Berastegiko frontoiaren parean sinatu dute «bakea» Gipuzkoak eta Nafarroak. Uli eta Ulizar mendien arteko Irumugarrieta gailurretik pasatu da Urmuga gaur, eta Ipuscoa 1.000 urte izeneko ikuskizuna egin dute Berastegin, ekinaldiko ekitaldirik handiena. Gailurrean egitekoak ziren, baina, eguraldiak behartuta, herrigunean egin dute. Zerua gris egon da, baina ez du euririk egin, eta pilotalekuaren parean muntatutako karpa handi batean irudikatu dute Gipuzkoaren eta Nafarroaren berradiskidetzea, era artistiko batean.
Ekitaldian bi aldeetako ordezkari politikoak izan dira: batetik, Iruñeko Udalekoak, Nafarroako Parlamentukoak eta Nafarroako beste udal batzuetakoak; eta, bestetik, Eusko Legebiltzarrekoak, Gipuzkoako Foru Aldundikoak, Batzar Nagusietakoak eta zenbait udaletakoak. Han izan dira, besteak beste, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Unai Uhalde Nafarroako Legebiltzarreko lehendakaria eta Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria.
Gaztelako Alfontso VIII.ak gaur egungo Gipuzkoa, Araba eta Durangaldea (Bizkaia) inbaditu zizkion Nafarroako Erresumari 1200. urtean. Ordutik, Uli eta Ulizar mendien artean dago Gipuzkoaren eta Nafarroa Garaiaren arteko mugetako bat, Berastegi (Gipuzkoa), Lizartza (Gipuzkoa) eta Areso (Nafarroa) artean: bi erresumaren arteko muga izana hirurehun urtez, eta bi autonomia erkidegoren artekoa gaur egun.
Erresuma mugakideen arteko liskar ugari izan ziren XIII. mendearen hasieratik XVI. mendera arte, eta gaur sinatu dute bakea. Txistulariz eta dantzariz lagunduta, herriko toki banatatik abiatu dira alde bateko eta besteko ordezkariak, eta frontoiaren parean egin dute bat. Orduan, bi ordezkaritzak elkarrekin igaro dira dantzariek osatutako zubipetik.
Ikusi gehiago
Ordezkari politikoen hitzaldiak amaitutakoan ekin diote Ipuskoa 1025-2025 ikuskizunari. Denetarik izan du: dantzariak, txistulariak, orkestra, abesbatza, gaiteroak... dozena bat abestiz eta dantzaz osatu dute ordubete pasatxo iraun duen ikuskizun handia.
Gaurkoa izan da aurtengo Urmugako ekitaldi nagusia. Mendi ibilaldiak eta kultura uztartzen dituen ekimena uztailaren 11n hasi zen, eta hilaren 31ra arte ibiliko da herriz herri. Hemen ikus daiteke egutegia osorik.