Turismoaren gorakadaren ondorioetako bat dira Freetours gisa ezagutzen diren gidak. Euskal Herrian horien egoera zertan den ezagutzeko, erreportaje zabal bat argitaratuko du bihar BERRIAK Bizigiro atalean. Autonomoak dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aritzen diren gida turistiko profesionalak. Nafarroan, enpresak erregistratu behar izaten dituzte. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan derrigorrezkoa da zenbait baldintza betetzea gida profesional gisa jarduteko.
Bizigiro atalean, era berean, bestelako edukiak landuko dituzte biharko zenbakian. Elikadurari lotutako informazioari dagokionez, Martin Berastegiren Bilboko OLA jatetxeari buruzko erreportajea argitaratuko dute. Bertan, bezeroek jartzen diote prezioa menuari.
Asteburuko proposamenen artean, Tuterako (Nafarroa) Inverdura ekimenaren berri emango dute. 'Aralar artzain eta jentilak' liburuaren nondik norakoak azalduko dituzte. Eta zinemari eskainitako atalean, Jennifer Lee eta Chris Buck zuzendarien Frozen II animaziozko filma izango da protagonista.