Gurpilak airean zituztela, apirilaren 11n harrobiko txirrindularien artetik igo zen Euskal Herriko Itzuliko oholtzara Arritxu Iribar kirol kazetaria (Zumaia, Gipuzkoa, 1963). Euskadi Irratiko esatari moduan 35. eta azken Itzulia izan zuen hura, eta, egindako lana eskertzeko, azken etaparen amaieran omenaldi beroa egin zioten jendaurrean. Hunkituta agurtu zituen Unai Iribar iloba, eta baita Ion Izagirre eta Alex Aranburu ere, «etxeko» sentitzen baititu. Uztailean hartuko du erretiroa, baina gurpilen atzetik segika jarraituko du.
Mikrofono gorria oraindik eskuan igo zinen Itzuliko omenaldian oholtzara. Zer sentitu zenuen?
Ez dakit hitzekin deskribatzen; gerora jabetu naiz gehiago. Omenaldia bera oso polita izan zen, eta ondorena ikaragarria izan da: milaka mezu jaso ditut, egindakoagatik eskerrak emanez, zorionduz... Azkenean, maitasuna adieraziz. Ez dut uste hainbeste merezi dudanik, jende pila batek egin duelako nik bezala lan. Baina asko-asko estimatu dut.
35. Itzulia izan duzu esatari lanetan. Zer sentitzen da motor gainean joanda?
Karrera barrutik bizitzeko modu bat da, eta hura ikusteko beste ikuspegi bat. Uste dut gertutasuna ematen duela barrutik bizi izandakoa kontatu ahal izateak; beste era batera kontatzen da horrela. Talde horretako ia kide bat gehiago sentitzen zara. Distantziatik askoz hotzagoa izan daiteke.
Zenbat aldiz esan behar izan diozu «Joxe Mari, Joxe Mari» Apaolazari, hitza emateko eske?
Uf, pila batetan, pila batetan! «Joxe Mari, Joxe Mari» hori hor geldituko da betiko. Batetik, motoan etengabe mugituz zoaz; seinale ona daukazunean, aprobetxatu egin nahi izaten duzu. Eta, bestetik, zerbait momentuan ikusten duzunean, irratiak momentuan bizi duzuna kontatzeko aukera ematen dizu.
Adibidez, txirrindulariek paretik ihes egin aurretik elkarrizketa egiteko.
Bai, polita da, baina gogorra ere bai, haiekin hartu-eman zuzena duzulako; zaila da, ulertu behar duzulako duten guztia emanda datozela, neka-neka eginda, batzuetan gauzak ondo atera zaizkiela, beste batzuetan ez... Eta zu hortxe, ia arnasari buelta eman aurretik, bi hitz eskatuz.
Nondik datorkizu txirrindularitzarekiko pasioa?
Etxetik. Anaia bizikletan hasi zen 10 urte zituela; harekin hasi nintzen lasterketetara joaten. 50 urte baino gehiago daramatzat lasterketak ikusten. Hari jarraituz, garai hartan mutikoak ezagutu nituen, kirola ezagutu nuen, gero eta gehiago sartzen joan nintzen, eta, nolabait, baloratzen hasi nintzen txikitatik goraino egiten duten horien sakrifizioa. Ze, ziklismoa zerbait baldin bada, sakrifizioa da; ikaragarria da. Hor maitemindu nintzen kirol honetaz, eta gaur arte iraun dit maitasun horrek. Zumaiako Txirrindulari Elkartean sorreratik nago, eta hor jarraitzen dut, gaztetxoekin lanean.
Asteburu asko eskaini dizkiozu txirrindulari gazteekin aritzeari. Harrobia zaintzen saiatu zara beti?
Badut lagun bat esaten duena: «Amazonera eskatu, eta ez dira txirrindulariak iristen». Lana egin behar da, oso kirol gogorra da, eta lagundu egin behar zaie. Norbait, agian, ailegatuko da maila gorenera, eta, zorionez, baditugu ailegatutakoak; baina beste guztiak bidean geratuko dira. Bide horretan ikasten dutena bizitzarako ere lagungarri izango dute.
Frantziako Tourra Euskal Herrira ekartzea polita da, baina ze kostu dauka horrek? Itzuli eta elkarte txiki asko itzaltzen ari dira...
Dudarik gabe. Aurrekontu guztiak ikaragarri handitu dira. Klubetako diru sarrerak herrietako taberna, denda, enpresa txiki horien esku daude. Eta horiek borondate osoa jarriko dute, baina horrekin ezin dute talde handi batek bezala aurrera atera lana. Asko kostatzen da, eta nik uste dut instituzioak ez direla askorik jabetzen beheko maila horietan egiten den lanaz.
Harrobirik gabe ez dago profesionalik.
Alde batetik, neska-mutikoak atera daitezen, karrerak antolatu behar dira. Horretarako, boluntario pila bat behar da. Gaur egun bizi garen gizarte honetan, benetan tristea da ez baloratzea boluntario horien guztien lana. Eta behar-beharrezkoak dira gero profesionaletan txirrindulariak izan nahi baditugu. Beheko lan hori gabe, goikoa ezinezkoa da.
Bide horretan, belaunaldi askotako txirrindulariak ezagutzeko aukera izan duzu. Harreman estua egin duzu haiekin.
Bai, eta, neurri batean, desberdina izan da harremana. Adibidez, omenaldian, han goian zeuden Ion Izagirre eta Alex Aranburu, nire ilobaz gain. Iloba etxekoa da. Baina beste biak ere ia-ia etxeko sentitzen ditut. Pentsa, Ionen aita ezagutu nuen junior mailan parte hartzen ari zela [Jose Ramon Izagirre]; beraz, jaio zirenetik ezagutu ditut Gorka eta Ion. Haien garapen osoa ikusi dut. Alex Aranburu, adibidez, nire semearen kintoa da, eta ezagutu nuen kimuetan hasi zenean. Eta begira noraino ailegatu diren eta zer-nolako txirrindulari puskak diren. Bai, batzuen ibilbide oso-osoa bizitzea tokatu zait, eta oso polita da ikustea hain txikitan ezagutu duzun norbait goi mailara iritsi dela.
Kirol kazetaria zara lanbidez, baina Euskal Ikasketak egin zenituen, eta pare-parean harrapatu zintuen EITBren sorrerak. Orduan eman zenuen irratirako pausoa?
Bai, Euskal Ikasketak bukatzen ari nintzela, jendea eskatu zuten Euskadi Irratitik eta Euskal Telebistatik. Animatu egin nintzen. Asko erakartzen ninduen mundu horrek. Ikasketak aukeratu behar izan nituenean, zalantza izan nuen, eta, hara non, bukaeran aukera etorri zitzaidan irratian hasteko. Gogoan dut gelako bostek-edo eman genuela izena; proba batzuk gainditu, eta lau hartu gintuzten.
Zerk harrapatu zintuen?
Denak. Entzulearen begia izateak. Gero konturatzen zara zer botere duzun: zuk eman behar diozu ikusten ari zarenaren berri, magia hori, irudirik gabe, ahotsarekin jolastea, bat-batekotasuna... Zorionez, lankide talde zoragarri bat izan nuen, daukat, eta erabat harrapatu ninduen irratiak.
Kiroletan baino lehenago, magazinean aritu zinen lanean.
Bai, goizetan, Joxerra Garziarekin, bi urte egin genituen eguna esnatzen hasteko magazin batean. Baina hor ohartu ziren niri kirola gustatzen zitzaidala, eta, bereziki, txirrindularitza.
Eta hor esan zizuten «zu, kiroletara»?
Bai, esan zidaten ea nahi nuen horien berri eman. Lehenengo, magazinean jarraitu nuen, eta, aldi berean, txirrindularitzako albisteak ematen nituen kiroletan. Hurrengo urtean, erabat kiroletara pasatu ninduten.
Irratiko lehen emakume kirol kazetaria izango zinen. Inoiz gutxietsi izan zaituzte?
Lankideek, inoiz ez; bat gehiago sentitu izan naiz beti. Inoiz, elkarrizketetan-eta, esan izan didate: «Zuk honetaz badakizu, e?». Harritu egiten ziren zenbaitzuk. Baina, oro har, ez dut gutxiespenik sentitu. Agian, esango nuke emakume izateagatik babes handiagoa izan dudala. Alboratu edo diskriminatu baino gehiago, beste era bateko harrera egin izan didate. Hori ere izan daiteke diskriminazioa... tratatu nazazu besteen pare. Halere, pixkanaka ari da aldatzen, baina gizonen mundua da oraindik, bai.
Hedabideetan, saiakerak saiakera, ez dute leku eta espazio bera hartzen emakumeen eta gizonen kirolek. Zer ardura dute hedabideek horretan?
Handia. Baina lan egiteko moduan emakumeen kirola ere asko aldatu da. Talde ia guztiek dituzte orain prentsa arduradunak. Emakumeen kirolean, gizonezkoenean egiten dituzten akats berberak egiten ari dira. Askotan joaten gara emakume kirolariengana, eta, beren protokoloekin, ematen du enbarazu egiten dugula. Zenbait kasutan ondo etorriko da kirolarientzat, baina jendea ez da horretaz jabetzen. Eta hori ere gertatzen ari da. Mutiletan are gehiago, asko jainkotuta daudelako. Emakumeen kasuan, erraztasunak eman beharrean, askotan trabak besterik ez digute jartzen. Emakumeen kirola gizonen eredu hori kopiatzen ari da.
Era berean, kirol guztiek ez dute pisu bera. Txirrindularitzak, adibidez, ez du futbolak duen hegemonia bera... Nola bizi duzu hori?
Begira, gurean uste dut salbuespena garela. Gure kirol saioetan kirol askori egiten diegu tartea, eta hori da, agian, besteengandik desberdintzen gaituena. Oso garbi daukagu hedabide publiko bat garela, eta denek izan behar dutela tartea gurean. Zoritxarrez, ez da orokorra.
Oro har, badu nahikoa leku kirolak prentsan, irratian, telebistan?
Nik esango nuke leku gehiegi daukala. Momentu honetan munduan bizi dugun guztiarekin, batzuetan esaten dut: «Ez da posible». Palestinan gertatzen ari denarekin, euskararen inguruan gertatzen ari denarekin, etxebizitzen arazoarekin... gai asko dago, eta, hala ere, hori dena estaltzen du kirolak. Batzuetan esaten dut: «Hau gehiegitxo da: gaindimentsionatu egiten dugu guztia».
Askotan zabaltzen den mezua da: ez nahastu kirola eta politika, bi gauza desberdin dira eta. Zer iritzi duzu?
Dena dela politika. Edozein gairen edo egoeraren aurrean, batzuetan ez duzu jarrera jakin bat hartu nahi, eta, hori eginda, nolabait jarrera bat hartzen duzu. Hori ezinezkoa da, arlo guztietan. Isilik egoteak nori egiten dio mesede?
Kirol kazetaria izateaz gain, LAB sindikatuan ere urte askoan egin duzu lan, irratian. Zein izan dira zuen lan ildo nagusiak?
Ezkerreko ikuspegitik, langileen eskubideak defendatu ditugu beti. Ez gara funtzionarioak izan, eta gu hasi ginenean ia dena zegoen egiteko. Gaztetasunean dena daukazu, eta lan baldintzak-eta, agian, ez ziren hainbeste errespetatzen. Batez ere, pertsona batzuen ongizatean pentsatu beharrean, kolektiboan pentsatzen saiatu gara. Gaur egun irratian dagoen jende asko jaio gabe zegoen guk lehen hitzarmenak negoziatu genituenean, eta, agian, ez dira konturatzen gauza asko langileen borrokarekin lortutako eskubideak direla. Gaur egun, gizartean aisialdiari eta ordu libreei askoz garrantzi handiagoa ematen diegu. Pixka bat uztartzen saiatzen gara; langilea errespetatua izan dadila, ez dadila izan pertsona zapaldu bat.
Zinegotzi ere izana zara Zumaian. Leku guztietan saiatu zara zure aletxoa jartzen?
Laguntza eskatu zidaten, eta pentsatu nuen beste arlo batzuetan ere herriari lagundu behar niokeela. Hortik etorri zen baiezkoa, herriari laguntzeko. Zortzi urte eman nituen, bi agintaldi.
Gustura aritu zinen?
Bai, oso lantalde jatorra genuen, oraindik ere oso lagunak gara, eta berriz egingo nuke. Baina ni EH Bilduko zinegotzi izan nintzen, eta, lerratu nintzenean, batzuek agurra ukatu zidaten kalean. Ni betiko Arritxu nintzen, baina batzuek ez zuten onartu lerratzea. Horrez gain, konturatzen nintzen, nahiz eta ikusi egindako gauzak onerako izan direla, zure alderdiak eginak baldin badira, batzuentzat beti gaizki eginak direla. Halakoak ez ditut batere ondo eraman izan. Baina gozatu ere egin nuen, ikusiz jendeari lagundu diezaiokezula. Horrek, ondo ateratzen baldin bada, izugarri asebetetzen du.
Uztailean hartuko duzu erretiroa. Mikrofonoa itzali egingo da, baina gurpilen atzetik jarraituko duzu?
Zumaiako Txirrindulari Elkartean gaztetxoekin lanean segituko dut: benjaminak, kimuak, haurrak, kadeteak, juniorrak... Gure eskuetatik pasatu diren horien atzetik jarraituko dugu afizionatu mailan, eta, ahal bada, maila gorenean. Niri hori gustatzen zait; txirrindularitza, behintzat, ez dut alboratuko.
Txirrindularitzaz aritu zara luze, baina arraunzalea ere bazara. Estropadak ikustera joaten zara?
Zumaiarra naiz! Zumaiarra izanda, derrigorrezkoa da. Zumaiak oso urte onak izan zituen 1980ko hamarkadan. Eta, kasualitatez, kuadrillako mutilak ziren arraunean zebiltzanak. Senarra ere sanjuandarra da, haren kuadrilla osoa ere arraunlaria izan da, eta arrauna ere barruan daramat. Kolore gorria!
Gelditzen zaizu ametsik betetzeko?
Bai; beti esaten nuen bat: ilobaren garaipenen bat kontatzea. Eta, gero, dudarik gabe, euskal selekzio ofizialaren partida bat edo zerbait kontatu ahal izatea. Bueno, jada, kontatu gabe ere, ezagutzea. Espero dezagun amets hori ondorengoek egia bihurtuta ikustea.