Repsol gidako eguzkiak banatu dituzte gaur Donostian, Viktoria Eugenia antzokian. Hiru jatetxeri eman diete hirugarren eguzkia: Elkanori (Getaria, Gipuzkoa), Alkimiari (Bartzelona) eta Miramarri (Girona). Elkano jatetxea Aitor Arregik zuzentzen du, eta haren aita Pedro Arregik zabaldu zuen 1964. urtean. Arranparrillan prestatzen dituen arrainengatik da ezaguna (bereziki, erreboiloa).
Jasangarritasunaren eguzkia Eneko Atxa sukaldariari eman diote. Saria jasotzean, Atxak zera esan du: «Jasangarria izan nahi dut gaurkoa bezalako egun gehiago egotea nahi dudalako».
Hego Euskal Herriko jatetxe hauek lehen eguzkia jaso dute: Kromatiko (Gasteiz), Garena (Dima, Bizkaia), Tubal (Tafalla, Nafarroa), Aitor Rauleaga (Bilbo), Amelia (Donostia), Hika (Villabona, Gipuzkoa), Horma Ondo (Larrabetzu, Bizkaia) eta Ola Martin Berasategi (Bilbo).
Bi eguzki jaso dituzten jatetxeen artean ez da Euskal Herriko jatetxerik egon.
Gala Ander Gonzalezek eta Gabriela Uriartek aurkeztu dute (arratsaldero A bocados sukaldaritza saioa gidatzen dute ETB2n). Carlos Latre imitatzaileak umorea jarri du.