninduten, han ikas nezan. Orduan konturatu nintzen munduak modu batean funtzionatzen duela, baina beste era batean saldu nahi digutela.

Gerora ere bidaiatzeko zaletasunari eutsi diozu, ezta?

Amerika, goitik behera; Yemen; Iran... Mundu osoan zehar bidaiatu dut, eta beti egongo da gehiago ikusteko. Unamunoren esaldi bat datorkit burura, nazionalismoa bidaiatuz sendatzen dela dioena. Gezurra. Herrialde garatu batean jaio izana baloratzen ikasten da, baita elkartasuna ere. Bidaiatzeak ez du kentzen, eman egiten du.

Zure bizitzako ardatz nagusietako bat saskibaloia izan da. Nola heldu zinen horra?

Hamasei urte inguru nituela, Alavesek fitxatu nahi izan gintuen, ni eta beste lagun batzuk. Amak ez zidan utzi, ikasi egin behar nuelako. Hortaz, amak ezagutuko ez zuen beste kirol bat bilatu nuen: saskibaloia. Txarra nintzen, baina ikastea erabaki nuen.

Nola ikasten da gehienentzat ezezaguna zen kirol bat?

AEBetako liburuekin. New York Knicks taldeari informazioa eskatu nion, eta gauza pila bat bidali zizkidaten, bobina erraldoi batzuk barne, grabaketekin. Entrenatzaile laguntzaile ere ibili nintzen. Azkenean talde polita egin genuen Gasteizen.

KAS taldeari buruz ari zara?

Fronton Vitoriano izeneko kantxan jokatzen genuen, eta dena irabazten genuen. Lehen mailara igo, Europarako sailkatu... Talde oso indartsua genuen, baina kargutik kendu ninduten. AEBetara joan nintzen gero. New York Knicks taldeko jokalari batzuek hotel merke bat lortzen lagundu zidaten.

Nola hartu zintuztetenhango taldeek?

Espainian, entrenatzaileek uko egiten zioten informazioa emateari. AEBetan, dena ematen zizuten. «Noizbait zure talderen baten kontra jokatzen badugu, hobeak izaten lagunduko digu», azaldu zidaten.

Eta, etorri eta gutxira, Bartzelonan hasi zinen, entrenatzaile.

Bartzelona mailari eusteko lehian zebilen, eta egitasmo berri bat hasteko hartu ninduten. Lau urtean, Ligan bigarren izatea lortu genuen, Palau Blaugranaren inaugurazioan Real Madrili irabazi genion —epailea estutuz, dena esan beharra dago—...

Eta zaleen errespetua irabazi zenuen. Katalanarekin pasadizo bat duzu...

Taldeko guztiak hango gaztetxoak ziren, eta elkarrekin katalanez egiten zuten! Zer zen errazena? Nik katalanez ikastea. Palaun asko maite ninduten, bai. Gerora, Aguilaseko entrenatzaile gisa itzuli nintzen, eta kantxan sartzean txaloka hasi ziren. Ia ordu laurdena eman zuten txalotzen! Partida ezin zen hasi, eta ni, negar batean... Hunkigarria.

Beste hainbat talde etorri ziren gero.

Bilbora joan nintzen, Antibesera [Frantzia] gero... Nazioarteko Olinpiar Batzordeak eskatuta, Txilen, Kolonbian eta Venezuelan ere egon nintzen. Eta, horietako batean, 1971. urtean ezagutu nuen Salvador Allende. Euskaraz agurtu ninduen; ahaide batzuk Gernika-Lumokoak zirela esan zidan... eta azpiko tabernara gonbidatu ninduen kafe bat hartzera. Gehien hunkitu naizen uneetako bat izan da.

Noiz erabaki zenuen saskibaloi jokalekuetatik aldentzea?

Antibeseko entrenatzaile nintzela, hotel batean jaiki nintzen behin. Ez nekien non geunden, ezta noren aurka jokatu behar genuen ere. Orduan erabaki nuen nahikoa zela. Gerora, itzuli nintzen Baskoniara, eta Federazio Kopa irabazi. Baina 1974. eta 1975. urteetan nabaritu nuen Euskal Herrira itzuli behar nuela, zerbait gertatuko zelako. Gerora ez ziren horrenbeste gauza gertatu, baina...

Eta abokatu hasi zinen. Nolakoa izan zen hasiera hura?

Familia abokatua egin nintzen, alde gizatiarrarekin eta testuinguruen azterketarekin lotuagoa zegoelako. Baina gogorra izan zen, asko ikasi behar izan nuelako. Horrez gain, garai politiko berrian sartu nintzen. Familia EAJkoa zen, baina ideia horiek garatzea zegoela uste nuen.

Orduan egon zinen Altsasuko Mahaian.

Pertsona bikainak zeuden han, oso aurrerakoiak, oso irekiak. Handik atera zen HB, eta hango mahaian egon nintzen urteetan. Baina, urteak aurrera joan ahala, lanak denbora gehiago eskatu zidan. Dena den, oso polita izan zen. Amnistiaren Aldeko Mugimenduko presidentea izan nintzen. Itxaropen garaia zen, erromantikoa.

Eta gogorra?

Bai, batzuetan bai. Baina gogortasunaren barruan historia hunkigarriak zeuden.

Zer gogoratzen duzu garai horiez?

Gauza asko, baina, esan bezala, une politek pisu handia dute egoera tragikoetan. Jende miresgarria zegoen. Inork ez zuen sosik atera. Telesforo Monzon etortzen zait burura, beste askorekin batera; zuen zuzentasuna eta adorea. Bere ideiengatik sakrifikatzeko prest zegoen. Santi Brouard ere bai. Gizon ona zen, zinez. Oso garai gogorrak izan ditugu; bi aldeetan, bai. Eta guztienganako errespetua izan behar da.

Abokatua izanda, preso politikoen kasuak eraman zenituen?

Bai, bai. Are gehiago; garai batean, Segovian zeuden euskal preso batzuen kasuak eraman nituen.

Ihesaldian parte hartu zuten batzuen abokatua al zinen?

Okerrena da ihesaldiaren berri izan nuela Donostian, afaltzen ari nintzela. Hainbat pertsona geunden, eta batek bota zuen: «Badago, ihes egin dute!». «Nortzuek, baina?», ihardetsi nion. Erantzunak harritu ninduen: «Zureak!». [Barre egin du] Gero harrapatu zituzten, abisua eman zien norbait lokartu zelako...

Gerora, abokatu bulegoan aritu zinen buru-belarri. Zergatik?

3.000 pertsona dibortziaturen txostenak kudeatzeko, bulegoan egon behar duzu. Beste ildo batean, baina elkartasuna susta dezakeen lana egiten da bertan, diruari garrantzia eman gabe. Horrek ematen dizu modua ideologiari eutsi eta zarenaz pozik egoteko.

Zer diozu ordutik politikan gertatutakoez?

Boterearen indarra erraldoia da, eta, hedabideen bitartez, iritzi publikoa finkatzen da. Egia da alde batekoek asko sufritu dutela, baita beste aldekoek ere bai. Uste dut gaiari heltzeko garaia heldu dela.

Ezinbestekoa da galdetzea, halaber, nondik datorkizun jazzarekiko lotura.

Familia sefardiarekin bizi nintzela, haien musika entzuten nuen. Konturatu nintzen apenas ezagutzen nuela musikarik. Louis Armstrongen disko bat erosi nuen, 1952an. Harrapatu ninduen. Abaituak Suitzatik ekarritako musika zuen; elkartu ginen, Gasteiz irratian jazz saio bat egitea proposatu, eta 1955ean Miles Davis entzunzuten gasteiztarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.