Gidabaimenak uda usaina du

Abuztuan ere azterketak egiten dira autoeskoletan. Ikasleen pilaketak izaten dituzte: aztertzaile kopurua urria da, eta matrikulazio uholdea, aldiz, handia.

Autoeskolako ikaslea eta irakaslea, auto barruan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Igone Urtaza
2023ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Autoa askatasuna, independentzia eta heldutasuna da askorentzat. Hori diote, behintzat, autoak saltzeko egiten dituzten publizitate kanpainek. Horretarako, ordea, gidabaimena izan behar da, eta ikasleek udako oporrak aprobetxatu ohi dituzte hura eskuratzeko. Joxean Bengoetxeak, Bengoetxea autoeskolaren jabe eta Gipuzkoako Autoeskolen Elkarteko (GAE) lehendakariak, gurasoak izan ohi ditu bulegoan maiatzean: «Seme-alabek ikasketak bukatu ditzaten itxaroten dute guraso askok. Askotan, selektibitatea amaitu osteko oparia izaten da gidabaimena».

Eva Arias Amezti autoeskolako gerenteak ere «selektibitate osteko uholdeak» sumatzen ditu: «Ekainean, berrehun bat matrikulazio izan genituen, gutxi gorabehera. Abuztura iritsi, eta matrikulazio gutxiago izango dira, ziurrenik».

Toñi Gomariz Bilboko Amezti autoeskolako irakasleak ezjakintasunaren ondoriotzat jo du abuztuan matrikulazioak apaltzea: «Ikasleek uste dute DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzak ez dituela azterketak egiten, eta horregatik jaisten dira matrikulazioak abuztuan. Baina ez da horrela. Gaur egun, abuztuan ere izaten dira azterketak».

Pandemia aurreko urteetan,autoeskola gehienak itxi egiten zituzten abuztuan. «Ez zuen zentzurik abuztuan eskolak emateak: ikasleek ez zuten aukerarik azterketara aurkezteko», azaldu du Ariasek.

Aztertzaile kopurua

Espainiako Trafiko Zuzendaritzak probintziaren arabera zehazten du zenbat azterketa egiten diren, eta zenbatean behin. Aztertzaile kopurua, bestalde, biztanleriaren araberakoa izan ohi da. Probintzia batzuetan, ezarritako aztertzaile kopurua nahikoa da ikasleak egoki aztertzeko, baina beste hainbatetan ez.

Asko dira azterketa egin nahi eta ezin duten ikasleak; zenbait lekutan, pilaketak ere sortzen dira. Bengoetxearen hitzetan, aztertzaileek udako lan itunak dituztenez, pilaketa horiek areagotu egiten dira udan; baina ez beti, eta ez leku guztietan.

«Bizkaian ez zaigu hori gertatzen», adierazi du Gomarizek, Ameztiko irakasleak. «Urtean zehar egokitzen zaigun aztertzaile kopuruarekin, astero eramaten ditugu ikasleak azterketara. Abuztua da salbuespena». Orduan, lehen bi asteetan izaten dituzte azterketak. Bengoetxeak azaldu duenez, Gipuzkoan ohikoak dira udako pilaketak; sei aztertzaile finko daude, eta bakoitzak, gehienez, hamabi ikasle hartzen ditu egunean. «Gipuzkoan 4.000 pertsona inguru daude itxaron zerrendetan».

Bengoetxea autoeskolako buruaren hitzetan, otsailean, martxoan eta apirilean izaten diren matrikulazioak udan izaten direnen %30 besterik ez dira. Arazo hori ikusita, Bengoetxeari «ulergaitza» egiten zaio Espainiako Trafiko Zuzendaritzaren jarrera: «Aurreikuspen bat egiten saiatzen naiz udako liburuak eskatzeko. Ondo atera liteke, edo ez. Baina DGTk ez du hipotesirik egin behar: datuak ditu!». Espainiako Trafiko Zuzendaritzaren zerbitzuak jasotzeko, tasa batzuk ordaindu behar izaten dira. Tasahoriek udan gidabaimena ateratzen ari diren ikasleen kopurua zehazten dute. Bengoetxea autoeskolaren jabearentzat, DGTk errefortzuak eskatu beharko lituzke pilaketarik izan ez dadin: «Datu horiek izanda, Espainiako Trafiko Zuzendaritzak hamar bat aztertzaile gehiago bidali beharko lituzke».

Gidabaimena udan atera nahi izateak desabantailak eta abantailak ditu. Horietako bat denbora da; Ariasentzat, abantailarik «pisuzkoena».«Prestaketarako denbora gehiago dutenez, lasaiago daude». Gomariz irakasleak aipatutako «hiri hutsak» ere badira udako abantaila. Azaldutakoaren arabera, udan jendea oporretara joaten denez, Bilbo eta haren pareko hiri handiak hutsik geratzen dira. Hori dela eta, gidari berriek aukera dute lasaitasun handiagoz ikasteko.

Amezti autoeskolako irakaslearentzat, ordea, urtaro bat ez da besteak baino hobea gidabaimena ateratzeko:«Urtaro guztiek dituzte bere alde onak eta txarrak. Niretzat, 18 urte bete berritan atera beharko litzateke gidabaimena».

Frantziako Tourra ere udako desabantaila bilakatu zitekeen. Ariasek, ordea, azaldu du ahalik eta hobekien bideratzen saiatu zirela. Irakasleek Ingeniaritza Fakultatea dagoen kale berean jasotzen dituzte ikasleak. Frantziako Tourra zela eta, kalea itxita egon zen. Ameztiko gerentearen hitzetan, ehunka dei egin behar izan zituzten ikasleei beste leku batean jasoko zituztela adierazteko: «Tourra ahalik eta gehien saihesten saiatu gara. Ikasleek eskolarik galdu ez dezaten ahalegindu gara beti».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.