Gasteizek badu hiriko kaleetako kaosetik ihes egiteko modu bat: Santa Isabel hilerrira sartzea. Atea gurutzatu orduko, isiltasun trinko batek hartzen du dena; hiriaren zarata horma zaharren beste aldean geratzen da. Orduantxe hasten da benetako bisita: bide estuen artean nekroturistak eta senideak gurutzatzen dira. XIX. mendearen hasieran sortu zuten Gasteizko Santa Isabel hilerria, tifusaren epidemia latzek eragindako ehorzte masiboek hiria hilerri duin bat egitera behartu zutenean. Orduko altzifreak oraindik zutik dira, haizeari tinko eutsiz; haien itzal luzeek eta denborak higatutako hil-eskulturek belaunaldien oroitzapen isila gordetzen dute.
Gasteizko Udalak bisita gidatuak eskaintzen jarraitzen du, baina bisitarientzat tresna digital berria jarri du martxan: aplikazio bat, Santa Isabel hilerrian eta Salbatzailearen hilerrian ehortzitakoen hobiak «modu erraz eta bisualean aurkitzeko». Bisitariek beren hurkoak segundo gutxian aurki ditzakete, «modu intuitibo eta errespetuzkoan». Horretarako, 1850etik aurrerako 144.000 erregistro digitalizatu dituzte. Hilerrien sarrerako QR kodeetan hasten da bidaia.

Santa Isabel hilerriko QR kodea eskaneatu bezain pronto, informazio fitxa bat agertu zaio bisitariari: Manuel Iradier (1854–1911) esploratzailearen datuak. Kale edo etxadiaren izena, letra eta zenbakia, heriotza data, eta barruko kokapen zehatza erakusten ditu fitxak. Bilaketan izen bereko beste batzuk ere azaldu zaizkio, ordea, baina heriotza data sartuta, mapa interaktiboak markatutako bideari jarraitu besterik ez du.

Bisitariari ez zaio zaila egin Iradierren hobia aurkitzea. Bigarren bilaketan, baina, alferrik saiatu da Joaquina Lopez de Madariaga poeta eta antzerkigilea aurkitzen (1813–1876): ez da ezer agertu. Eta ez da salbuespena; hala berretsi du Marta Extramina idazle eta Santa Isabel hilerriko gidariak: «Egia da batzuk ez direla agertzen, edo datuak ez direla osoak; eskuz, lumaz, idatzitako artxiboetan gordetzen baita informazio asko». Hala ere, aplikazioa txalotu du: «Oso egokia iruditzen zait planoan kokapena erakustea; nik 'San Marcos 18' entzunda badakit non dagoen, baina bisitari arruntari asko errazten dio lana aplikazioak».

Beste muga batzuk ere baditu aplikazioak: grafiak dira arazo ohikoenetako bat. «Iradier I-rekin edo Y-rekin den, Esquivel B-rekin edo V-rekin den... Sistemak ez ditu bilaketa malguak egiten, eta batzuetan ez du emaitzarik aurkitzen», azaldu du Extraminak. Eta denborak, bere lan isila eginez, aztarna utzi du hilerrian ere: panteoi zaharrenen parte bat desagertuta dago, eta horien kokapena «informatikarien esku» egongo da.
Santa Isabelen modernizazioa eta hilerri klasikoen atmosfera berezia batu ditu udalak. Ate nagusia berriz gurutzatzean, bisitaria kaleko kaosean murgildu da berriro: autoen klaxonen oihartzuna, jendearen presa, telefono deiak... Baina barruan bizitako lasaitasunak hor jarraitzen du. Hilerriek badute halako zerbait: norberaren sinesmenetik harago eta tristura hutsetik urrun, isiltasunean, ez daudenekin konektatzen laguntzen duten lekuak dira.