Historia kontatu egiten da, idatzi, interpretatu, gogoratu, ahaztu... eta ukitu ere bai. Ondare materiala ezinbestekoa da iragana ondo ezagutzeko, eta, ondorioz, ulertzeko. Ondare hori, baina, ondo gorde behar da, babestu egin behar da, zaindu: kontserbatu eta zaharberritu. Euskal Herrian erakunde eta profesional askok dute horren ardura, eta Gipuzkoan, zehazki, Gordailua —Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa— arduratzen da lan hori dena egiteaz. Eta ez da lan makala.
Irunen dute egoitza. Hor sartuta, bukaerarik gabeko korridoreak daude, eta elementuak, denetarikoak: Gipuzkoako ahaldun nagusiaren 1848ko aginte makila, XX. mendeko Sancheski etxearen skateboard bat, elizetako santuen Erdi Aroko eskultura osoak... Aurten, hain justu, garrantzi berezia dute biltegi erraldoi horretan gordetako elementuek, mila urte bete baitira Gipuzkoa lehen aldiz idatziz aipatu zutenetik.
Historiari neurria jartzen baitzaio beti; 1025etik 2025era mila urte pasatu izana eta hura gogoratzea da neurri bat. Historia ezagutzeko beste neurri batzuk ere badaude, ordea. Adibidez, Gordailuko milaka elementuetako zazpi aukeratu, soilik zazpi, eta mende ugaritako historia kontatzea. Ariketa hori egin dute Gordailukoek, eta Gipuzkoaren historia bat kontatu dute zazpi objekturen bidez.
Torreko hezurra

«Hau arkeologiako biltegia da», esanez egin du ongietorria Pia Alkain Gordailuko arkeologoak. Hozkailu bat ireki du, eta handik kutxa handi bat atera. Hura ireki, eta beste kutxa bat atera du. Ireki, eta plastikoz ondo bildutako hezur bat. Ez, ez da magia ikuskizun bat: kontserbazioa da. «Ezin da kontaktuan egon paperarekin, haren azidoak kalte egin diezaiokeelako. Kasu honetan, ezin du hezetasun oso baxua eduki: bestela, hezurra irekitzen da eta lehortzen da», azaldu du. Ez da edozein hezur: Torreko hezurra da.
1966an aurkitu zuten zanga hegaztiaren hezur hori, Oiartzungo (Gipuzkoa) Torre baserriaren ondoko leize batean. «Ez da ondo ikusten, baina arretaz begiratu. Ehizako eszena bat dauka grabatuta. Paleolitokoa da: 15.000 urte ditu gutxi gorabehera». Askoz informazio gehiago, baina, ez dago: ez dira gai jakiteko zertarako balio zuen hezur horrek. Informazio faltak ere jartzen dio neurria historiari; edozein kasutan, ezin da neurtu hezur horrek eta haren grabatuek gaur arte iraun izanaren garrantzia.
Higerreko ezarkinak

Alkainek beste kutxa bat ireki du, eta metalezko lau pieza atera ditu: «Hau Marte da, hori Minerva, eta haiek, Eguzkia eta Ilargia». Metalezko ezarkin horiek duela 2.000 urtekoak dira, eta ez zeuden kutxa baten barruan, haren kanpoan baizik. «Dekoratiboak dira. Punta txiki batzuekin, egurrezko kofre bat apaintzeko erabiltzen zutela pentsatzen dugu. Sinesmenekin lotuta daude. Nahiko bereziak dira. Kutxaren barruan pitxer bat zegoen, edalontzi batzuk...».
Erromatar garaiko lau jainko-jainkosa haiek babesten zuten, beraz, egurrezko kutxa hura. I. mendekoak dira, eta ur azpian eutsi diote 2.000 urteko joan-etorriari, harik eta 1980ko hamarkadan Higerreko lurmutur inguruan aurkitu zituzten arte, Hondarribian (Gipuzkoa). Euskal Herrian erromatarrak egon zirelako beste froga bat, ur azpian, eta, nola ez, Bidasoa eskualdean.
Ezti ontzia
«Hau ikusi gabe ezin zarete beheko solairura jaitsi». Korridore batean desagertu da Alkain, eta beste altxor bat besoetan duela itzuli. «Ez da hain zaharra, baina berezia da. XV. edo XVI. mendekoa da, Hondarribikoa. Altxor bat da». Sukaldeko ontzi bat erakutsi du, egurrezkoa, eta forma berezia du: ertzetan sakonera dauka. «Postreak edo ogia egiteko erabiliko zuten. Inguruan daukanak horrelako forma dauka han ura jartzen zutelako, txindurriak ez sartzeko».
Hondarribiko kultur etxe berria egiten hasi aurreko indusketa arkeologikoan aurkitu zuten. Egiari zor, «nik aurkitu nuen!», esan du Alkainek. «20 urte egon naiz arkeologia munduan, eta denetik aurkitu dut. Urte asko pasatu nituen material organikoak ikertzen. Materia organikoa usteldu egiten da, eta honek 500 urte ditu eta osorik dago. Putzu beltz batean zegoen, eta ia %100eko hezetasuna eduki izana da gakoa».
Donostiako tinak

Alkainek bizitzan egin zuen lehen indusketa arkeologikoan aurkitutakoak ere erakutsi ditu: Donostiako Bretxa merkatuaren azpialdean 1998an aurkitutako tinak. Antzekoak aurkitu zituzten San Lorenzo kaleko etxe batean igogailu bat jartzeko egin zituzten lanetan. Lur azpian babestuta, XV. mende inguruko tina haiek eutsi egin zioten Donostiak XIX. mendean jasan zuen suteari, setioari eta berreraikuntzari, adibidez. «Balea koipea biltzen zuten, eta Andaluzian egindakoak ziren ziurrenik. Han tina industria izugarria zeukaten. Etortzen ziren hona, eta lur azpian tinaren hiru laurden-edo geratzen ziren, eta goikoa ikusten zen bakarrik. Balea koipearekin betetzen zuten, eta jendea, bere pitxer batekin, joaten zen erostera. Biltegiratzeko zen, saltzeko; ez zen etxe batekoa».
Izan ere, baleak arrantzatzen iaioak ziren gipuzkoarrak garai hartan —San Juan baleontziaren garaian, hain zuzen ere—, eta industria oso bat zegoen haren bueltan, baita merkataritza ere, noski. «Balea koipea oso garrantzitsua izan zen, gehienbat argia emateko. Badirudi argiak ez duela kea ateratzen». Hiri bereko Sarriegi plazaren azpian ere aurkitu zituzten beste tina batzuk, kilometro koadro berean... «Lur azpi guztiak irekiko bagenitu, halako beste bi gordailu oso beharko genituzke!».
Pirinioetako bakea

Arkeologia biltegia atzean utzita, etnografiaren eremuan murgildu da bisitaria, Xabier Kerexeta Gordailuko zuzendaria eta Asier Agirresarobe etnografia teknikaria lagun. Armairu fin ugari daude, eta horietako bat zabaldu du Agirresarobek: «Armairu hauek giltzak edo orraziak dira. 19-21 gradutan daude gordeta koadroak». Ireki duen orrazian dozena erdi pasatxo koadro daude zintzilik, baina horietako bat nabarmendu du Kerexetak: «Hauxe, hauxe da Pirinioetako Bakearen koadroa!».
Zer izan zen, bada, Pirinioetako Bakea? Hondarribiko ezti ontzia eta Donostiako tinak egin zituzten garai berean, 1659an, Bidasoa ibaiko Faisaien Uhartean sinatutako hitzarmen bat. Irun eta Hendaia arteko mugan bakea sinatu zuten Espainiako eta Frantziako erregeek, Hogeita Hamar Urteko Gerran hasitako gatazka amaitzeko xedez. «Pirinioetako bakean ezkontza bat adostu zuten: Luis XIV.ena bere lehengusinarekin ezkondu zen. Bakea sinatu zuten horrela», azaldu du Kerexetak.
Hala ere, nabarmentzekoa da Gipuzkoaren eta Lapurdiren arteko muga zehaztu zutela, gaur egungoa: «Jurisdikzioa iristen zen marea goraino zegoen tokira, eta gero erabaki zuten erdian egongo zela: ibaiaren erdia zela muga. Padura zenean, artasoroak jartzeko okupatzen hasi ziren, eta Hendaiak garrantzi handia hartu zuen». «Hala ere, mugarriak ez zituzten jarri XIX. mendera arte», erantsi du Agirresarobek.
Koadroaren garrantzi historikotik harago, etnografiaren eta geografiaren ikuspegitik nabarmendu du Kerexetak. «Hendaia, Jaizkibel, Behobia —behorren ibia; behorrak ikusten dira marraztuta—, Faisaien Uhartean konferentzia... Helburua zen erakustea frantsesen aldetik nolako gortea etorri zen. Niretzat, berriz, askoz garrantzitsuagoa da, ikusten delako zenbat irabazi zitzaion ibaiari; artasoroak egiten hasi ziren. Irun eta Hondarribia artean ura sartzen zen Urdanibiaraino, ikusi!», kontatu du Kerexetak koadroa seinalatuz. Argi dago, beraz, mugak —naturalak ere bai— erabaki egiten direla.
Argizaiolak

Beste areto batera jo dute. «Hemen daude sinesmenekin lotutako objektuak. Kapera txikiak, argizaiolak, kandelak jartzeko euskarriak, santuen eskulturak... Argizaiola asko daude. Kuriosoa dirudi, baina zaharrenak antropomorfoak dira. Giza forma dute», azaldu du Agirresarobek. Hildako senideen omenez pizten ziren kandelak eta haiei eusten dieten egurrak dira argizaiolak; Amezketa (Gipuzkoa) da ohiturari eutsi dion leku bakarrenetarikoa. Usadio zahar-zaharra badirudi ere, XVIII. mendekoak dira Gordailuan dituzten argizaiolik zaharrenak.
Eta ez da Euskal Herriko kontu bat soilik, Kerexetak azaldu duenez: «Kandela piztearena toki askotan egin da, formatu oso desberdinetan. Guadalajaran eta Avilan, adibidez, antzekoak egon dira. Amezketan geratu da, baina desagertzen ari ziren. Kandelak jartzen segitzen dute, ordea. Formak oso desberdinak izan daitezke, baina beti gauza beraren inguruan: hilen argia irudikatzea».
Leizaolaren lehorgailua

Denboran bidaia eginda, XX. mendera iritsi dira etnografoak. Bergarako (Gipuzkoa) Ibili enpresan egindako lehorgailu bat dute gordea, Soraluzeko (Gipuzkoa) farmazia bateko baskula, Berckel markako balantza bat, Irungo Cesar ile apaindegiko eserlekuak... Ez dirudite Gordailuan gordetzeko modukoak... edo bai? «Etnografiaz hitz egitean ematen du oso atzera joan behar dugula, baina azken urteotan ari gara 1960ko eta 1970eko objektuak jasotzen. Orain arte ez da plastikorik jaso, eta orain ari gara plastikozko objektuak biltzen. Bide batez, plastikoa ez da oso ondo kontserbatzen», azaldu du Agirresarobek.
Lehorgailua, hain justu, Fermin Leizaola etnologo ezagunaren etxekoa zen. Bizitza osoa pasatu zuen interes etnografikoa zuten objektuak gordetzen, eta 3.000 baino gehiago eman zizkion dohaintzan Gordailuari. Tartean bere etxeko etxetresna elektrikoak ere bazeuden, XX. mendeko industrializazioaren erakusgarri. Izan ere, asko dira gordetzea eta zaintzea merezi duten gauzak. Ondo zekien hori Leizaolak.