Gipuzkoa eta Nafarroa, berriro adiskide

Gipuzkoak eta Nafarroak muga egiten dute Irumugarrietan, Uli eta Ulizar mendien artean, Berastegiko eta Aresoko lurretan. Iraganeko liskarrak gaindituta, haien adiskidetzea irudikatuko du Urmugak Berastegin gaur, ikuskizun batekin.

Irumugarrietako mugarria, Nafarroa eta Gipuzkoa bereizten. JUAN IGNAZIO ELOSEGI
Irumugarrietako mugarria, Nafarroa eta Gipuzkoa bereizten. JUAN IGNAZIO ELOSEGI
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2025eko uztailaren 20a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal Herria bi estatutan eta hiru administraziotan banatuta dago gaur egun, eta banaketa hori ez da batere berria. Euskal lurren bereizketa politikoaren mugarri nagusi bat duela zortzi mendekoa da; hain zuzen ere, 1200. urtean Gaztelako Alfontso VIII.ak gaur egungo Gipuzkoa, Araba eta Durangaldea (Bizkaia) inbaditu zizkion Nafarroako Erresumari. Ordutik, Uli eta Ulizar mendien artean dago Gipuzkoaren eta Nafarroa Garaiaren arteko muga bat, Berastegi (Gipuzkoa), Lizartza (Gipuzkoa) eta Areso (Nafarroa) artean: bi erresumaren arteko muga hirurehun urtez, eta bi autonomia erkidegoren artekoa gaur egun.

ikusi gehiago

Hizkuntza, kultura eta ohitura berak izan arren —denak euskaldunak izan arren, alegia—, erresuma mugakideen arteko liskarrak asko izan ziren XIII. mendearen hasieratik XVI. mendera arte —Errege-erregina Katolikoek 1513an konkistatu zuten Nafarroa—: lapurretak, guduak, sorgin ehizak... Uli eta Ulizar ingurua nafarren eta gipuzkoarren arteko liskarren eta ika-miken lekuko izan da historian, eta handik oso hurbil, Berastegiko frontoiaren parean, sinatuko dute «bakea» gaur.

Urmuga Uli eta Ulizar mendien arteko Irumugarrieta gailurretik pasatuko da gaur, eta Ipuscoa 1.000 urte izeneko ikuskizun bat egingo du Berastegin; gailurrean egitekoak ziren, baina, eguraldiak behartuta, Berastegin egingo dute. Era artistiko batean irudikatuko dute Gipuzkoaren eta Nafarroaren berradiskidetzea. Ekitaldian bi aldeetako ordezkari politikoak izango dira: batetik, Iruñeko Udalekoak, Nafarroako Parlamentukoak eta Nafarroako beste udal batzuetakoak; eta, bestetik, Eusko Legebiltzarrekoak, Gipuzkoako Foru Aldundikoak, Batzar Nagusietakoak eta zenbait udaletakoak.

«Tartean egongo dira hainbat sinbolo, testu, historia, eta lotura hori irudikatuko da. Gauza oso ikusgarria izango da»

MIGEL ZEBERIOUrmugako zuzendari artistikoa

Bereizketa garai hartan izandako liskarrek epika bat sortu zuten gerora. Esaterako, duela hamarkada batzuk arte, Gipuzkoako armarriak «Nafarroari lapurtutako kanoiak» zituen. Epika hori dantza bidez ere irudikatu izan da; esaterako, Tolosako pordondantzan. Hortaz, dantza hori egingo dute Tolosako pordondantzariek eta Iruñeko Duguna dantza taldekoek, hainbat sinboloz inguratuta. Tolosako eta Iruñeko txistulariak ere izango dira oholtzan, eta baita Leitzako (Nafarroa) Jeiki eta Amasa-Villabonako (Gipuzkoa) Eresargi abesbatzak ere. Donostiako eta Iruñeko orfeoiekin, guztira 120 kantari izango dira. «Batzen gaituzten kantuak kantatuko ditugu: Gernikako arbola, adibidez», esan du Migel Zeberiok, Urmugaren zuzendari artistikoak.

Euskal Herri osoari

Et Incarnatus orkestraren abaroan arituko dira denak. Baigorriko (Nafarroa Beherea) eta Iruñeko udal gaiteroak ere han izango dira. «Aresoko Jaione Olazabalek eta haren familiak ere parte hartuko dute: Felipe Gorriti konpositorearen obra abestuko dute. XIX. mendeko konpositore garrantzitsuenetariko bat da, Tolosan aritutakoa. Bere jota bat abestuko dute, Xabier Amurizak jarritako letrarekin: Euskal Herri osoari eskainitako letra oso polit bat da», aurreratu du Zeberiok.

Leitzako Aurrera taldeko eta Bedaioko (Tolosa, Gipuzkoa) dantzariak ere izango dira, eta baita Aragoitik etorritako artistak ere. «XXI. mendean bizi garenez, gaur egungo ikuspuntutik beste sorkuntza bat ere egingo da; Jon Esnaolak egingo du. Momentu honetan boga-bogako konpositore gazte-gaztea da, eta obra eder hori dantzatuko du Amaia Elizaran dantzari garaikideak», adierazi du Zeberiok.

«Tartean egongo dira hainbat sinbolo, testu, historia, eta lotura hori irudikatuko da. Uste dut gauza oso ikusgarria izango dela», esan du Zeberiok.

Hasiera batean ikuskizuna egin behar zuten lekua, Irumugarrieta, ezin hobea da nafarren eta gipuzkoarren «adiskidetzea» irudikatzeko. Juan Ignazio Elosegi historialariak ondo ezagutzen ditu Uli eta Ulizar inguruan historian gertatutakoak, eta xehe-xehe ikertu ditu nafarren eta gipuzkoarren arteko harremanaren nondik norakoak. «1200eko konkistaren ondoren, iskanbila asko gertatu ziren inguru horretan alde batetik eta bestetik. Orduan, garai batzuetan nahikoa arazo egon ziren bi herrien artean», azaldu du.

Ganadu lapurretak

Nolako arazoak, baina? Bereziki, ganadu lapurreta ugari izan ziren XIII. mendearen erditik aurrera: gipuzkoarrek Nafarroan, eta nafarrek Gipuzkoan. «Merioak ziren polizia lanak egiten zituztenak, gaizkileak atxilotu eta lapurtutako ganaduak jabeei itzultzen zizkietenak. Nafarroan bost merindade zeuden, eta bakoitzak bere merioa zuen. Inguru honetara mendietako merioa etorri ohi zen», kontatu du Elosegik.

Lapurreta horiek ez ziren txikikeriak; ganadua berreskuratzera zenbat jende joaten zen ikustea besterik ez dago. Nafarroako Kontuen Ganberako agirietan agertzen denez, mendietako merioa berrehun lagunekin joan izan zen gipuzkoarrekin elkarrizketak edukitzera. Elkarrizketak, bai. Uli inguruan bilera asko egin zituzten bi aldeetako ordezkariek, ganadu lapurreten liskarrak konpondu eta bakea lortze aldera. «Ulin bertan elkartzen ziren, baina non zehazki? Zaila da jakitea, baina badago toponimo bat Batzarrain izenekoa, eta Batzarren ere bai; Gaztelu alderago, Solibatzarren. Orduan, pentsatzen da garai hartan egiten ziren batzar horietatik etor daitezkeela izen horiek, baina ez dago frogatzerik», azaldu du Elosegik.

«1200eko konkistaren ondoren, iskanbila asko gertatu ziren alde batetik eta bestetik. Garai batzuetan nahikoa arazo egon ziren bi herrien artean»

JUAN IGNAZIO ELOSEGIHistorialaria

Lapurretak gora, lapurretak behera, testuinguru horretan gertatu zen Beotibarko gudua, oraindik misterio ugariz josita dagoena. 1321ean gertatu zen, Gipuzkoako oinaztarren eta Nafarroako Erresumako armadaren artean —nafarrek frantsesen laguntza izan zuten—. Mitoak dio zortziehun gipuzkoar milaka nafarri gailendu zitzaizkiela. Horixe: mitoak. «Orduan, zer gertatu zen? Ba, azkeneko adituek esaten dutena hau da: Nafarroako merioak askotan etorri ziren Gipuzkoa aldera lapurren atzetik eta ganadua berreskuratzera, eta zerbait garrantzitsuagoa antolatzea erabaki zuten. Haien asmoa Larreako jaunaren bila joatea zela dirudi», azaldu du Elosegik.

Larreako jauna Gil Lopez Oinazkoa zen, oinaztar jauntxo bat, eta uste da —eta zuten— lapurreta horien atzean egon zitekeela. Lur hartzen lagundu du Elosegik: «Behintzat argi dago edozein lapurren atzetik joatea baino zerbait garrantzitsuagoa izan zela, eta Nafarroako jende garrantzitsua hil zela. Historia liburuetan esaten dutena baino gutxiago, baina nahiko garrantzitsua izan zen. Baina historia ez dago oso argi».

Sorginen ehiza

Sorgintzat jotzen ziren emakumeak «ehizatzen» aritu ziren, gainera, garai hartan Europa osoan. Euskal Herrian ere bai, eta Ulik izan zuen zeresana. Aresoko Catalina izeneko neska bati sorgin izatea leporatu zioten, eta hark aitortu zuen beste 56 lagun ere hala zirela. Uliko koban biltzen zirela eman zion aditzera Inkisizioari, Elosegiren esanetan: «Orduan, koba ikuskatzera joan ziren. Sartu ziren, eta gela txiki bateraino iritsi ziren. Catalinak esan zien gela handi bat bazegoela, eta beste espedizio bat etorri zen Ulira. Meatzariak kontratatu zituzten —Leitzaranen garai hartan asko zeuden—, haiek zekitelako zuloetan sartzen. Sartu ziren zuloan, iritsi ziren lehen topatu zuten gelara, eta hura gainditu, jarraitu zuten, eta areto handi bat topatu zuten, hirurehun lagun kabitzeko modukoa. Egun hori garrantzitsua izan zen, Leitzako kontuetan agertzen delako zenbat kosta zen egun horretako bazkaria: berrogei lagunentzat izan zen».

ULIKO KOBA
Uliko koba, gaur egun. JUAN IGNAZIO ELOSEGI

Koba horrek mende batzuk aurrerago izan zuen zeresana. Karlistaldietan tradizionalismoa eta liberalismoa aurrez aurre aritu ziren borrokan, eta horren aurrekaria Konbentzioaren Gerra izan zen. «Dokumentu zehatz bat aztertu dut, eta hor esaten du Uligorosen —hau da, Irumugarrietan— paisanoak frantsesei aurre egiten aritu zirela. Frantsesak Tolosa aldetik zetozen, eta lortu zuten haiek ez pasatzea, zortzi orduko tiroketa baten ondoren. Gainera, badakigu Areson sartu zirela eta etxe asko erre zituztela. Areson tradizio hau dago: Ulizarreko koban frantsesak egon zirela, eta, etsaiek ez aprobetxatzeko, leherketa bat egin zutela». Inguru hartan koba bakarra ezagutzen dute gaur egun; orain dela 2.500 urte inguruko zeramikazko ontzi bat aurkitu dute bertan. Lurrez estalita dago sarrera, ordea, «eta ezin da jakin ea gela handi hura hor ote dagoen ala ez».

Konbentzioaren Gerraren ostean Lehen Gerra Karlista etorri zen, eta, hura bukatzean, Gipuzkoako Foru Aldundiak polizia talde bat sortu zuen: mikeleteak. «Zergak jasotzea zen haien funtzioa mikelete etxeak zeuden lekuetan», argitu du Elosegik. «Puntu estrategikoetan egoten ziren; Ulin, adibidez, Aresoko mugaren alboan. XIX. mendearen bukaeran eraiki zuten Uliko mikeleteen etxea, eta 1936ko gerrara arte han egon zen».

ULIKO MIKELETE ETXEA
Uliko mikelete etxea, 1897an. P. ELOSEGI ANTSOLA

Finean, pasabide bat izan da Uli eta Ulizar artekoa —errege bidea ere bai—, eta nafarren eta gipuzkoarren arteko harreman onen lekuko ere bai, noski. Elosegi Berastegin bizi da, eta hori berretsi du: «Harremana oso ona da. Leitzako merkatua izaten denean, Berastegiko jende asko joaten da, eta elkarren arteko ezkontza asko dago. Eta berdin Areson: Aresoko lau ahizpa Berastegin ezkonduak daude».

Beraz, gipuzkoarren eta nafarren adiskidetzea irudikatu ez ezik, gaur egun duten adiskidetasuna ospatzeko balioko du Urmugak gaur egingo duen ikuskizun handiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.