Martxoan eman zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak markaren berri, eta EH Bilduren galdera bati erantzun dio orain Denis Itxaso Gipuzkoako Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol diputatuak. Koalizio subiranistak diputazioari galdetu zion zergatik ez den ageri Gipuzkoa "Euskal Herriaren lurralde bat" dela.
Itxasok azaldu du Gipuzkoa bera ez dela aipatzen irudi berrian, "publizitate komunikazioan leloek eta markek indarra galtzen dutelako azalpenak gehitzen diren heinean". Ez da Gipuzkoa aipatzen, "ezta Euskadi, Euskal Herria, Espainia edo Europa" ere, Itxasok azpimarratu duenez.
Marka horren bidez, EAJk eta PSEk osatutako aldundiak Donostiaren "ospea baliatu" nahi izan du "bisitak lurralde osoan banatzeko". "Aipatu gabe Gipuzkoa gogoratzen da", Itxasoren esanetan: "San Sebastian markaren ezagutzak eta helmuga turistiko gisa Gipuzkoaren ezagutzarik ezak justifikatzen du San Sebastian toponimoa erabiltzea".
Gogorarazi du aurreko leloan ere(Visit Gipuzkoa) ez zitzaiola Euskal Herriari erreferentziarik egiten, eta gaineratu kanpo sustapena Basque Country markaren aterkipean egiten dutela.